Zarata bilatzeko mapak

Europako hirietan kutsadura akustikoa aztertu behar da legez. Izan ere, zarata arazo nagusietako bat da gizakien osasunean. Kontzientzia handitu bada ere, harrabotsa oraindik handia da hirietan. Ibilgailuena da arazo nagusia.

BERRIA.
Lander Muñagorri - Iker Tubia
Bilbo - Iruñea
2015eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zarataz inguraturik bizi da XXI. mendeko gizartea. Nabarmena da hori hirietan. Zarata esaten zaio gizakiarentzat zentzurik ez duen soinuari. Dezibel batetik gora egiten denari ere zarata deitzen zaio. 70-80 dezibeletik gora dauden soinuei zarata deitzen zaie. Adituek diote zarata handiko hiriak direla gaur egungoak, baina onartu dute kontzientziazioa handitzen hasi dela. Horren adibide dira hirietan egiten diren planak. Horiei loturik daude zarata plan estrategikoak. Euskal Herriko hiriburuetan azterketa horiek egiten dira.

Iruñeko mapa David Perez eta Iñaki Nagorek osatu dute, ID Ingenieria Acustica, NUP, Trabajos Catastrales SA eta Nafarroako Ingurumen departamentuarekin osatutako lantaldearekin. Europako zuzentarau batek bultzatuta egin zuten lehenbizikoa, 2007. urtean. Orduan, 250.000 biztanletik gorako eremuetan beharturik zeuden azterketa hura egitera. Bost urtetik behin berritu behar dira mapak, eta orain Europak zehaztu duen gutxienekoa 100.000 biztanleko eremuak dira. Iruñekoa ez baizik Iruñerrikoa da Perezek-eta egin dutena. «Iruñea berezia da: inguruko herriekin eskualde bakarra osatzen du, eta garraio sarea ere partekatzen dute. Horiek bereizteak ez du zentzurik», dio.

Mapa horietan lau eremu aztertzen dira: ibilgailuen zirkulazioa, trenbidearena, aireportuetakoa eta industria. «Zarataren argazki bat egitea bezala da, eta etorkizunari begira lan egiteko balio du: hiri garapen proiektuetarako, adibidez, muga akustikoak zeintzuk diren badakizu». Horrelakoetan, aldez aurretik neurriak hartzeko aukera ematen dute mapek, eraikitzear den etxean biziko direnek arazorik izan ez dezaten. Baina, bestalde, lehendik dauden arazoei antzemateko balio du, eta egoera hobetzeko neurriak har litezke.

Dezibel kopuru egokiari dagokionez, neurriak ezberdinak dira tokiaren arabera. Etxebizitzak dauden tokietan, egokia da goizez 60 dezibeletik behera izatea, eta gauez 55 dezibeletik behera. Hortik gora, zarata hasten da. Dena dela, medikuek 70 eta 80 dezibeletik gorako soinuak dituzte zaratatzat.

Perezek Iruñeko egoera izan du hizpide. Esan duenez, badira arazoak dituzten eremuak, baina, oro har, egoera ez da txarra. Arazorik handiena ibilgailuen zirkulazioak sortzen du. Izan ere, aireportua txikia da, eta ez du hegaldi askorik izaten urtean. Trena ez da hiriaren erdigunetik igarotzen, eta hark ere ez du trafiko handirik. Industriari dagokionez, gehiena hiriaren kanpoaldeko industrialdeetan dago. Datuak banatu egiten dira, herritarrek egunean, arratsaldean eta gauean jasan beharreko zarata neurtuz. Gauez, Iruñerrian 27.814 herritarrek dute inguruan 55 dezibel baino gehiagoko zarata; horietatik, %0,35 trenbideetako trafikoarengatik eta %0,08 industriarengatik. Egunez, 28.135 herritarrek dute inguruan 65 dezibeletik gorako zarata, eta soilik %0,02 da industriarengatik; gainerakoa, ibilgailuen zirkulazioarengatik. Beraz, azken hori da arazorik handiena. Bestalde, 70 dezibeletik gorako inguruan direnak 2.260 dira goizetan —gauez, 26—.

Arazoak konpontzeko

Gasteizen ere ibilgailuen zirkulazioak eragiten du eremu handienean, nahiz eta trenbideko trafikoak ere batzuei eragiten dien. Aireportuko trafikoak ez du eraginik, eta tranbiak eta industriak ere ez dira zarata iturriak, maparen arabera. Egunez, 96.500 lagunek dute inguruan 65 dezibel baino gehiagoko zarata; horietatik, %3,11 trenbidearen trafikoarengatik. 70 dezibeletik gorako eremuan 19.800 herritar bizi dira. Gauez, 65.800 lagunek dute 65 dezibeletik gorako zarata —trenbideen eragina %3,10 da—. Beraz, biztanleen %58 eremu lasai deitzen direnetan bizi dira; betiere, lau azterketa eremu horiek kontuan hartuta.

