ATZEKOZ AURRERA. Nader Koochaki. Soziologoa

«Zintzarriaren bidez dakigu ardiak zertan dabiltzan»

Gipuzkoako ehundik gora artalderen soinuak bilduta osatu du 'Soineko Paisaia' Koochakik. Hiru binilok osatzen dute bilduma, baina gehiagorentzat tartea izateko diseinatu du.

Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Soziologian lizentziatu eta doktore tesirik egin nahi ez zuela erabakita ekin zion Nader Koochakik (Donostia, 1983) artzain-txakur lehiaketak aztertzeari. Bere grabazio bat berreskuratu eta beste iturri batzuetan arakatuz, bi adarreko lan ildoa garatu zuen: txapelketei zegokiena, bisuala; eta ez-bisuala, ardien eta zintzarrien soinuena. Bigarrenarekin ondu du Soineko Paisaia lana.

Proiektua abiatu aurretik, errizomak aztertzen ari zinen, hierarkia definiturik gabe elkar lotuta dauden taldeak. Artaldea horren adibidea da?

Bai. Artaldea beti ari da aldatzen,ez baita inoiz errepikatzen ardien posizioa. Aldi berean, taldea bera da beti. Soinuen kasuan ere, zintzarri kolpeak ez dira beti berdinak. Errizomen testuak irakurtzean haiek nonahi ikusten nituen: merkurio tantetan, uretan eta abar.

Zergatik da sinpleagoa lehiaketetako artzaintza eguneroko artzaintza baino?

Murrizketa bat delako. Nolabait, laborategietako jokamoldea dago artzain txapelketetan. Elementuak testuinguru batetik hartu, eta eremu definitu batean sartzen ditugu, elkarrekintzak sortuz. Asko sinplifikatuz, pentsamendua da dena kontrolpean dagoela: elementuak hartu, joko zelaira eraman, eta horrek dituen ondorioak ikusi.

Zintzarriek zer-nolako garrantzia dute ardiak gobernatzeko garaian?

Zintzarriaren bidez dakigu ardiak zertan dabiltzan: korrika, abaroan lo, bazkan, beste artalde batekin nahastuta eta abar. Soinuaren bidez egiten den emankizun bat da, eta etengabe ari da komunikatzen.

Artzainaren presentzia errefusatu duzu zure lanean. Zergatik?

Ez dut esango horretaz damutu naizenik, baina gehiago pentsatu dut gerora. Marko baten beharragatik, metodoak ezartzeagatik egin dut, ezarri gabe lanaren iparra galdu daitekeelako. Artzainaren ahotsarena beste mundu bat da, aginduak emateko moduak eta. Ederra litzateke horrekin beste lan bat egitea, baina orduan ez nuen artzainekin harreman askorik izan nahi, nahiago nuen distantzia pixka batekin lan egin.

Hiru binilo atera dituzu. Saiatu zara baldintza jakin batzuetako egunetan soilik grabatzen?

Baldintza jakinetan baino gehiago, lana egitea ahalbidetzen zutenetan. Euritan beti da zailagoa, nahiz eta horrela ere aritu naizen. Hernion eta Azkoitian, esaterako. Gehienbat haizerik gabeko egunetan saiatu naiz grabatzen, eta, gero, artaldea soinua egiten ari zenean. Horrez gain, artaldea norena den jakitea ahalbidetu duten egoerak bilatu ditut; artaldea zeinena zen jakiteko aukerarik gabe ez nuen grabaketarik egiten, bakarren bat salbu.

Zure lana ez da biniloetara mugatzen, xehetasunak ditu.

Grabaketetarako erabilitako fitxa batzuez gain, testu literarioagoak ere baditu; gogoetak, lekuetara nola iritsi naizen, grabaketetan gertatutakoak... mami hori guztia ere sartuta dago. Arlo dokumentala, zientifikoa, literarioa, kreatiboa eta kartografikoa dauzka.

Nola dokumentatu zinen artaldeak zerrendatzeko?

Aldundiari eskatu nion artaldeen zerrenda bat, eta ehun burutik gorako artaldeen muga ezarri nuen. Denbora eskatu dit lanak, beti ezin izan dudalako grabatu, eta zerrenda zaharkituz joan da, egoerak aldatu direlako. Horregatik, 2013an berriz eskatu nuen datu basea, eguneratzeko.

Han-hemenka, erakusketetan parte hartzen ari zara Soineko Paisaia-rekin. Hori zenuen azken helburua?

Denboran irauteko moduan ondu dugu lana. Harrera baloratzeko goiz da, eta ez da kezka bat. Gainera, guztiz osatu gabe dago, eta gehiagorako lekua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.