ATZEKOZ AURRERA

Uretaratze gozo-gozoa

Txokolatez egindako 1.500 kiloko txalupa bat itsasoratu dute Pasaiako badian. Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dute, Euskal Herri osoko gozogileen artean. Eta bai: flotatu egin du.

Gozogileak lanean. GOZOA.
enekoitz telleria sarriegi
Pasaia
2023ko ekainaren 02a
00:00
Entzun
Marmarra dabil badian, eta ez da itsasoarena oraingoan. Irribarre urduriak faktoriako ikasleen artean: «Eta hondoratzen bada? Orduan bai, orduan famatuak egingo gara». Ofizioari dagozkion txantxak kazetari gastronomikoen artean: «Txokolatea ederra geratzen da gatz apur batekin». Baleak arrantzatzeko erabiltzen zen txalupa baten erreplika da: 1.500 kilo eta zortzi metro luze. Euskal Herri osoko gozogileen 45 eguneko jarduna, Hansel eta Gretelen ipuineko ontzi bihurtuta. Hitzen adiera guztiak hartuta: gozo-gozo uretaratu da.


Kanadako Red Bayn, San Juan ontziaren hondakinen azpian aurkitutako txalupa: horixe da Albaolak mahai gainean jarritako proposamena, Gozoa Gipuzkoako artisau gozogileen elkarteak egindakoari. «Beti aritzen gara gure itsas historia erakargarri egiteko formulen bila, baina oraingoan ez dugu bila ibili beharrik izan: haiek etorri dira ate joka», azaldu du Xabier Agote faktoriako zuzendariak. Esplikatu du nola eman zieten baiezkoa hasieratik, eta nola uztartu zituzten bi indarrak: ontzigileenak eta gozogileenak. Txokolateari buruz ezertxo ere ez zekitelako batzuek, eta ontzigintzari buruz ere ez besteek.

Apirilaren 17an hasi ziren txalupa eraikitzen. Ontziaren egurrezko erreplika bat erabili dute lagungarri gisa: buruz behera jarri, txokolatez eta tajuz estali, moldea atera, eta ontziaren kroskoa egin. Behin moldea lortuta, zurezko egitura bat egin, metalezko batekin sendotu, eta plastikoz forratu. Txokolate plastikoa erabili dute; hau da, glukosarekin nahasitako txokolatea: elastikoa eta malgua izan ohi da, eta gogortu egiten da. «Orain arte objektu bat izan da, baina itsasontzi bihurtuko da uretaratzen dugunean. Zer gertatuko da? Flotatuko du?», galdetu du Agotek.

Itsas historiarik gozoena

Txokolateak flotatzen duela jakina baita, baina 1.500 kilok? Egina zuten proba bat aurretik. Isidoro Torreblanca Gasteizko Txistu gozotegiko gozogileak txokolatezko txalupa txiki bat egin zuen eskalan, eta erraz flotatu zuen. www.gozoa.eus webgunean kontatu dute egunez egunekoa, eta atzo amaitu zuten atzerako kontaketa. «Guztion artean, inoizko itsas historiarik gozoena kontatzera goaz», azaldu du Lorena Gomezek, Gozoa elkarteko zuzendariak: «Ez genekien gozogileak horren lotuta geundenik euskal itsas historiara, kakaoaren komertzioa dela eta. Prozesu liluragarria izan da».

Gomezek azaldu eta nabarmendu du Euskal Herri osoko gozogileak aritu direla elkarrekin lanean, mugaz gaindiko lana egin dutela berriro, eta hori izango dela etorkizunean ere sektoreak aurrera egiteko bidea. Izan ere, ez da lehenbiziko aldia txokolatezko eraikuntza bat egiten dutena. Euskal Gozogileak federazioak bultzatuta, Euskal Herriko gozogileek Picassoren Gernika-ren txokolatezko erreplika egin zuten 2021ean. Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Elkargoko ordezkariak izan ziren atzoko aurkezpenean.

Hernaniko (Gipuzkoa) Oa gozotegiko Miren Lukasek egin du aldarrikapena: «Ezin dugu ezkutatu gozogintzaren sektoreak bizi duen krisia: pandemia, gozogileen adina, errelebo falta, lehengaien garestitzea... birmoldaketa sakon baten beharra daukagu».

Prozesu osoa azaltzen duen ikus-entzunezko batekin amaitu da aurkezpena. Gozogile guztiak txokolatezko ontziaren jiran jarrita daude jada, arraun pisutsuak eskuetan eta zutika hartuta. «Baten bat erortzen bada gainera, akabo», esan du haien kargaz jakitun den batek. «Kontuz lurrean dagoen kate horrekin, tenkatu egingo da orain», egin die ohar Agotek agintariei.

Erramu hostoak daramatza brankan, eta txokolatezko xanpain botila huts bat apurtu dute kroskoan. Albaola faktoriako bi ikasle doaz barruan, arraun banarekin. Arrapalan behera doa ontzia. Jon Maia bertsolariak agurtu du: «Zoaz uretan askatasunez, txalupa goxo maitea/ Eta uretan urtu ezkero, gozatu eternitatea/ itsasoaren etsaia ez da izango txokolatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.