Larunbatean izanen da urtero Baltsan kultur elkarteak eta Argia aldizkariak antolatzen duten Ziburuko euskal liburu eta disko azoka (Lapurdi), seigarren aldiz. Apirilaren hondarrean hasi zen Azokaldiaren burutzea markatuko du larunbatekoak; orotarat, sei ekitaldi antolatu zituzten apiriletik maiatzera, euskarazko irakurzaletasunari eta kulturari leku bat eskaintzeko. Etzi, egitarau zabala proposatuko dute: kontzertuak, lanen aurkezpenak, jokoak, animazioak...
Aurtengo aldia maiatzean aurkeztu zuten, eta, antolatzaileek iragarri zutenez, Euskaraz bagara dute aurtengo leloa. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kideak azpimarratu zuen «nehoiz baino garrantzitsuagoa» dela euskararen arnasguneak sortzea eta bultzatzea, Ziburuko liburu eta disko azokaren modukoak, hizkuntza gutituek Frantziako estatuko «politika kolonialen» ondorioz izan duten gainbeherari kontra egiteko. Bide batez, argi adierazi zuen euskarak herri egiten duela Euskal Herria, eta, ondorioz, Ziburuko plaza euskara hutsez betetzeko deia ere zabaldu zuen.
«Euskaraz hitz egiten eta sortzen, irakurtzen eta entzuten, zabaltzen eta berri ematen dugularik, gure territorio bakarra libreago egiten dugu, zerbait eta norbait bagara. Euskarak egiten gaitu herri, euskaraz bagara», adierazi zuten antolatzaileek.
Pasa diren aldietan proposatu zuten formula antzekoa izanen da, baina zenbait berrikuntza gehitu dituzte. Iaz baino lau argitaletxe gehiago gehitu dituzte argitaletxeen zerrendara: Nabarralde, Talaia, Rolariak eta Euskaltzaleen Biltzarra, besteak beste. Guztira, 43 argitaletxe presente izanen dira Ziburuko plazan; 33 liburugintzakoak dira, eta beste hamarrak, musikagintzakoak. Musikaren arloan beste bost autoekoizlek eta proiektuk hartuko dute parte. Orotara, 120 metro erakusmahai eskainia izanen zaie euskara hutsean diren ekoizpenei.
Ohi bezala, gertakaria Ziburuko plazan izanen da, baina, antolatzaileek esplikatu dutenez, azoka handitzera doanez, bost gune izanen dira denetara: Iturri Zaharra, haurren emanaldiak izanen diren lekua; karpa nagusia, azoka aterpetzen duena; Herriko Etxearen pareko karpa txikia, liburu aurkezpenak eta kultur ekitaldiak egiteko; oholtza estalia Herriko Etxearen kontra, kontzertuak emateko; eta herriko etxeko lorioa, rol jokoetako partidak egiteko.
Egitarau zabala
Eguna 10:00etan hasiko da, Aurelia Arkotxa euskaltzain, idazle eta ikerlariari omenaldia eginez. Segidan, Zubiburu mahai ingurua izanen da, Arkotxa eta Rakel Pardorekin. 11:00etan, Kiribil konpainiak ipuin kontaketa eginen du, eta Ziburuko eskoletako haurren sorkuntza emana izanen da. Ber tenorean, Madame Birrots taldeak kontzertua emanen du.
Ane Zubeldiak eginen du eguneko lehen liburu aurkezpena, eta bere Kontra lana aurkeztuko du. Eguerditan Garbiñe Ubeda eta Garlukek elkarrekin egin Maurizia, biziminaren hotsa komikia presentatuko dute. Goizeko azken ekitaldia Zirriborroka bertso saio marrazkiduna izanen da; Amaia Karrere eta Asisko Urmeneta marrazkilariak Haira Aizpurua eta Patxi Iriart bertsolarien bertsoak marrazten arituko dira, 12:30ean.
Arratsaldean, 15:00etan, Esanezin taldeak plaza alaituko du. Ondotik, Maialen Berra Zubietak umorezko bakarrizketa eginen du. Ber gisan, 15:30ean Rolariak elkarteak rol partidak animatuko ditu. Geroxeago, 16:00etan, Celine Mounole Hiriart-Urrutik Iparrorratza lana aurkeztuko du, euskarazko hutsak saihesteko gidaliburua.
16:30ean Sara Zozaia artista donostiarrak kontzertua emanen du. Ondotik, hiru liburu aurkezpen izanen dira jarraian, Joxe Austin Arrietaren Palinpsestoa, 17:00etan; Ehun zaldi Trostan, Ainhoa Urienen lana; eta 18:00etan Carmilla, Maialen Berasategi itzultzaileak itzuli duen Sheridan Le Fanuren lana.
Ekhi Lambertek emanen dio azken agurra azokari, 18:30ean kontzertua emanen baitu. 19:00etan itxiko dira azokaren ateak.