Zientziak tantaka galtzen ditu emakumeak

Emakume zientzialariek gainditu beharreko zailtasunei erreparatu zieten Rosa Molina, Maria Vallet-Regi eta Susana Carregal ikertzaileek urriaren 2an, Donostiako Passion For Knowledge nazioarteko zientzia jaialdian egindako mahai inguruan.

Emakume zientzialari baten artxiboko irudia. BERRIA
Emakume zientzialari baten artxiboko irudia. BERRIA
Haize Oiartzabal
Donostia
2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxi begiak, hartu lapitza, eta marraztu zientzialari bat. Horixe bera eskatu zien David Chambers psikologoak, 1966an, Lehen Hezkuntzako 4.807 haurri. Emaitza argigarria izan zen: 28 ikaslek baino ez zuten emakume zientzialari bat irudikatu, eta haietatik denak ziren neskak, mutiko bakar bati ere ez baitzitzaion emakume bat burura etorri. 

Berrogei urte igaro dira esperimentu hartatik, eta betaurreko eta txabusina zuridunaren marrazkia aldatuz joan da. Izan ere, emakumeek gero eta presentzia handiagoa dute zientzian. Haien ibilbidean, ordea, hainbat oztopo gainditu behar dituzte. Hain zuzen, zailtasun horiei erreparatu zieten Rosa Molina, Maria Vallet-Regi, eta Susana Carregal ikertzaileek urriaren 2an, Passion For Knowledge nazioarteko zientzia jaialdian egindako mahai inguruan.  

«Ni Oliver eta Benjirekin, David gnomoarekin edo Gadget inspektorearekin identifikatzen nintzen», erran du Molina psikiatrak. 1982an jaio zen, eta 1980ko hamarkadan ez zuen emakumezko erreferenterik izan marrazki bizidunetan. Kimikako katedradun Vallet-Regi, berriz, lau hamarkada lehenago jaio zen, 1946an, eta hark ez zuen ez erreferente emakumerik, ezta «irakasle onik» ere eduki haurtzaroan: «Puntilla egiten erakusten zidaten; nire nebei, berriz, gauza interesgarriagoak irakasten zizkieten». 

Geroztik, Vallet-Regik ziurtatu du emakumeak «zientzia munduan sartzeko esfortzua» egin dela, eta baita haiek «ikusaraztekoa» ere: «Casio markak, adibidez, hiru egun barru kalkulagailu zientifikoak aterako ditu nire aurpegiarekin eta bertze emakume zientzialari batzuenarekin». 

Rosa Molina, Maria Vallet-Regi eta Susana Carregal urriaren 2ko mahai inguruan. GORKA RUBIO / FOKU
Rosa Molina, Maria Vallet-Regi, Susana Carregal eta Maitena Salinas moderatzailea, urriaren 2ko mahai inguruan. GORKA RUBIO / FOKU

Eginahal horiek fruituak eman dituzte; izan ere, gaur egun Europan karrera zientifikoetako ikasleen erdiak emakumezkoak dira, eta doktoretza egiten dutenen %48. Emakume horiek, ordea, desagertuz doaz karguetan goiti egin ahala. Katedradunei dagokienez, adibidez, hamarretik hiru baino ez dira emakumeak, eta aldea oraindik handiagoa da zientzia kapitalizatzen dutenen artean: patenteak eskatzen dituzten ikertzaileen %91 gizonezkoak dira.

Segregazioa, hortaz, bertikala da batez ere, guraize efektua deiturikoa gertatzen baita; hau da, gaur egun gizonek eta emakumeek «abiapuntu beretik» hasten dute beren karrera zientifikoa, baina lasterketa horretan pausoak egin ahala, «aditu ihesa» gertatzen da, eta emakumeen presentzia «gutxituz» doa, Molinak azaldu duenez.

Etengabeko jario horrek, psikiatraren arabera, zerikusia du emakumeek aldiro hartzen dituzten «rolekin». Molina, erraterako, «08:00etatik 15:00etara psikiatra» da, baina, horrez gain, «alaba, laguna edo ama» ere badela esplikatu du. Hain zuzen, azken kargu hori bere gain hartu zuenean jabetu zen ibilbide zientifikoan «genero arrakalak» pisua duela oraindik ere: «Konbentzituta nengoen gure belaunaldiko emakumeok gaindituta geneukala diskriminazioa; baina ama izan nintzenean, eta malabarak egitea tokatu zitzaidanean, konturatu nintzen ezetz».

Molinaren ustez, amatasunak —eta ez aitatasunak— «lasterketatik erauzi» egiten ditu zientzialari anitz. Hark ere «asumituta» zeukan «karrera zientifikotik aldendu» beharko zuela seme-alabak zaintzeko. Baina ez zen horrela izan: «Haurrak hazteko ardura nire bikotekidearekin partekatu ahal izan nuenez, berriro batu ahal izan naiz lasterketara».

«Beti erraten dut zientifikoki hamar urte gutxiago ditudala, seme-alabak zaintzen aritu bainintzen»

MARIA VALLET-REGI Kimikako katedraduna

Vallet-Regik eta bertze emakume anitzek, ordea, ez dute Molinaren egoera bera eduki etxean. Kimikako katedradunak adierazi du bere hiru seme-alabak oraindik txikiak zirenean gelditu zela alargun: «Beti erraten dut zientifikoki hamar urte gutxiago ditudala, seme-alabak zaintzen aritu bainintzen». Gogoan du «tentazio handia» eduki zuela ikertzeari uzteko, «erabat gainezka eginda» baitzegoen. 

Alabaina, eutsi egin zion, eta, seme-alabak koskortu zirenean, «azeleragailua zapaldu» zuen Vallet-Regik. Gaur egun, nazioartean itzal handiko zientzialaria da biomaterialen arloan. CIC Biomaguneko ikertzaile Carregalentzat «arras onuragarria» da ikerketa eta amatasuna uztartzea posible dela frogatzen duten emakume zientzialarien adibideak ikusaraztea, Vallet-Regirena kasurako. 

Dena den, Carregalek argitu du kontziliazioa ez dela arazo «indibidualtzat» jo behar, «egiturazkotzat» baizik. Hortaz, harentzat «funtsezkoa» da instituzioek kontziliatzeko baliabideak eskaintzea: «Inportantea izan da, adibidez, aitatasun baimena amatasun baimenaren parekoa izatea lortu izana».

Gaur egun, aitek eta amek baimen egun kopuru bera dute, baina Molinak zalantzan paratu du guraso izateak berdin eragiten ote dien haien ibilbide profesionalei, eta gaineratu du adinekoen zaintza ere «emakumeen esku» egon ohi dela. Hortaz, psikiatrak argi du emakumeek gizonek baino «bidesari handiagoa» ordaindu behar dutela.

Mikromatxismoak, zientzian

Mikromatxismoek ere eragina dute emakume zientzialarien ibilbide profesionalean. Horiek ikusteko, Molinaren arabera, «betaurreko moreak» paratu behar dira, antiojorik gabe ezin baita Matilda ikusi. Emakume zientzialarien lorpenak aitortu edo ikusaraztearen aurkako aurreiritzi historikoari deritzo Matilda efektua. 

Zama horrek emakumeengan «arrastoak» utzi dituela nabarmendu du Molinak: «Lorpenak gutxiesteari bakardade profesionala, presio akademikoa eta etengabeko ebaluazioa gehituz gero, zauri ikusezinak sortzen dira, eta emakumeek iruzurtiaren sindromea pairatzeko joera dute». 

Horrek buruko osasunari eragiten dio: «Doktoretzako mila ikasleri egindako inkesta baten arabera, emakumeek gizonek baino ondoez psikologiko eta antsietate maila handiagoak zituzten, eta probabilitate bikoitza zuten osasun mentaleko arazo klinikoki esanguratsuak garatzeko; hots, depresioa edo antsietatea». Urriaren 10ean, hain zuzen, Buruko Osasunaren Munduko Eguna da.

«Gaur egungo gazteentzat ez dira hain erakargarriak feminizatu diren gradu zientifikoak, prestigio edo balio gutxiago ematen baitiete»

ROSA MOLINA Psikiatra

Matilda efektuarekin loturiko bertze albo kalte bat ere sumatu du Molinak azken urtetan: «Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, gaur egungo gazteentzat ez dira hain erakargarriak feminizatu diren gradu zientifikoak, prestigio edo balio gutxiago ematen baitiete». Kontrara, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) ikasketek prestigio handia dute. Bada, Unescok egindako txosten baten arabera, STEM ikasketetan graduatutakoen %35 baino ez dira emakumeak, eta zifra hori ez da aldatu azken hamar urteetan.  

Matildatik Mateora

Matildak, gainera, badu bertze aurpegirik: Mateo. Mateo efektua deiturikoak honako fenomeno hau deskribatzen du: abantaila, baliabide, ospe edo botere handiagoa dutenek denborarekin are gehiago metatzeko joera dute, eta gibelean geratzen direnek, berriz, aldea handitzeko arriskua dute. Zientziaren esparrua ez dago dinamika horretatik salbu, eta horrek azal dezake lidergo postuetan emakume gutxi egotea.

Molinak erran du emakumeek ibilbidean goiti egiten dutenean topo egiten dutela «beirazko sabaiarekin»: «Ikerketa zentroak ez dira toki neutroak; hierarkiak, eragin sareak eta botere mekanismoak daude, eta horien bidez erabakitzen da, bertzeak bertze, zer ikertu, zer argitaratu, eta noren izenean sinatu».

Horrela, zaila da emakumeek beren burua talde bat zuzentzen ikustea. «Lider maskulino bat dugu buruan, eta ez gara identifikatuak sentitzen tonu horrekin», adierazi du Molinak. Ildo horretan, Carregalek bere ikasleekin egindako ariketa bat aipatu du: ikerketa talde bat zuzendu nahiko luketen galdetu zien, eta emakume gehienek ezetz erran zuten.

Jarraian, CIC Biomaguneko ikertzaileak berriz errepikatu zien galdera bera, baina ñabardura batekin: «Galdetu nien ea talde bat zuzenduko luketen epaituak sentituko ez diren lan ingurune batean, eta, orduan, emakume gehiagok ikusi zuten beren burua zuzendari lanetan». 

«Galdetu nien ea talde bat zuzenduko luketen epaituak sentituko ez diren lan ingurune batean, eta, orduan, emakume gehiagok ikusi zuten beren burua zuzendari lanetan»

SUSANA CARREGAL CIC Biomaguneko ikertzailea

Vallet-Regik dozenaka proiektu gidatu ditu, eta, haren ustez, emakumeek lideratzeko bertze modu bat dute: «Oro har, hurbilago gaude pertsonengandik, eta hori ona da taldearentzat». Lidergo eredu berriez gain emakumeek «galdera, ikerketa gai eta ikuspegi berriak» txerta ditzaketela erantsi du.

Hortaz, hiru ikerlariek argi dute emakumeek lidergo postuetara ailegatzeko ez dutela «gizonek bezala» jokatu behar. Era berean, Molinak azpimarratu du ezen, emakumeak gizonen postuetara ailegatzeko «gehiago ahalegindu» beharrean, «sistema bera eraldatu» behar dela, «pertsona guztiak modu osasungarrian sostenga ditzan». 

Izan ere, psikiatraren arabera, «ongizatea eta bikaintasuna» ez dira kontzeptu «kontrajarriak», eta bata zein bertzea lortzeko «erritmoa jaitsi» behar da. Bat dator Carregal ere, eta arreta kantitatean ez ezik «kalitatean» ere jartzea proposatu du: «Ikertzaile bat ebaluatzeko orduan, kontuan hartu behar lirateke, argitalpen kopuruaz gain, egindako ekarpena eta haren bizi testuingurua; seme-alabak eduki dituen edo gurasoak zaintzeaz arduratu den, erraterako».   

Formula horrek emakume zientzialari anitzi bidea irekiko liekeela uste du Molinak, baina kritikak ere jaso izan ditu, emakumeei «abantaila» ematen dielakoan. Psikiatraren arabera, ordea, gizonek ez lukete eskubiderik galduko, «pribilegioak» baizik, eta, horrela, «ekitatea» lortuko litzateke, hau da, «benetako aukera berdintasuna».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA