Udako proposamenak

Unibertso informatikoa Barakaldon

Ordenagailuen zaleak eta profesionalak Euskal Encounter topagunean bilduko dira gaurtik astelehenera, dozenaka jardueratan.

Euskal Encounter topagunea, Barakaldon, 2024an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal Encounter topagunea, Barakaldon, 2024an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Teknologian interesa dutenentzako leku aproposa eskainiko dute datozen egunetan Barakaldoko BEC zentroan, Bizkaian. Informatikari buruz zerbait jakin zein ezer ez, ezagutza eta interes askotarako jarduerak egongo dira: 33. Euskal Encounter izango da gaurtik astelehena arte.

BEC zentroko 50.000 metro koadro baino gehiago dituen pabiloi batean, bosgarrenean, 4.096 ordenagailu jarriko dituzte. Dozenaka kilometro kablerekin eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabyterekin martxan jarriko dira ordenagailuak. Lau egun horietan, 200 jarduera baino gehiago proposatuko dituzte, eta herrialde ugaritako 5.000 pertsonak parte hartzea espero da. Egun bat baino gehiagoko pasea izanen dutenentzat dutxa zerbitzuak, atseden lekuak, aparkalekua eta Zuremenua cateringean bazkaltzeko aukera egongo da.

Adimen artifiziala izango da aurtengo ardatz nagusia. Horrez gain, programazioa, ikerketarako eta irakaskuntzarako tresna digitalak, ziberrindarkeriak, bideojokoen industria eta zibersegurtasuna ere landuko dituzte. Helburu nagusia informatikaren muga berriak aztertzea izango da, lankidetzan oinarritzen diren proiektuak sortuz eta berrikuntza giroa sustatuz. Egingo dituzten jardueren artean, 50 prestakuntza saio baino gehiago ere izango dira, sei arloren inguruan. SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak parte hartuko du gai berritzaileen inguruko enpresen formakuntza sustatzeko Enpresa Digitala programaren bidez.

Bi gunetan banatuko da ekitaldia: Open Gune eta Party. Open Gune espazio irekia da edonor sartzeko, topaketetan parte hartu zein ez. Hegoaldeko atetik sartu beharko da, eta han informatika arloko enpresek produktuak aurkeztuko dituzte. Hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak ere egongo dira; 3D inprimaketa, bideojokoak, hezkuntzan erabiltzen diren teknologiak eta ekinaldi solidarioak, besteak beste. Gune hori uztailaren 24tik 26ra irekita egongo da, eta ekintzak 10:00etatik 21:00etara izango dira.

Gaur, bederatzi tailer eta sei hitzaldi antolatu dituzte. Hasteko, 10:30etik 13:30era, bigarren tailer gunean, adimen artifizialeko algoritmoen ezaugarriak eta erabilera posibleak landuko dira. 11:00etatik 11:45era, Asier Nabio Garnikak bideo curriculum bat sortzeko gomendioak emango ditu. Gero, 16:30etik 18:30era, bigarren tailer gunean, adimen artifizialaren laguntzaz istorioak kontatzen irakatsiko dute Diego Rodriguezek eta Jose Luis Roncerok. Adimen artifizialarekin jarraituz, 17:00etatik 17:45era hitzaldi bat emango du Adrian Bertolek, eta 18:00etatik 18:45era beste bat Marisol Gomez Fernandezek. Ondoren, 18:00etatik 19:45era, paperontzi adimentsua sortzeko tailerra egongo da hirugarren gunean. Amaitzeko, 19:00etatik 19:45era, lehen bideojokoa nola saldu azalduko du Arturo Monederok. Horrez gain, Game Gune 2025 Euskal Encounterren barnean egingo da; eSports-ek antolatzen du, 2003tik, eta Europako lehiaketa da.

Party atala

Party atalean parte hartzeko, lekua erreserbatzea beharrezkoa da, eta 60 euro ordaindu behar dira. Atal horretako jarduerak sei kategoriatan sailkatzen dira: sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak, streaminga eta beste jarduera batzuk.

Open Guneko ekitaldiekin batera, Party atalean egitarau zabala izanen dute. 11:00etan, hardwarean hasi berriak direnentzako zirkuiteria ekintza hasiko da: arduino lanparak sortuko dituzte. Gero, 12:00etan, stream hobereneko lehiaketarako izen emateak hasiko dira. Ordu berean, Fast Music, Fast Film Laburra, Fast GIF eta argazkigintza hasiko dira, sormen digitaleko kategoriaren barruan. Ondoren, 16:00etan musika tribiala egongo da. 20:30ean Hack It/Solve It jarduera hasiko da, bilera batekin, eta 21:00etan hasiko da lehiaketa. Eguneko azkeneko jarduera Blind Valorant jokoa izango da, 22:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.