Atzekoz aurrera

Zoriontasunari sakon begiratuz

Euskal Herriko filosofiazaleen Txinparta sareak 'Zoriontasuna. Zoriontsu izan a(ha)l gara' solasaldia egin du Gasteizen, zoriontasunari buruz pentsatu, hausnartu eta eztabaidatzeko.

Filosofiazaleen Txinparta sareak antolatutako solasaldia, Gasteizko Errexala elkartean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Filosofiazaleen Txinparta sareak antolatutako solasaldia, Gasteizko Errexala elkartean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aratz Aranburu
Gasteiz
2026ko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zoriontasunari buruz pentsatu, hausnartu, hitz egin eta eztabaidatzea izan da helburu nagusia, «hitza» izanik solasaldiaren protagonista nagusia. Euskal Herriko filosofiazaleen Txinparta sareak Zoriontasuna. Zoriontsu izan a(ha)l gara solasaldia antolatu du Gasteizko Errexala elkartean, hiriburuan aurrera atera duten bigarren ekitaldia. Komunitatea trinkotzeko eta herritarren ekarpenak jasotzeko nahia erakutsi nahi izan du sareak. 

Euskal Herriko filosofiazaleen sarea «autoeraketan» oinarrituta sortu dute. Lehen pausoak 2024ko azaroan eman zituen, Agora filosofia elkarteak eta EHUk antolatutako Pentsatu! jaialdian. Herri ekinaldi horrek «inflexio puntua» izan zuen 2025eko otsailean: talde bultzatzailea osatu, eta prozesu publiko eta parte hartzailea martxan jartzea erabaki zuten. Horrela jaio zen Txinparta prozesua, Euskal Herriko filosofiazaleen sarea josteko asmoa duen dinamika. 2025eko martxoaren 21ean sortu zen ofizialki.

Pentsamendu kritikoa sustatzea, filosofia plazara ateratzea eta hausnarketa sakona egunerokoaren bizigarri egitea dira sarearen ardatz nagusiak. Haien ustez, gizartean pentsamendu filosofikoa berreskuratu ahal izateko, «hasierako txinparta» erakustea beharrezkoa da.

Solasaldiaren hasieran orri bat eman zieten partaide guztiei. Bertan, zoriontasunarekin loturiko hogei esaldi ageri ziren idatzita. Esaldiak gizartean garrantzi handia eduki duten pertsonek esandakoak ziren: aktoreak, musikariak, idazleak, filosofoak eta abar. Hasteko, ariketa txiki bat egin zen. Partaideek banan-banan irakurri zituzten esaldiak, ozen, solaskideek edukia hobeto barneratzeko.

Martin Gil moderatzaile zela egin zuten solasaldia, eta hizketaldiaren hasieran honako galdera hau bota zuen: «Pozik egotea zoriontasuna al da?». Solaskideak pentsakor egon ziren segundo batzuk, eta, ondoren, hauxe erantzun zion Beatriz Ugartek: «Nire ustez, zoriontsu izan zaitezke pozik edo triste egon gabe». 

«Nire ustez, zoriontsu izan zaitezke pozik edo triste egon gabe»

BEATRIZ UGARTESolasaldiko partaidea

Ugartek Simone de Beauvoir idazlearen esaldia nabarmendu du paperean: «Zoriontasuna ez da prozesu baten bukaeran dagoen saria, baizik eta askatasunarekin, benetakotasunarekin eta konpromisoarekin lortutako lorpen bat». Ugarteri eztabaidagarria iruditu zaio Beauvoirren esaldia, lorpen hitzak «kirrinka» egiten baitio. Haren ustez, zoriontasuna egoera batzuetan sortzen da, eta bakoitzak bere aletxoa jarri beharra dauka.

Javier Reparaz ere moderatzaile lanetan ibili zen. Solaskideei galdera batzuk bota zizkien, hausnarketara bideratutako galderak. Pisu handiko galdera batekin hasi zuen eztabaida: «Zilegi litzateke nire zoriontasuna errespetatzea, baldin eta ume txiki batekiko sexu afektiboa edukitzea zoriontsu egiten nauen pentsamendu bat bada?». Solaskideen ustez, «muga» batzuk egotea beharrezkoa da, pentsamendu guztiak ezin direlako onartu.

Eduardo Punset adituaren esaldi bat plazaratu zen eztabaidaren erdian: «Miserian bizi zarenean, dirua da zoriontasuna. Modu duin batean bizitzeko adina diru duzunean, nork bere bizitza kontrolatzen dueneko sentsazioa da zoriontasuna, alegia, egiten duzunak zerbaitetarako balio duela sentitzea». Andoni Arenaza izan da beste partaideetako bat, eta Punseten esaldiaren inguruan hausnarketa bat egin du. Ez du uste gose direnak edo larri daudenak zoriontsu bizi daitezkeenik, gutxieneko oinarri materiala behar baita.  

Saltzen duten zoriontasuna

Solasaldira gerturatutako partaide batek aipatu zuen batzuek duten zoriontasunaren ideia «iritsezina» dela. Gehiago nahi izatearen sentsazioa «oso modu presentean» daukagu, eta badirudi ez dugula inoiz lortuko erabateko osotasuna. «Askotan, ditugun gauzak estimatu baino, gure eskuetan ez dauden gauzetan pentsatzen hasten gara».

Gilek ere gaur egungo gizartearen inguruko hausnarketa egin du, batez ere zoriontasuna negozioa egiteko baliatzen dutenen inguruan: «Gaur egun zoriontsu izateko liburu mordoa daude salmentan. Gizartea zoriontasunaren bila dabil, baina zer zoriontasun mota bilatzen ari gara?».

«Gizartea zoriontasunaren bila dabil, baina zer zoriontasun mota bilatzen ari gara?»

MARTIN GILSolasaldiko partaidea

Zoriontasuna eta kimika

Reparazek Fernando Fernan Gomez aktore espainiarraren esaldi hau aipatu zuen: «Zoriontasun handiagoa ematen dit alkoholak, publikoaren onarpenak edota diruak baino». Izan ere, Reparazen esanetan, zoriontasunaren hormonak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira: dopamina, oxitozina, serotonina, endorfina… Arenazak, gaiarekin lotuta, aipatu du antsiolitikoen kontsumoaren gorakadaren datuak «ikaragarriak» direla, eta bere ustez «zerbait» gertatzen dela halako kontsumo masiboa egoteko. 

Konturatu orduko solasaldiaren amaierara iritsi dira, hainbat gai desberdinen inguruan hausnartu eta hitz egin ondoren. Bukatzeko, hasieran planteatuko galdera atera da mahai gainera: «Zer da zoriontsu izatea?». Partaideetako inork ez du izan erabat argi zer erantzun, agian galdera horrek erantzunik ez duelako. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA