'Uztartzeak' ikuskizuna Gasteizen

Musikaren Eguna eta Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena ospatuko dituzte larunbatean Gasteizen. Ekitaldi berezia izango da Andre Maria Zuriaren plazan. Dantza eta irudiak uztartuko dituzte ikuskizun paregabe batean, 23:00etan.

Asteleheneko aurkezpen argazkia, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. GASTEIZKO UDALA
Asteleheneko aurkezpen argazkia, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. GASTEIZKO UDALA
unai etxenausia
2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko bihotzean, Andre Maria Zuriaren plaza artearen eta emozioen epizentro bilakatuko da larunbat honetan. Gasteizko Udalak eta Arte eta Lanbide Eskolak elkarlanean antolatutako Uztartzeak ospakizunak bi efemeride handi batuko ditu: Musikaren Nazioarteko Eguna eta Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena. Egun berezia izango da, ezbairik gabe: musika, dantza eta ikus-entzunezko arteak izango dira ardatz, iraganari begirada hunkigarria eskainiz eta etorkizunari leiho bat zabalduz. Sormenaren eta jakintzaren bidez, belaunaldi askoren pasio eta lanbide bihurtutako eskolaren bi mende eta erdiko ibilbidea ospatuko da, doinuz eta mugimenduz jantzitako hizkera unibertsalean.

23:00etan hasiko da ikuskizuna. Hortik aurrera, artea izango da hizkuntza, plaza oholtza, eta Gasteizko herritarrak protagonista. Ikuskizunak Arte eta Lanbide Eskolaren historiaren hainbat aro artistiko islatuko ditu ikus-entzunezko irudiak eta musika uztartuz, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko ikasleen dantza koreografiek lagunduta. Ibilbidea barroko garaian hasten da, 1774an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Marrazketa Akademia sortu zuenean, Gasteizko eskola sortu eta garatzeko oinarria jarriz. Ondoren, beste aro batzuk erakutsiko dira modu kronologikoan, musika eta dantza bidez: XIX. mendeko erromantizismoa (1824), inpresionismoa (1874), XX. mendeko abangoardiak (1924), musika esperimentala (1974), eta, azkenik, gaur egungo tokiko musika garaikidea (2024).

Udalak eta Arte eta Lanbide Eskolak herritarrak gonbidatu dituzte bertaratzera eta artearen diziplina anitzek sortzen duten magiaz gozatzera. Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziaren hitzetan, «udalak oso modu berezian parte hartu nahi izan du, artez betetako ekitaldi batekin». Hain zuzen, musika, dantza, marrazkia, kolorea eta argia uztartzen dituen emanaldiak urteurrenaren ospakizuna «pluralean» bizitzeko aukera emango du, eta bertaratzera gonbidatu ditu herritarrak; «ikuskizun paregabea galdu ez dezaten».

Juan Arrosagarai artista eta Arte eta Lanbide Eskolako irakasleak azpimarratu duenez, «ezin zen beste era batera ospatu eskolak 250 urte betetzen dituela: alegia, beste arte-erakunde batzuekin batera. Dantza, marrazkia, musika, argazkia, kolorea eta zinema uztartuko dira, eta kalean elkartuko gara, jende guztiari zabalik».

Era berean, bandak suziriak jaurtiko ditu Andre Maria Zuriaren plazan, Luis Orduña Udal Musika Bandako zuzendariak azaldu duenez: «Kontzertu hutsetik harago, azken bi mendeetako musika garaiak emango ditugu berrogeita hamar urteko tarteetan, eta Anibal Cañoren Sucubot lan ikusgarriarekin amaitu».

Arteak, bat eginda

Dantza ere garrantzitsua izango da, Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasleek egingo dituzten koreografiarekin eta mugimenduekin. Arantzazu Susunaga irakasle eta ikasketaburuaren gidaritzapean, ikasleek lan sakon eta sortzaileak aurkeztuko dituzte, ikuskizunari bizitasuna emanez. «Sinergia hau da ikuskizunaren bihotza; dantza, musika eta irudiak uztartuz, artearen hainbat alorrek elkarri bizia ematen diote. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren argiak eta irudiak eszenatokia apaintzen lagunduko dute, eta herritar guztiek esperientzia paregabea bizi ahal izango dute», nabarmendu du Diaz de Corcuerak.

Azkenik, antolatzaileek gaineratu dute «aukera paregabea» dela Musikaren Nazioarteko Eguna eta Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena modu berezian ospatzeko: «Artearen hizkuntza askotarikoak elkartzen dituen ekitaldi honek indarra emango dio Gasteizko kultura eszenari, eta ahaztezina izango da bertaratzen diren guztientzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.