Akrobata

Rodrigo Lacasa: «Umoreak ikusleengana hurbiltzen gaitu»

Orain Bi konpainiak 'Mute' ikuskizuna aurkeztuko du Bilboko Bizikidetasun plazan, bihar, 12:30ean, Aste Nagusiaren egitarauaren barruan.

Rodrigo Lacasa OrainBi zirku konpainiako kidea, abuztuaren 8an, Mungian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Rodrigo Lacasa OrainBi zirku konpainiako kidea, abuztuaren 8an, Mungian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Leire Rodero
Bilbo
2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zirkuko diziplinekin 1994an izan zuen lehen harremana Rodrigo Lacasak (Valladolid, Espainia, 1982). Ordutik, hainbat alorretan trebatu da: malabarak, oreka, clowna, antzerkia eta gimnastika teknikak egin izan ditu. Gaur egun, soinu, argiztapen eta ikus-entzunezko teknikari lanak bere sormen ibilbidearekin uztartzen ditu. Bihar, bere kide Sara Alvarezekin batera, Mute ikuskizuna aurkeztuko du Isozaki dorreen arteko Bizikidetasun plazan. Zirku garaikidearen eta antzerki fisikoaren bitartez, bi hamarkada lehenago elkarrekin lan egin zuten bi artistaren istorioa kontatuko dute mimikaren eta zirkuaren bidez.

Zer ikuskizun mota da Mute?

Testurik gabeko lana da. Saioan mimika eta zirkua uztartzen ditugu, eta adin guztietako herritarrentzat sortutakoa da. Hogei urte lehenago elkarrekin lan egin zuten bi artistaren istorioa kontatzen dugu; ikuskizun baten erdian, istripu bat gertatu eta gero, zirkua itxi egin zen premisa aurkezten dugu. Orain, bi hamarkada geroago, berriro elkartuko dira abandonatutako oholtza horretan, ordukoak berpizteko. Ikuskizun poetiko, dibertigarri eta harrigarria da, diziplina handia eta dramaturgia sinple baina zaindua dituena.

Zergatik aukeratu duzue testurik gabeko ikuskizun bat sortzea?

Erabaki praktiko eta artistikoa izan da. Horrek aukera ematen digu hizkuntza oztoporik gabe jarduteko, bai hemen, bai nazioarteko eszenatokietan. Adibidez, Ingalaterran edo Frantzian aritu gara Euskal Herrian egindako ikuskizun berberarekin. Ikuskizunak euskara edo gaztelania hutsean egingo bagenitu, mugatuta egongo ginateke. Gainera, gorputz hizkuntzak adierazpen indar handia dauka eta mota guztietako publikoarekin konektatzen du.

Hainbat sari jaso ditu Mute lanak. Nola zaudete?

Oso harro. 2022an Leioako [Bizkaia] Umore Azokan estreinatu genuen lana, eta Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria irabazi genuen. Ondoren, Max sarietarako izendatu gintuzten, Antzoki Sare Nazionaleko aitorpena eta Fundaoko [Portugal] Antzerki Azokako beste bat jaso genuen. Gainera, joan den ekainean Bartzelonan Ikuskizun Onenaren saria eman ziguten berriro ere. Sari horiek harro sentiarazten gaituzte, atzean lan handia dagoelako, entrenamendua, ahalegina eta urteetako dedikazioa.

Zer prestakuntza eskatzen du zirku ikuskizun batek?

Egunero eta urte osoan zehar prestatzen gara fisikoki, nahiz eta denboraldi emankorra maiatzetik urrira izan. Saiorik ez badaukagu, entrenatzen edo konpainia kudeatzen arituko gara bulegoan. Sorkuntza oso plurala da; batzuetan ideia zehatz batetik abiatzen gara, eta beste batzuetan entrenamenduetan inprobisatuz sortzen da. Mute-ri dagokionez, istorio sinple bat sortu genuen, eta zenbait teknika landu ditugu narrazioan.

«Saiorik ez badugu, entrenatzen edo konpainia kudeatzen arituko gara bulegoan»

Ikuskizuna aldatu egin da estreinatu zenutenetik?

Egitura berdina da, baina, bizirik dagoen edozein ikuskizun bezala, garatu egin da. Esaten dute gutxienez hamabost saio egin arte ikuskizun hori ez dela guztiz finkatzen. Txisteak hobetzeko eta bromek funtzionatzen duten ala ez ikusteko balio digu, baita beste hainbat xehetasun indartzeko ere. Beti ari gara ikuskizuna doitzen.

Zer elementu nabarmentzen dituzue Mute lanean?

Banakako eta binakako saioak daude. Nik pertxa batekin malabarismo saio bat daukat, adibidez, eta nire kide Sarak trapezioarekin egiten du lan. Elkarrekin esku hartze akrobatiko bat egiten dugu, eta ikusleek parte hartzeko beste saio bat ere badugu. Elementu sinboliko garrantzitsu bat dugu: gabardina. Hasieran dena oihal zuriz estalita dago, antzoki abandonatu bat izango balitz bezala, eta, gabardina agerian uztean, iraganaren eta zirkuaren memoria berpizten da.

Umorea garrantzitsua da zuen ikuskizunetan?

Funtsezkoa da. Kale ikuskizun batek zirku kutsua, umorea eta samurtasuna izan behar ditu. Umoreak hurbiltasuna sortzen du, eta ikusleekin berehala konektatzen laguntzen du. Gainera, kalean arreta jartzeko eta konplizitatea sortzeko funtsezkoa da umorea.

Nola lortzen duzue guztiengana iristea?

Gai ilunak eta eztabaidak saihesten ditugu batez ere. Pertsona bakoitzak gure ikuskizunean zerbait berezia aurkitu dezan ahalegintzen gara: haurrek ikusgarritasunari erreparatzen diote; gazteek, umoreari; eta helduek, poesiari edo istorioari. Guztiengana heltzeko, erregistro guztiak orekatzen saiatzen gara.

Zer rol dauka ikusleak saioan?

Ikuslea funtsezkoa da. Ikuslearen erreakzioak zaindu eta maite ditugu; begiradarekin konplizeak bilatzen ditugu etengabe. Saio bakoitzaren ondoren, Sarak eta biok elkarrekin aipatzen dugu zer-nolako publikoa izan dugun, ea kuadrillek barre egin duten, talde txikietan ondo pasatu duten edo ez... Hartu-eman hori giltzarria da, batez ere kalean, saio bakoitza errepikaezina baita.

Lotsabako

 

Zirkutik bizi daiteke gaur egun?

Bai, zalantzarik gabe. Zirkuaren munduko erreferente bat? Buster Keaton. Chaplin ere bai. Ez ziren zuzenean zirkuko artistak, baina antzerki fisikoan eta mimikan aritu ziren. Zer da zuretzat zirkua?
Bizitzeko modu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.