Bakardadea: giza hautu modernoa

Bakardadea erromantizatu egin du indibidualismoak. Orain arte, estigma handiko gaia izan da, baina, egun, askok aske izateko bilatzen duten bidea da.

(ID_17042735926925) Bakardade hautatua
Bide bat zeharkatzear dagoen pertsona bat. CC0
Maixa Utrera Puelles.
2024ko urtarrilaren 4a
05:25
Entzun

Duela gutxi arte, torturaren sinonimoa zen bakardadea. Gaizkileak eta etsaiak zigortzeko modu bat zen, eta, askotan, bakartuak zirenek gaixotasun larriak garatzen zituzten. Gizakiak gizakien beharra baitu bizirik irauteko, eta, komunikatzeko ahalmena kentzen zaionean, nolabait, gizatasuna kentzen baitzaio. Tortura metodo bat ez ezik, bakardadea estigma handiz inguratutako gai bat izan da beti. Duela ez hainbeste, gaizki ikusita zegoen bakarrik bizitzea, ezkongabea izatea edota seme-alabak ez izatea. Gaur egun, ordea, garatu diren gizarte eredu indibidualistek bultzatuta, bakardadearen ideia guztiz erromantizatu da. Hots, gero eta jende gehiagok aukeratzen du bakarrik bizitzea, bikotekiderik ez izatea, edo seme-alabarik ez edukitzea.

Klase sozial berri bat sortu dela diote batzuek: konplexurik gabe, eta familia eredu tradizionala baztertuz, bakarrik bizi nahi duten pertsonak. Unai Martin soziologoak, ordea, ñabardura batzuk egin ditu: «Agian, kontua ez da gero eta jende gehiago bizi dela bakarrik, baizik eta orain ikusgaitasuna ematen diegula orain arte ikusezinak izan diren horiei, beti existitu izan baitira». 

Aitor Aritzeta EHUko irakasle eta psikologoak azaldu duenez, orain arteko estigma asko indarra galtzen ari dira: «Azken hamarkadetan, familiaren eta bikotearen balioek indarra galdu dute, eta gero eta jende gehiagok dauka bere buruarekin egoteko beharra». Indibidualismoak familia eredu berriak onartzea ekarri badu ere, uste du aurreiritzi asko indarrean daudela oraindik ere: «Oraindik entzuten dira komentarioak familia bazkarietan eta afarietan. Eta, bai, nahiz eta zuk oso argi izan bakarrik bizi edo egon nahi duzula, min ematen dute. Guztiok bilatzen dugu maite dugunen onarpena».

«Kontua ez da gero eta jende gehiago bizi dela bakarrik, baizik eta orain ikusgaitasuna ematen diegula orain arte ikusezinak izan diren horiei».

UNAI MARTIN Soziologoa

Bakarrik bizitzea norbere burua ezagutzeko bide egokia izan arren, ikuspegi indibidualistaren alde txarra aipatu du Aritzetak: «Espazio pribatuak egokiak dira zure autonomia handitzeko, baina besteengandik erabat bakartzea arriskutsua da».

Iritzi bertsua du Itziar Barrenengoa psikologoak ere. Haren ustez, bakardadea «primerakoa» izan daiteke, baina horretaz gozatzen jakin behar da: «Zerbait gaizki doanean, deprimituta sentitzen zarenean, zerbait aldatu behar dela esan nahi du. Seguruenik, bakartu egin zara, eta hori ez da ona. Zeure buruarekin egoteko une batzuk izan arren, lagunekin eta familiarekin denbora igarotzea premiazkoa da». 

Bakarrik bizitzea erabakitzeko «pertsona bezainbeste arrazoi» daudela adierazi du Aritzetak: «Batzuk krisi bat izan dutelako eta euren identitatea berreraiki nahi dutelako bizi dira bakarrik; beste batzuk, berriz, egoera ekonomikoak horretarako bidea ematen dielako daude bakarrik, garapen profesionala bakarrik egin nahi dutelako. Beste batzuek, besterik gabe, ez dute inorekin partekatu nahi bizi proiektua, eta erabakiak euren kabuz hartu nahi dituzte».

«Bakarrik bizitzeak onurak ditu, baina bakarrik sentitzeko arriskua dakar».

 ITZIAR BARRENENGOA Psikologoa

Arrazoiak arrazoi, Barrenengoak azpimarratu du garrantzitsua dela bakarrik egotearen erabakia «ondo pentsatuta» izatea: «Ezin da arazo batetik ihes egiteko joan bakarrik bizitzera. Askotan, gizakiok ihes egiteko joera dugu, eta ihes egiten dugunean gauzak ez dira ondo ateratzen». Ihes egiteko nahiak adinarekin duen lotura estuaz mintzatu da: «Gazteek etxeko inposaketetatik ihes egin nahi dute, aske izan, eta bakarrik egon. Baina, adinarekin, gizartearentzat ikusezinak bilakatzen dira, eta, orduan bai, konpainiaren falta sumatzen dute».

Adinekoek ez ezik, gazteek ere bakardade sentimendu handia dutela azpimarratu nahi izan du Martinek: «Normalean uste da adinekoek sufritzen dutela bakardade sentimendurik gogorrena, baina gazteek osasun mentaleko arazo larriagoak garatzen dituzte bakardadearen eraginez, eta maizago, gainera». 

Bakarrik bizitzea, bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea hiru gauza oso ezberdin direla gogoratu du Aritzetak: «Ikuspegi psikologiko batetik, oso ondorio ezberdinak ditu bakoitzak». Bakarrik bizi daiteke bakarrik egon gabe, adibidez. Edo bakarrik sentitu bakarrik bizi gabe. 

Bat dator Martin Aritzetarekin: «Bakardadeari buruz hitz egitean, funtsezkoa da zer bakardade motaz hitz egiten ari garen identifikatzea, zeharo ezberdinak baitira bilatzen den bakardadea eta bilatzen ez dena». 

Hausnarketa are sakonagoa egin du Barrenengoak: «Batzuetan nahastu egiten direla esan dezakegu. Agian zuk bakarrik egotea bilatzen zenuen, eta bakarrik sentitzen amaitzen duzu. Edo, okerrago, norbaitekin bizi zara ez duzulako bakarrik egon nahi, baina, barrenean, bakarrik sentitzen zara». Barrenengoak uste du askotan gauzak behar bezala pentsatu ez izanagatik agertzen dela bakardade sentimendua: «Oso inpultsiboak gara. Bakarrik bizitzea erabakitzen dugunean, oso motibatuta gaude, baina laster konturatzen gara ez dela hain erraza, eta, orduan, arazoak agertzen dira».

Normalean bakarrik bizitzeko erabakia «hedonismotik» hartzen dela adierazi du Aritzetak, eta horren arriskuen berri eman du: «Plazera bilatzen badugu baina ez bagara gai barne ezagutza eta hausnarketa prozesua egiteko, seguruena da denbora tarte oso laburrean bakarrik irautea ondo». Izan ere, Aritzetaren esanetan, erabakia ikuspegi hedonistatik hartu dutenek «bakardade sentimendua» eta «deskonexioa» jasan ohi dituzte denborak aurrera egin ahala. Teoria horrek azalduko luke aberats eta famatu askok zergatik dituzten osasun mentaleko arazoak. «Hedonistentzat, bizitza gozamenezko esperientzien metaketa bat bilakatzen da, eta, gauza asko izan arren, hutsik sentitzen dira», azaldu du. 

Martinek, halere, argi du bakardadeak eragin larriagoa duela sozioekonomikoki okerrago daudenengan: «Zaurgarriagoak dira, eta, bakardade indibidualaz gain, baztertze estrukturala pairatzen dute». 

Beldurra galtzea

Bakardadearen arriskuak agerikoak dira, baina bakarrik egotea, «ona» izateaz gain, «beharrezkoa» dela adierazi du Aritzetak: «Hutsik sentitzen diren pertsonaz beteta daude kontsultak. Sekula ez dute ikasi bakarrik egoten, eta ez dira eroso sentitzen euren buruarekin». Haurtzaroan eta gaztaroan ikasten diren baloreei leporatzen die errua: «Beti irakatsi digute maitasuna besteengan bilatu behar dela, eta gure lana da bakardadeari aurre egitea eta horri beldurra galtzea». 

Bakardadea hautatzerakoan haurtzaroan jasotako sinesmenak «erabakigarriak» dira Barrenengoarentzat ere: «Familia bat lau pertsonak osatzen dutela entzun badut txikitatik, hori bilatuko dut seguruenik».

Hutsune sentimenduari aurre egiteko gakoa azaldu du Barrenengoak: «Denbora behar dugu bakarrik egoteko, baina ez alferkeriatan ibiltzeko, gauzak sortzeko baizik, eta gure bizitzari edukia ematen dioten galderak egiteko: ‘Nora noa?’, ‘Zer egiten dut bizitzan?’ eta halakoak. Izan ere, zure bizitzak edukia duenean, ez dizu axola bakarrik egoteak. Hutsik sentitzen zarenean, aldiz, hutsune hori betetzen ibili behar duzu».

Introspekzioan eta niaren bilaketan jarri du arreta Aritzetak: «Bakarrik egoten ikasi nahi baduzu, barruan dituzun altxor eta iluntasunak identifikatu eta maitatu behar dituzu. Eta, paradoxikoki, besteekin egoteko eta zoriontsu izateko duzun gaitasuna handitu egingo da».

«Bakarrik egoten ikasi nahi baduzu, barruan dituzun altxor eta iluntasunak identifikatu eta maitatu behar dituzu».

 AITOR ARITZETA Psikologoa

Barrenengoak argi du: «Bizitza ordainen eta sarien balantza da: bakarrik bizitzeak onurak ditu, baina bakarrik sentitzeko arriskua dakar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.