Donostiari dagokionez, 101.200 herritarrek dute inguruan 65 dezibel baino gehiagoko zarata goizez. Ibilgailuen zirkulazioak du eragin handiena, trenbidea kopuru horren %1,4 delako. Gauez 70.300 lagun bizi dira 55 dezibeletik gorako inguruetan, eta trenbidea horren %2 baizik ez da. 70 dezibeletik gora goizez 10.300 lagun bizi dira, ibilgailuen zaratak kalte eginik —gauez, inor ez—. Donostiako txostenak dioenez, biztanleen %72 inguru kalitate akustikoaren helburuaren mailaren azpitik daude.

2007ko Bilboko azterketan, argi ikus liteke ibilgailuek eragiten dutela zarata handiena —gainerako alorrak ez dira agertzen, datuak ezdeusak direlakoan—. Gauez, 55 dezibeletik gorako inguruetan ziren 131.400 bilbotar, eta egunez, 65 dezibeletik gora 69.800 lagun.

Lapurdin, Baiona-Angelu-Miarritze eremuko kutsadura akustikoa aztertzen du hiri elkargoak, eta 2015eko lehenbiziko hiruhilekoan argitaratzekoa dute azkenik egin duten azterketa, oraindik txosten batzuk egitea falta dutelako.

Osasun arazoak

Zigor Iturbe Euskal Herriko Unibertsitatean Arkitektura saileko ikertzailea da, eta, azaldu duenez, mapak erabilgarriak dira zarataren legea betetzen den ziurtatzeko eta horrek elkarbizitzan nola eragiten duen aztertzeko. Hiru araudi daude zaratari dagokionez: alde batetik, Espainiak eta Frantziak onartutakoa; bestetik, kode teknikoa, eraikuntzari dagokiona; azkenik, Nafarroako Ingurumen Sailak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak egiten dutena. Lege horiek diote, besteak beste, eraikinek isolaturik egon behar dutela, eta toki isilak egon behar direla hirietan. «Bilbon nahiko aurreratuta dago; irla isilak eta halako kontzeptuak zaintzen dira, eta kontuan izaten dute obrak daudenean toki berean denbora luzez zarata egiten ez ibiltzea», azaldu du ikertzaileak.

Hala ere, Iturberen aburuz, zarata mapak ez dira oso zehatzak. «Kalkulu modukoak dira». Horregatik, zaila egiten da zarataren bilakaera aztertzea. Bere iritzia eman du, hala ere: «Ez dut uste zaratak behera egin duenik hirietan, baina kontzientziazioa handitu egin da». Bide beretik, Perezek kontzientziazioaren beharra azpimarratu du. «Zuzenketa neurrietan asko lantzen den gaia da herritarren kontzientziazioa, onuragarriak diren hainbat ohitura har ditzaten, adibidez, garraio publikoa erabiltzea». Hala ere, ezin da berehala emaitzarik lortu: denbora «asko» behar da jendea arduratu dadin.

Azterketa horiek egiteko orduan, faktore bat fata da: «Jende askok dio ea zergatik ez dugun aisialdia ere kontuan hartzen, baina legediak lau alor horiek aztertzeko eskatzen du», esan du Perezek. Gai hori lantzea komenigarria dela uste du Iturbek: «Aisialdiarena neurtzea komeni da, eta batzuetan egiten da. Baina askotan kasu bereziak dira: adibidez, jaietan zaratak gora egiten du, baina ostalaritzan duen eragina hobesten da kasu horretan». Aisiari dagokionez, hutsune bat aurkitu du ikertzaileak: dantzalekuak eta tabernak. «Toki pribatuetan barruko zarata ez dago mugatuta, eta gau osoa 120 dezibelekin egon zaitezke, eta hori arrisku zuzena da». Euskal Herri osoan ez da gertatzen, baina: Iparraldean mugaturik dago. «Kontzertuak badaude areto batean, soinu teknikariak aparatu bat du, eta 96 dezibeletik pasatuz gero, abisatzen dio».

Arazo handiak sortzen ditu zaratak gizakiarengan. Zuzenean eragiten ez duen arren, epe luzera oso kaltegarria izan daiteke. Xabier Altuna Donostia Unibertsitate Ospitaleko Otorrinolaringologia Unitateko zerbitzuburua da, eta kezkaturik dago zaratak sortzen dituen kalteez. Onartu du administrazioan gaia kontuan hartzen dutela, baina oraindik ere zarata handia dago. OME Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, zarata da gizakien eta beste espezie batzuen artean gaixotasunik gehien sortzen duten ingurune faktoreetako bat.

«Zaratak kalte egiten dio barne belarriari, entzumenarentzako garrantzitsuena den atalari». Denbora askoan —jaio eta hil arte— zarata handia jasaten dute belarriek hirietan; beraz, «etenik gabeko mina» da. Horrek belarrian arazoak sortzen ditu —entzumen falta, akufenoak edo tinnitus-a—, baina baita sintoma orokorrak ere: tentsioa igo dezake; estresa eta lo falta sor dezake; horrek beste arazo orokor batzuk ekar ditzake. «Egun, belarriarentzako kaltegarriena zarata da».

Esan duenez, 75 urtetik gorako gipuzkoarren %50ek entzumen falta du, faktore askoren eraginez. «Entzumen falta hori asko okertzen da urteak betetzen direnean eta zarata tartean dagoenean. Ehuneko hori azkenengo urteetan igo egin da, eta hau konpontzen ez bada, igotzen jarraituko du. Beraz, gero eta gehiago dira zaratarengatik jasotzen ditugun kontsultak».

Maparen ondoren, neurriak

Soinuaren mapak eginda egon arren, hori abiapuntua besterik ez dela azaldu du Andres Illana Ekologistak Martxan taldeko kideak: «Arazo bat dagoela antzeman ondoren, horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira». Alegia, ekintza plan bat behar da. Eta hori da, hain zuzen, egiten duen kritika. «Araudiak soinu mapak egin behar direla dio, eta horregatik egin dira ikerketa horiek. Zenbateko soinua dugun ikusita, horiek bideratzeko neurriak hartzea falta da orain». Eta, horretarako, eskaera jakin bat ere egin du: neurri bakan batzuk hartu beharrean, ikuspegi orokorrekoak har daitezela. «Soinua murrizteko, neurri bat hartzea ez da nahikoa: neurri asko hartuz konponduko da».

Hirietan neurtzen den soinurik gehiena zirkulazioak sortua da; Illanak horri heldu dio: «Proposamen jakin batzuekin lor daiteke kalean dabiltzan autoen kopurua mugatzea». Erdigunetik garraioa mugatzeko proposamena egin du lehenbizi, eta, horri lotuta, hiri kanpoaldean aparkalekuak jartzea. «Bertako ez diren auto ugari sartzen dira egunero hiri barruraino. Beraz, erdigunetik urrun dagoen aparkaleku batean utziz gero, asko mugatuko luke trafikoa». Hori bai, horretarako garraio publikoa sendotu behar dela nabarmendu du. «Gaur egun garraio publikoa sustatzen den arren, ahalegin handiagoa egin beharra dago». Horrez gain, abiadura mugatu beharra aldarrikatu du; hau da, orduko 20 eta 30 kilometroko guneak sustatzea. Horrek, gainera, seguruago egingo luke bizikletan ibiltzea, eta garraiobide horrekin soinua murriztuko litzatekeela azaldu du. «Gasteizen bertan ikusi dut nik: bizikleta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta auto gutxiago ikusten da hirian bertan».

Bada oraindik asko garatu ez den beste neurri bat: auto elektrikoak sustatzea. «Ez dute soinurik ateratzen, soinurik handiena erregaiak erabiltzen dituzten motorretatik baitator». Hirietan egiten diren zamalanak ere arautu behar direla uste du Illanak. Onartu du ordu jakin batzuetan egin behar izaten direla, baina beste modu batera egin daitezke. «Denda edo taberna bakoitzaren parean kamioiak pilatu beharrean, zamalan horiek orgen bidez gehiago egin beharko lirateke». Azkenik, azaldu du soinuaren aurkako neurriak aintzat hartzea ere eskatu beharko litzatekeela lan publikoetan, diruari soilik begiratu beharrean.

Antzeko proposamenak egin ditu Perezek ere. Izan ere, zarata mapa estrategikoak egin ondoren, badago beste zereginik: zarataren aurkako hobekuntza planak egitea. Haiek egin dute. Ekologistak Martxan taldeko kideak esandakoez gainera, beste neurri batzuk jarri ditu mahai gainean: kutsadura akustikoaren aurkako udal ordenantzak egitea, bidegorriak sustatzea, errepideen egoera hobetzea, hirietako obretan erabiltzen den materialaren zarata kontrolatzea, oinezkoentzako guneak sortzea eta zaratarik gabeko guneak babestea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA