«Begiak itxi, mesedez: bidaia bat egingo dugu iraganera». Bergarako Seminarixoa aretoa (Gipuzkoa) jendez lepo dago, eta Laboratorium museoko zuzendari Rosa Errazkin ari zaie hizketan. «XVIII. mendeko Bergarara joango gara: kokatu zeuen burua 1783. urtean, hemen, Errege Mintegian». Bai, hemen esan du. Ez da kasualitatea areto horri Seminarixoa deitzea, bergararrek eraikinari horrelaxe deitu izan baitiote beti. Gaur egun UNED eta Aranzadi ikastolaren egoitza da, eta 1776an inauguratu zutenean ere —azaroan 250 urte beteko ditu— hezkuntza zentro bat zen: Bergarako Errege Mintegia. Europako zientzialaririk onenak pasatu ziren bertatik. «Imajinatu laborategi bat, tresna digitalik gabea, argi bizirik gabeko toki bat. Mahai gainean, mineralak, beirazko ontziak eta balantzak. Koadernoak, oharrez eta formulaz tindatuta. Irailaren 28a zen, 1783ko irailaren 28a».
Egun horrek Bergara zientziaren historian kokatu zuen betiko. Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek wolframa isolatzea lortu zuen, eta elementu kimiko bat topatu. Garai hartan 24 baino ez zituzten ezagutzen; gaur egun, 118 elementu kimiko daude taula periodikoan. Eta taula horretako kutxatxo bakoitzak bere historia du. Elhuyar anaiei esker —beren arreba Maria Lorenzaren laguntza ikusezinarekin—, Euskal Herriak bere lekua du taula periodikoan, bere letra eta bere zenbakia: W74. Eta herri gutxitan esan dezakete bertan elementu kimiko bat aurkitu zutenik, baina Bergaran bai.
Horren jakitun daude bergararrak, eta gogoratzeko gogoa dute. Wolframaren Eguna egin dute gaur estreinakoz. «Orain, ireki begiak», segitu du Errazkinek. «243 urte igaro dira egun hartatik, baina irailaren 28a da berriro ere. Wolframaren Eguna da, eta wolframa Bergaran isolatu zela ospatzen ari gara. Uste dugu mundua aldatu duen horrelako historia batek merezi duela aitortua izatea. Wolframaren Egunaren bitartez, iragana, oraina eta etorkizuna ekuazio berean lotu nahi ditugu: Bergaran erreakzio kimikoak eragin».

Doako bisita gidatuak egin dituzte Laboratorium museoan —wolframari buruzko esperientzia murgiltzaile bat dute—, eta Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak artista bergararrek Seminarioko arkupeetan egin duten murala inauguratu dute; W letran ardaztu dute hura ere. Edonola ere, berritasun nagusia Bergarako Enbaxadore Saria da. Ibilbide nabarmena duten bergararrak saritzea du xede, eta Jesus Mari Ugalde Kimika Fisikoko katedradun bergararrari eman diote. «Zorionak Jesus Mariri, eta zorionak Bergarari, ez da-eta erraza haren soslaiko pertsona ugari izatea. Elhuyar anaiek bezala, ikasketak kanpoan egin zituen, eta mundu osoan ibili da, hona itzuli arte, eta hemen eskola zientifiko bikaina sortu du. Ikertzaile distiratsua, dibulgatzaile aparta eta akademiko eredugarria da, eta konpromiso sendoa dauka bere herriarekin», esan dio Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak.
«Laguna» du Ugalde, eta badago bien ibilbidean paralelotasunen bat, biak izan baitira Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako buru; egungo presidente Ana Zubiaga ere Seminarixoan egon da. Bada, Jakiunde hizpidera ekarri du Ugaldek haren hitzaldian, gogora ekarrita 2011n haren egoitza Bergarako Olaso dorrean jartzea lortu zutela. «Ekimen kolektiboa izan zen, eta aliantza boteretsuak jostea bideratu zuen», oroitu du.
Ondare zientifikoa
Bergara ez zen soilik XVIII. mendean nabarmendu zientzian; gerora ere segitu dute irakaskuntzak, ikerkuntzak eta bereziki ondare zientifikoaren dibulgazioak. Eta horri buruz aritu da Ugalde, batez ere. Duela 40 bat urteko «arratsalde goibel bat» ekarri du gogora: «Seminarioko zoko batean botata zegoen materiala ikuskatzera etorri ginen Jose Mari Elortza eta biok, Eusko Ikaskuntzak eskatuta. Berehala konturatu ginen han zegoenaren balioaz, eta, han zegoen dena katalogatzen has zedin, beka bat sortu zezala proposatu genion Eusko Ikaskuntzari. Baietza jaso genuen bezain pronto, nire ikaslea izan zen Rosa Errazkini eskaini genion lana. Begira ezazue lurrean botata zeuden traste zahar haiekin zer egin duten Rosak eta haren lantaldeak», nabarmendu du.
Ondare zientifikoaren zabalkundean erreferentzia bat da Laboratorium museoa. Are, 2018an Europako Fisika Elkarteak Europako Zientziaren Historiako Lekua izendatu zuen, besteak beste, Ugaldek bultzatuta. «Horrek zientziaren historian jarri zuen Bergara. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira».