Larunbat goiz euritsu bat da Donostiako Gipuzkoa plazan. Putzuko zisneek babesera jo dute, baita gizakiek ere, aterkiak ireki eta itxi ari baitira arkupez arkupe. Eguneko bigarren kafea hartzen ari dira batzuk, bestelako aterki baten atzetik dabil turista talde bat, orriak eta boligrafoa eskuan sinadurak eskatzen ari dira Pacma alderdikoak... Eta hainbat lagun aulki batean edota harri hotzean eserita daude, koaderno bat eskuan dutela. Marrazten ari dira: kaleari erreparatu, estanparen batean soa jarri eta hura islatzen ari dira. Ez dago pantailarik: orria eta margoa soilik.
Elkar Sketch Marrazketa Maratoia egiten ari dira hamabosgarrenez, gaur, Donostian. Euskal Herri osoko 300 lagun inguruk eman dute izena, eta hauxe izan da beren egitekoa: Elkarrekoek eman dieten koadernoan gutxienez lau marrazki egitea, eta San Telmo museoak, Gipuzkoa plazak eta Plaza Berriak behintzat azaldu behar dute. Hortik aurrera, libre; sormena sarituko dute bereziki.
Izan ere, leku batek mila ikuspegi iradoki ditzake, eta hura islatzeko beste hainbeste era. San Telmo museoko klaustroa marrazkilariz lepo dago. Isilik daude denak, zutabeei, arkuei, kristalei eta Urgulli begira. Maite Eizagirre ere hantxe dago, baina ez da klaustroari begira ari: pareta batean ikusgai dauden hilarriak marrazten ari da. «Gure arbasoek utzitako altxorrak dira, eta zoragarria da hainbeste batera egotea». Aulkia hartuta etorri da. «Esperientzia pixka bat badugu, eta garrantzitsua da eroso egotea. Urban Sketchers taldekoa naiz, eta hilero elkartzen gara, Donostiako txokoak marrazteko. Terapia da niretzat: egunerokotasunetik ateratzeko era bat».
Ea ba ote dagoen inor museoko kaperan... Bisitariak baino ez. Buelta eman, eta hara: koruan badago neska bat marrazten. Naroa Larretak etxean marraztu ohi duen arren, kalera irteteko pausoa eman du. Eta ez edonora: parean ditu Josep Maria Serten lientzoak. «Zutabeak eta sabaia izugarriak dira, eta lientzoak ere bai. Ausartu egin naiz».

Plaza Berria ere marrazkilariz bete da. Arkupeek ematen dute jokua, balkoietako zenbakiek, euripean irekitzen ari diren toldoek... Jaime Molina, berriz, udaletxe zaharraren arkupeetan Donostiako Udal Txistulari Bandak duen egoitzaren leiho altuetako metalezko egitura marrazten ari da. «Uso batek eraman nau haraino. Ikusi». Bere marrazkian, arkupearen bestaldeko kablean dago usoa, eta kablea marrazten segitu du, leihate haietan soa jarri duen arte. Une hartantxe azpiko atetik atera dira Aitor Arozena eta Jose Ignazio Ansorena, bandako zuzendaria eta aurreko burua, hurrenez hurren. Haiek marraztuko ote zituen? Zeri erreparatzen zaion, horixe baita kontua.