Urmugaren urratsak eta doinuak Kanarietan

Mendia eta musika uztartuz, Euskal Herriko zazpi herrialdeak ur mugaren bidez lotzen dituen egitasmoko ordezkariak Kanarietan izan dira maiatzeko azken astean, Contramapas proiektuaren arduradunek gonbidatuta. Antzekotasun handiak dituzte bi proiektuek.

Urmugako hainbat kide Kanarietan, Contramapas egitasmoan. URMUGA
Urmugako hainbat kide Kanarietan, Contramapas egitasmoan. URMUGA
Joxemi Saizar.
Hierro (Kanaria uharteak)
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kanaria uharteetako (Espainia) folklorea eta migratuen integrazioa ditu helburu Contramapas proiektuak. Atlas elkartekoek egitasmo hori prestatzeari ekin ziotenean, erreferente baten bila hasi eta Urmugarekin egin zuten topo. Harreman estua izan dute geroztik. Aurten hirugarren aldia izan du Kanarietako proiektuak: maiatzean artxipelagoko zortzi irlak zeharkatu dituzte, oinez, 24 etapatan, Graciosan hasi eta Hierroraino. 600 kilometro guztira, GR-131 ibilbidean barrena. Aurten, berritasun gisa, irla bakoitzeko ikastetxe batekin partekatu dute proiektua. Ikasle horiek —migratzaile batzuek tartean— Contramapasen berri izan dute, eta ibilaldiko zati batzuk egin dituzte elkarrekin. Ibilaldiaren azken zatian, La Palma eta Hierro uharteetan, Urmugako ordezkariak izan dituzte bisitan, eta azken bost etapak elkarren ondoan egin dituzte. Tartean, Et Incarnatus orkestrak emanaldiak eskaini dizkie ikasleei, eta amaierako ekitaldian ere parte hartu zuen.

(ID_17806533952975) Urmugako kideak, Kanarietan, Contramapas egitasmoan.
Contramapas proiektuko hainbat kide Kanarietan, Hierroko Andre Mariako ermitan. URMUGA

La Palma irla zoragarrian Bastoia izeneko hiru eguneko ibilbidea egin zuten urmugalariek. Tazacorteko hondartzan hasita, igoera gogorra izan zuten Roque de los Muchachosera, irlako gunerik garaienera (2.423 m), eta handik aterperaino luzatu zuten etapa. Juan XXIII.a ikastetxeko ikasleek zati bat egin zuten eurekin, Urmugako musikarien doinuak entzun ondoren. Hurrengo eguna El Pinar atsedenlekuan amaitu zuten; musikarien doinuekin gozatu zuten arratsaldea. 2021ean, Tajogaite sumendiak inguru horiek astindu zituen udazkenean. Lurrazaleko zauriak nabari dira paisaia ederrean, eta kaltetu gehienak barrakoietan bizi dira oraindik, bere garaian hitzemandako laguntzak ez baitituzte jaso. Turismoa da inguru horretako diru sarrera nagusia, eta hori berrindartu egin da uharte horretan. Fuencalienteko itsasargian bukatu zen irla horretako ibilbidea.

Hierroko ermita eta La Restinga

Hierroko bi etapak Erregeen Andre Mariako ermita izan zuten erdigune, uhartearen zaindaria. Lau urtez behin inguruko biztanleek egiten duten ama birjinaren jaitsiera gogoratu zuen Contramapasek; ibilbide hori bera egin zuten eta Malpaso gailurra igaro zuten, Valverdeko Gore institutuko ikasle eta irakasleekin, eta urmugalariekin. Lanzaroteko migratzaile eta lagun batzuk ere elkartu zitzaizkien ibilbideko zati horretan. Et Incarnatus orkestrak bi emanaldi dotore eskaini zituen San Andres herrian eta ermitan. Orchilla itsasargian amaitu zuten GR-131 ibilbidea eta Contramapas egitasmoa bera, Kanarietako jaiegunean. Ibiltariek ahaleginaren ondorengo poza adierazi zuten azken egun horretan. Helburua bete dute beste urte batez.

Maiatzaren 31n, arratsaldean, jaialdi bikaina eskaini zuen Et Incarnatus orkestrak, Benabas Senegalgo taldearen, Rogelio Botanz Kanarietan bizi den euskaldunaren eta Percuteras de Garaldea taldearen laguntzarekin

Maiatzaren 31n egin zuten amaierako ekitaldia, La Restingan; Europara bidean, sartzeko toki garrantzitsua da hori migratzaileentzat, nahiz eta bertan hildako eta desagertu gehien gertatu. Bezperan bertan iritsi zen patera bat, hirurogei lagunekin. Santiago Velez eskultorearen lana jarri zuten portuko uretan, migranteen atea irudikatuz; une horretan bertan, Agurra eskaini zuten Urmugako musikariek eta dantzariek. Arratsaldean, jaialdi bikaina eskaini zuen Et Incarnatus orkestrak, Benabas Senegalgo taldearen, Rogelio Botanz Kanarietan bizi den euskaldunaren eta Percuteras de Garaldea taldearen laguntzarekin. Ondoren, film batzuk proiektatu zituzten eta Arife taldearen dantzaldiarekin amaitu zen festa.

Urmuga proiektuak zazpigarren aldia izango du uztailean; bi urtez behin egiten duten Urtanta bertsio laburra egingo dute aurten. Kanarietako egitasmoak bezala, migranteak izango dira aurtengo protagonistak; Saharaz hegoaldeko migratzaile afrikar askoren helmuga den Bidasoa ibaiaren inguruan egingo dituzte kontzertu eta ibilaldi batzuk, uztailaren 17tik 19ra. Artomañan eta Delikan (Araba) eta Urduñan (Bizkaia) izango du jarraipena jaialdiak, uztailaren 24an eta 25ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA