Ohi baino auto gehiago aparkatuak dira Ligi-Athereieko kaleetan (Zuberoa). Hemen ospatuko da Urmuga mendi ibilaldi musikatuaren aurtengo azken eguna. Berez, Urdatxen egin behar zen ekitaldia, Leireko monasterioan, baina, eguraldi txarra izan zitekeela ikusirik, antolatzaileek nahiago izan dute ospakizuna Ligira eraman.
Herriaren gaineko elizan abiatu dute eguna. Donosti Ereskiko Schola Gregorianistak egin du lehen emanaldia, mila urteko kantuak emanez, organoarekin eta biolontxeloekin batera.
Elizatik atera, beheranzko bidea hartu, eta hantxe da herriko gela; bertan emanen dute kontzertua. Oraindik ez da dena arras prest: antolatzaile eta laguntzaileak azken doiketetan ari dira. Horietako bat da Kontxi Belonzaran; laguntzaile da hilabete osoan, bereziki sukaldari lanetan. Harentzat ere abenturaren azken eguna da, eta, nahiz ongi pasatu duen, bukaera gogotik itxaroten du: «Urmuga egun asko direnez, gogo pixka bat daukat amaitzeko». Hain zuzen, ibilaldi musikatua uztailaren 11n abiatu zen, Arabako Gorobel mendilerrotik. Orotarat, 21 etapa egin dituzte mendizaleek, Euskal Herria mendebaldetik ekialderat zeharkatuz.
«Baina oso-oso gustura ibili gara, hainbat kontzertu ikusi ditugu, denak oso desberdinak, hainbat toki berri, hainbat jende berri ezagutu dugu... Alde batetik, badaukat nekea gorputzean, eta bestetik, pozik, oso pozik nago», gehitu du laguntzaileak. Herriko gelaren kontuarra garbitzen segitzera joan da. Gelaren kanpoko aldean jendea metatzen hasi da, eguzkipean: kontzertuaren beha dira. Musikarien azken entsegu eta saiakerak ahitu daitezke kanpotik: Tapia eta Leturiaren Compostelako erromesa errepikatzen ari dira.
Gaurko egitarauan, Euskal Herriko zazpi probintzietako artistek oholtza hartuko dute, Urmugari azken agurrak egiteko: Arabatik Iñaki Palacios txistularia, Bizkaitik Eñaut Elorrieta, Zuberoatik HorHor taldea, Nafarroa Beheretik Aire Ahizpak, Nafarroatik Olaia Inziarte, Gipuzkoarik Et Incarnatus orkestra, eta Lapurditik Kiki Bordatxo dantzaldia.
Artistei hitza
Zenbait minutu geratzen dira bukaerako kontzertua eman baino lehen. «Lasaiegi nago [barrez]. Pozik nago, baina pena dut ez dugula kontzertua kanpoan emanen. Baina Ligi herri ederra da, eta, gainera, ez dut sekula Zuberoan kantatu. Lehen aldia izanen da, eta lehen aldi ederra», kontatu du Olaia Inziarte kantariak. Ondoan du Maika Etxekopar, HorHor taldeko kidea, eta bera ere «kontent» da gaurkoagatik, sustut hemen Zuberoan kantatzeagatik. «Oso pozik nauzu Zuberoatik pasatzen baita Urmuga. Horrek permititzen du Euskal Herri osoko jendea jitea Zuberoara». Bi kantariek jadanik kantatu dute aurtengo aldian, baina, halere, aldi guztiak «zortetzat» dauzkate: «Orkestrarekin kantatzea izugarrizko xantza duzu guretako. Gure kantuak hartu dituzte, eta konpositore batek egin ditu moldaketak. Ongi jauntsirik bezala sentitzen gara, dotore jauntsirik».
Publikoa gelarat sartu da, eta belarriak tente jarri dituzte. Aire Ahizpak hirukoteak kantatu ditu lehen kantuaren lehen hitzak: Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantuaren bertsioa eman dute. Artistek bata bestearen ondotik eman dituzte kantuak, orkestraren doinuekin batera.
Giro onenean, Compostelako erromesa kantua eman dute, Maruxak-ek eginiko azken bertsioa, denek elkarrekin. «Genozidioaren aurrean, aurrera Palestina. Orain guztiak oihuka, askatu Palestina!», hitzak oihukatu dituzte.
Gelatik loriaturik atera da Luis Mari Goikolea Agirre. Ubidetik (Bizkaia) jin zen duela pare bat egun, Urmugako asteazkeneko etapa egitera. Belaguako aterpetik, Auñamendirainoko etapa egin zuen. Mendian ibiltzeaz gain, bost kontzertu ikusi ditu abentura hasi zenetik, gaurkoa barne. «Lehen aldiz hartu dut parte Urmugan; entzuna nuen, baina ez parte hartu. Oso ondo bizi izan dut, esperientzia oso ona izan da. Hurrengo urtean urmugalari izango naiz!».
Urmuga kultura eta artea beste «begi» batez gozatzeko dela uste du mendizaleak, baita «alternatiboa» ere. «Horrelako ekitaldiek nukleo urbanoetatik irtenarazten dute kultura. Kultura ikusteko beste modu bat da».