Asteburuko proposamenak

Zeharkaldia hasteko garaia

Atlantikaldia musika jaialdia egingo dute Errenterian, gaurtik igandera arte. Gaur Sol Band talde palestinarrak hartuko du oholtza, zenbait euskal artista lagun.

Sol Band taldea 'Maite zaitut' festa erraldoian izan zen maiatzean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Sol Band taldea 'Maite zaitut' festa erraldoian izan zen maiatzean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zeharkaldiak ez dira soilik fisikoak. Kultura, esperientzia eta sentimenduen arteko gurutzaketak dira, norbere mugak zabaltzeko gonbita». Hori da Errenteria (Gipuzkoa) gaurtik igandera musikaz jantziko duen jaialdiaren helburua: hori da Atlantikaldia jaialdiaren espiritua. Aizpea Otaegi Errenteriako alkatearen hitz horiek ez dira ausaz esanak, Zeharkaldiak leloa izango baitu aurten jaialdiak. Arrazoia azaldu du alkateak: «Artearen eta musikaren bidez, omenaldia egin nahi diegu beren hizkuntzarekin, kontakizunekin eta tradizioekin gure komunitatea aberastu duten guztiei».

Gaurtik igandera arte, lau gune nagusitan eta herriko beste hainbat txokotan lekua izango dute hizkuntza eta ikuspegi artistiko askotako artistek, Euskal Herrikoek zein atzerrikoek. Esaterako, Palestinako Sol Band taldeak kontzertua emango du gaur, 20:00etan, Itsasargi Nagusian —hura da Atlantikaldiko oholtza nagusia; Lehendakari Agirre plazan dago—. Palestinako taldea ez da bakarrik arituko, bidelagun izango baititu Eñaut Elorrieta, Arkaitz Miner, Ines Osinaga eta Olatz Salvador euskal musikariak.

Oholtza nagusia bere egingo du Kolonbiako Pambele musika taldeak ere. Reggaea eta dancehall-a uztartzen ditu, eta Laura Penagos abeslari eta konpositorea izango dute gonbidatu bihar emango duten kontzertuan, 20:00etan. Etzi, berriz, esperimentatzeko parada izango da, Marokoko Aita Mon Amour taldea eta BihoTX igoko baitira Itsasargi Nagusira, 20:00etan, musika elektronikoa eta txalaparta nahastera. 23:00etan, Portugalgo Kumpania Algazarra taldeak brass-a ekarriko du Errenteriara, eta bidelagun izango du bolada betean dagoen Mirua taldea.

Gune ugari

Beste hamaika kontzertu, dantza emanaldi eta jarduera izango dituzte Atlantikaldian —den-denak atlantikaldia.errenteria.eus webgunean daude xehe-xehe azalduta—. Labar, Kiliki, Eider eta Anixe musikariek ere kontzertuak emango dituzte, adibidez. Haiek Kalekaia gunean izango dira, arte urbanoaren gunean; Panier orubea izango du egoitza. Herriko Plazak emanaldi intimoagoak hartuko ditu, izen bereko tokian; eta Herrixkan —Foru plazan— parte hartze kolektiboko jarduerak bilduko dituzte, eta hura izango da gastronomiarako gunea ere.

Esaterako, Sukaldeko Begiradak egitasmoa egingo dute etzi, 19:00etan, Herrixka gunean. Bixigarri jatetxeko sukaldariak Yoshitsugu Yamamoto Yoshi sukaldari japoniarrarekin ariko dira janaria prestatzen. Euskaraz ikasten hasi zen Osakan (Japonia), Euskal Herrian trebatu zen, eta gaur egun Michelin izardun jatetxe baten buru da Japonian. «Esperientzia honek tradizioa, entzutea eta sorkuntza partekatua uztartuko ditu, eta kulturak batzen dituen zubi bilakatuko du gastronomia», nabarmendu dute Atlantikaldiaren antolatzaileek. Euskal Herriko eta Japoniako gastronomia uztartuko dituzte lau plateretan, eta, ekitaldia amaitzean, dozenaka pintxo banatuko dizkiete gerturatutakoei.

Errenteria hobeto ezagutzeko ibilaldiak ere egingo dituzte. Herriko alde historikoan bisita gidatu bat egingo dute bihar, 12:30ean. Hiribilduaren aztarna arkeologikoak ezagutzea izango dute xede. Etzi, berriz, bi ibilbide egingo dituzte: bata Errenteria Erdi Aroan nolakoa zen jakiteko, eta bestea industrializazioak Manchester txikian nola eragin zuen ikusteko. Eta palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatzeko asmoz, Bakearen soinu mapa ilustratua marraztuko dute egun berean, 18:00etan. Ibilbide solidario bat izango da, hainbat ikastetxetako ikasleek sortutako gida turistikoan oinarrituta. Errenteriako hamar gunetatik pasatuko dira, eta Palestinako errefuxiatuen egoerari buruzko audio kontakizunak entzun ahal izango dituzte, mapa ilustratuarekin lotuta.

Hamaika zeharkaldi egingo dituzte, beraz, Atlantikaldiaren hamabigarren aldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.