AEK-ko irakaslea

Aitor Fernandez de Martikorena: «Umorea ezinbestekoa da herri ekintzak antolatzeko»

Joan den larunbatean egin zuten Sopelako Esaera Zaharren 31. Txapelketa. Haren historia bildu du Fernandez de Martikorenak liburu batean. Ideia «xume» batetik jaio zen arren, herrikoentzat «urteroko tradizio» bihurtu da lehiaketa.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk. Lelo horren pean aritu dira iragan asteburuan Sopelako Esaera Zaharren Txapelketako parte hartzaileak. Atsotitzak eta bertsoak uztartzen ditu lehiaketak, eta 31. urteurrena bete du aurten. Sopeloztarren kabia ez da inoiz hutsik geratu, eta antolaketa lanetan urte luzez aritu direnei zor diete hori. Aitor Fernandez de Martikorena AEK-ko irakasleak (Bilbo, 1970) 27 urte daramatza txapelketa antolatzen duen taldean, eta, bizitakoa gordetzeko, liburu bat idatzi du: Sopelako esaera zaharren txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri ekintzak. Haren esanetan, «delegatzea eta koordinazioa» dira herri ekintzak betikotzeko giltzak. 

Joan den larunbatean izan zen Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa. Ohitura bihurtu da herrian, baina zelakoa izan zen proiektuaren lehen urratsa? 

Lehendabiziko aldia bat-batean sortu zen. 1992an Uribe Kostako AEK-ko bi euskara irakasleri, Josu Landetari eta Gabi Basañezi, bururatu zitzaien euren taldeen arteko lehia bat egitea. Biak ala biak bertsozaleak eta esaera zaharren zaleak ziren. Irakasleek bertso batzuk asmatzea eta ikasleek bertso horietan agertzen ziren esaera zaharrak identifikatzea zen ideia. Ikasleek, taldeka, herriko tabernetara joan behar zuten, bertsoa eskatu eta kantatu behar zuten, eta bertan agertzen zela uste zuten esaera zaharra orri batean idatzi. Gero, zenbait tabernatatik igaro ostean, erantzunak epaileei eman behar zizkieten. Afaria ere egin zuten, jakina, Euskal Herrian gaude eta. Bi irakasleren ekimenari esker sortutako ideia xumea zen. 

Ondoren, ideia sopeloztarrek berreskuratu zuten. 

Handik hiru urtera izan zen hori, 1995ean. Sopelako ikastolan zortzi talde bildu zituzten, lau euskaltegikoak eta lau ikastolakoak. Hurrengo urtean formatu berri bat abiatu zuten: herrian tabernaz taberna lehiatzen hasi ziren. Urte horretan joan nintzen ni lehen aldiz. Leioako AEKn nenbilen irakasle lanetan, eta gure euskaltegitik hiru talde joan ginen. 1999. urtean hasi nintzen txapelketa antolatzen, Gabi Basañezek AEKn zuen postua utzi zuenean. Geroztik hor ibili naiz antolaketa taldean. 

Hasiera xumea izan zuen, baina asko handitu da azken urteotan. Zergatik mantendu da esaerekin jolasteko gogo hori?

Ez dakit. Osagai asko ditu arrakastatsua izateko. Lehia da osagaietako bat, hori polita baita. Gainera, parte hartzeko memoria eta entzumen fina baino ez dira behar; 16 urte baino gehiago dituen edonork parte har dezake, jolasteko gogoa badu. Giro ona egoten da, musikariak eta bertsolariak ere bai, eta umorea izaten da nagusi. Batzuentzat urteroko tradizio bilakatu da, eta beterano ugari egoten dira. Masokismo puntu bat ere badago, ehun esaera ikasi behar direlako. 

Aurten ere arrakasta handia izan du lehiaketak. 

Nik balorazio positiboa egiten dut. Hala ere, kontu batzuk antolatzeko zailak izaten dira; adibidez, ehun lagun baino gehiagorentzako bazkaria prestatzea edo taldeek egin behar dituzten ibilbideak antolatzea. Bost ibilbide daude, eta lau tabernatatik igarotzen da ibilbide bakoitza. Urtero-urtero ez da lortzen, baina aurten oso giro ona izan da. Ez dut esango bikaina izan denik, ez baitakit bikaintasuna existitzen den edo ez. 

«Lehiaketan parte hartzeko memoria eta entzumen fina baino ez dira behar; 16 urte baino gehiago dituen edonork parte har dezake, jolasteko gogoa badu»

Lehiaketaren 30 urteen nondik norakoak biltzen dituen liburu bat idatzi duzu. Tituluaren bigarren atalak honako hau dio: «edo nola (ez) antolatu herri ekintzak». 

Izen hori aukeratu nuen argi utzi nahi nuelako liburuak umore tonua zuela. Lehiaketa nola antolatu dugun kontatu nahi nuen, baina, aldi berean, dena ez dela perfektua ikusarazi nahi nuen. Marketin aldetik ere erakargarria zela iruditzen zitzaidan. 

Orduan, zein da herri ekintzak antolatzeko gakoa? 

Garrantzitsuena jendea prest egotea da. Urte batzuetan hiruzpalau ibili izan gara, baina oso nekeza da, eta, azkenean, zama gehitzen diozu jende horri, eta kosta egiten da aurrera egitea. Lortu arren, aukera handia dago jendea erretzeko eta nekatzeko. Aurten bost edo sei ibili gara antolaketa lanetan, eta kopuru polita da. Lanak banatu behar dira, ezinezkoa baita pertsona bakar batek dena egitea, eta, batez ere, ondo egitea. Delegatzea eta koordinazioa giltza garrantzitsuak dira. Umorea ere ezinbestekoa da herri ekintzak antolatzeko. Giro ona behar da taldean. 

Liburuak urte hauetan ikasitakoa ere biltzen du. Zer irakaspen nabarmenduko zenuke?

Ikasi dut haserretzeak ez duela ezertarako balio, gauzak aldez aurretik eginda hobeto ateratzen direla, konfiantzak asko balio duela eta gauza batzuk umorez hartu behar direla, nahitaez. Inertziaren balioaz ere konturatu naiz, gaur egun hainbat gauza ia-ia berez egiten direlako. Konturatu naiz inor ez dela ezinbestekoa; nik neuk ere datorren urtean esango banu ezin dudala jarraitu, ziur nago taldeak aurrera egingo lukeela lehiaketarekin. Horrek modua ematen du hurrengo belaunaldiek ekiten jarraitzeko. Hainbat gauza ikasi ditut eta oraindik asko daukat ikasteko. 

Beraz, ezinbestekoak diren bakarrak parte hartzaileak dira, eta horien artean badaude lehiaketara urtez urte aurkeztu direnak. Baina gazterik badago?

30. aldian udalak planteatu zigun zer edo zer egitea Sopelako gazte taldeak animatzeko. Diru laguntza berezi bat eman ziguten horretarako eta erabaki genuen gazte taldeei ez geniela kobratuko parte hartzeagatik, eta, gainera, langabeentzako prezio berezia jarri genuen bazkarian. Talde batzuk animatu ziren. Aurten ere zazpi edo zortzi etorri dira, eta nabaritu dugu gaztetu egin dela giroa. Hasieran, pentsatu genuen etorri eta izutu egingo zirela, baina bueltatu egin dira, eta hori pozgarria da. 

Gazteenak ere trebe ibili dira lehiaketan?

Bai, talde bat hirugarren geratu da. Erreleboa badago. 

Eskarmentu handikoa nahiz berria izan, parte hartzaileek buruz ikasi behar dituzte ehun esaera zahar. 

Lan zaila da; esaera luzeak eta laburrak daude, euskalki guztietakoak. Gainera, lehiaketako epaileak zorrotzak gara, esaera zehatz-mehatz gogoratu behar da. Ehun horietatik 99 esaera zaharrak dira eta bat berria.

Zerk bihurtzen du esaldi arrunt bat esaera zahar?

Esaera zaharrak belaunaldiz belaunaldi transmititu direlako dira zaharrak. Lehenengo bildumak XVI. mendekoak dira, baina badago bilduma zaharragorik ere. Esaera batzuk iraungi egin dira, batez ere gizarte jakin batean sortu zirelako: baserria erdigunea zuen gizarte batean. Santuen esaerak dira horren adibiderik onena; niri, orokorrean, ez zaizkit gustatzen, denak oso antzekoak direlako. Noiz eta zer landatu adierazten duten esaerek nekazaritzan dute zentzua. Esaera batzuek gaurkotasuna galdu dute, baina beste askok betiko eta betirako egiak esaten dituzte: nor den pertsona ona eta nor txarra, errespetua izatearen garrantzia... Herri jakintza da, azken finean. 

Orduan, esaera berriak sor daitezke?

Berriak sortu behar dira. Nik neuk urtero esaera berri bat sortzen dut lehiaketarako, eta sari bat dago zein den asmatzen duenarentzat. Aurten ez du inork asmatu: nik irabazi dut [barrez]. 

LOTSABAKO

Gehien erabiltzen duzun esaera zaharra? Anaiak niri buruz esaten du: «Berak esan eta berak barre, arinaren seinale». 

Eta gustukoena? «Bi urte hizketan ikasteko, bizitza osoa isiltzen jakiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA