Artista

Alvaro Herranz: «'Yokai' izakiak txantxazaleak izaten dira gehienetan»

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barne, 'Hyakki yagyo: ehun deabruen gaueko desfilea' erakusketa jarri du Herranzek Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko aretoan. Hilaren 15era arte izango da ikusgai.

Alvaro Herranz. JON URBE / FOKU
Alvaro Herranz. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko azaroaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izaki mitologikoak eta elezaharretakoak birsortzen espezializatutako eskultore eta izaki diseinatzailea da Alvaro Herranz (Bartzelona, 1988). Instagram sare sozialean @fuegofatuoart du izen artistikoa. Haren webgunean ere ikus daitezke sortzen dituen eskulturak. Duela lau urte beste erakusketa bat jarri zuen Fantasiazko eta Beldurrezko Astean. Madrilen bizi da aspaldi, eta hiri horretan du tailerra. Handik ekarri ditu yokai berezi batzuk Donostiara.

Nola iritsi zinen Japoniako yokai izakien mundura?

Txikitatik interesatu izan zaizkit mitologiako eta fantasiazko izakiak; Japoniako manga eta animera iritsi nintzen TV3ek ematen zituen saioen bitartez. Japonia, bestalde, ziur aski izango da munduan izaki mitologiko gehien gordetzen duen herrialdea. Horretan eragina izan zuen berrehun urte baino gehiago iraun zuen bakeak.

Noiz izan zen hori Japonian, eta zertan eragin zuen?

Edo izeneko garaiak 1603tik 1868ra iraun zuen. Bake garai bat izan zen, eta arteen loraldi handia ekarri zuen Japonian. Arte grafikoak, arte plastikoak eta antzerkia garatu zituzten; inprimaketa teknika berriak asmatu zituzten. Bakea egoteak eragin zuen herritarrak aisialdian denbora gehiago emateko aukera izatea. Bakeak beti ematen du arteaz gehiago gozatzeko aukera. Naturaz gaindiko eta beldurrezko istorioekiko interesa ere piztu egin zen. Uda garaian joko bat oso boladan jarri zen.

Zer-nolako jokoa zen?  

Abuztuko gau hezeetan jokatzen zuten. Logela batean ehun kandela piztu, eta beldurrezko istorioak kontatzen hasten ziren han bildutakoak. Istorio bakoitzarekin kandela bat itzaltzen zuten. Giroa gero eta beldurgarriagoa zen, eta sinesmena zen kandela guztiak itzaltzen baziren, yokai edo izaki deabruzko bati deitzen zitzaiola.

«Japonian 1.000 'yokai' baino gehiago daude. Munduan ez dago beste kulturarik hainbeste munstrorik gordetzen duena»

Eta zer da ehun deabruen gaueko desfilea?

Herri sinesmen bat da, jatorrian ipuin bat duena. Kyoton deabruen prozesio moduko bat ba omen zen gauetan, eta, neurri batean, Galiziako folkloreko Santa Compaña-rekin aldera daiteke. Artista batzuk halako prozesioak ilustratzen aritu ziren aspaldi; eta, ondotik, Edo garaian ilustratzaile askok yokai izakiak marrazteari ekin zioten. Garai horretan, yokai-en izenak asmatzen ere hasi ziren. Eta jendearen interesa ere handitu egin zen.

Madrilen sortu dituzu eskultura hauek guztiak. Nola iritsi zara honaino?

Hasieran, hau guztia nire zaletasuna zen, baina nire lana bilakatu zen gero. Japonian mila yokai baino gehiago daude, eta zaila egin zitzaidan haiei ez ekitea. Hainbeste daude... Ez dago munduan beste kulturarik hainbeste munstrorik gordetzen duena.

Gaiztoak ala zintzoak, zer dago gehiago?

Anbibalenteak dira, baina izaki mitologiko edo euskaldunak ere hala diren moduan. Yokai izakiak txantxazaleak dira gehienetan. Hala ere, kontuz, badira gutxi batzuk gizakiak jaten dituztenak.

Yokai izakiek manga eta anime lanetan presentzia handia dute, ezta?

Garai berrietan, izaki hauek pop kultura izatera pasatu ziren. Shigueru Mizuki manga sortzaileak eragin handia izan zuen, gakoa izan zen: GeGeGe no Kitano manga arrakastatsua sortu zuen —Euskal Herrian Astiberri argitaletxeak atera du—. Horretan oinarrituta, anime ugari egin dituzte; haur yokai baten abenturak kontatzen ditu. Studio Ghibili eta Hayao Miyazakiren film askotan ere agertzen dira, horretaz jarduten dira. Naruto-n ere agertzen dira, beste forma batzuk hartuta. 

Japoniako folklorearen aberastasunak inspirazio handia pizten dio zu bezalako artista bati?

Bai, tira, nire bizitza guztia eman nezake Japoniako folklorearekin. Baina beste toki batzuetako izakietara jo nahiko nuke, interes desberdinak baititut. 

Lehen aldiz Donostian jarri duzu erakusketa hau. Lan hauek nora joango dira gero?

Haietako batzuk Katalunian jarriko ditut abenduan, Manga Bartzelona jaialdian. Ea horren ostean beste hiri batzuetara eraman ditzakedan. Mugitu nahiko nituzke.

«Euskal folkloreko izaki asko komunak dira Pirinioetako herrien folklorearekin. Aragoin, Katalunian eta Frantzian ageri da Mariren pertsonaia, baina beste izen batzuekin, eta ez dira Euskal Herrian bezainbeste zabaldu»

San Jeronimo kaleko kripta toki berezia da halako erakusketentzat, ezta?

Bai, harrizkoa izanda eta dituen bobedak dituela, ederra da. Ez da pareta zuridun areto bat. Espazio aparta da.

Nongo mitologia izakiei helduko diezu hurrena?

Folklore katalanari heldu nahiko nioke datozen hilabeteetan. Euskal folkloreko izakiak egin izan ditut, baina katalanak oraindik ez.

Eta euskal folkloretik zer eskultura duzu egina?

Akerbeltz bat egin nuen, eta beste batzuk ere bai. Oso aberatsa da euskal mitologia. Esango nizuke euskal folkloreko izaki asko komunak direla Pirinioetako herrien folklorearekin; kasurako, Aragoiko, Kataluniako eta Frantziako Pirinioetako folklorean agertzen da Mariren pertsonaia, baina beste izen batzuekin. Horiek ez dira zabaldu Mari Euskal Herrian bezainbeste. Akerbeltzaren oso antzeko izakiak ere badaude Aragoin eta Katalunian.

Instagramen jartzen dituzu zure lanen irudiak.

Bai, baina arrautzak beste otarre batzuetan jartzen hasi beharko nuke, zeren Meta taldean... gero eta konplikatuago dago kontua. Eskulturen dibulgazioa egiten nabil azkenaldian. Izaki iberikoetan murgilduko naiz hemendik aurrera.

LOTSABAKO

  • 'Yokai' bat? Kappa [erakusketan jarria du; argazkian, ezkerrekoa da]. 
  • Zure anime kuttunena? Cardcaptor Sakura.
  • Japoniako jaki bat? Sushia.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA