Zer da, bada, zirkua, ez bada diziplinen eta zentzumenen arteko nahasketa eder bat. Eta horixe da Zirkuss konpainiaren Sustrai ikuskizuna ere: akrobazia, dantza, dramaturgia eta arte plastikoak uztartzen dituen ariketa eder bat, giro oniriko eta berezi batean nahastuta eta bilduta. Donostiako konpainia berritzaile horren azken lana emango dute larunbat iluntzean Altsasuko Iortia kulturgunean (Nafarroa).
«Sustrai ikuskizunarekin, ahots berri bat eskaini nahi izan diogu zirku garaikideari, sustraiak eta abangoardiak uztartuz, hurbiltasunez eta unibertsaltasunez hunkitzeko», azaldu du Lander Brionesek, Zirkuss konpainiako zuzendari artistiko eta akrobatak. Joan den irailean estreinatu zuten ikuskizuna, eta Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat jaialdi eta antzokitan eman dute geroztik. Konpainia bera Brionesen ekimenez sortu zen Donostian, eta bere sormenarengatik eta zirkua berrasmatzeko duen gaitasunarengatik egin da ezagun. «Zirkua ulertzeko modu berri bat zabaltzea, eragitea eta erakustea du helburu, munduko joera abangoardistenen korrontearen barruan. Arte eszenikoak esploratzeko, sortzeko eta garatzeko leku bilakatzeko espiritua duen konpainia euskalduna da», azaldu dute kideek.
Tailer batean girotua
Sustrai ikuskizuna artista plastiko baten tailerrean dago girotuta, eta hainbat diziplinaren arteko elkarguneak topatzea da artista horren helburua. Bidaia bat da proposatzen duena, eta ikusleak artistarekin batera egingo du bidaia hori. Protagonista hainbat pertsonaiarekin gurutzatuko da, esperientzia ugari biziko ditu, eta egoera ezberdinak behatu. Bere kezkak eta galderak eskaiolaren bidez islatuko ditu: istorioz eta mugimenduz betetako gorputz hutsak sortuko ditu, eta espazioa ere ikuskizunaren protagonista bihurtuko da.
Ikusleek eskultore protagonista horri lagundu egingo diote haren sorkuntza prozesuan. Akrobatekin eta dantzariekin egingo du topo. Zalantza, blokeoa, jolasa, laguntza eta denboraren joana irudikatuko dute horiek guztiek, eta enkontru horiek eskaiolan geldituko dira islatuta.
Lan hori guztia garatzeko, bi koreograforen laguntza izan dute: Gil Harushena eta Maialen Alberrorena. Nazioarteko koreografo ezaguna eta saritua da bata, eta dantza klasikoko eta garaikideko dantzari profesional donostiarra da bestea. Ikuskizunean parte hartzen duten artistak honako hauek dira: Miren Barrena —bera da eskultore protagonista—, Matthias Elgeta, Paloma Farga, Gema Garcia, Toni Gutierrez, Miguel Guillen, Dominika Kzymowska, Asvin Lopez, Alexander Sierra, Alvaro Medrano eta Lorena Rojas. Lengoaia eszeniko berezi bat sortuko dute guztien artean, poetikoa eta fisikoa aldi berean. Zirkuari begiratzeko beste modu bat, intimoagoa eta antzeztuagoa.