enekoitz telleria sarriegi
Eskutitza

Zuri esker, aitona

2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da izan zuen Tramontana ontzian egindako bidaien parekoa. Ez bakailaorik, eta ezta itsasoak zartatutako esku, indar eta arimarik ere. Baina zuk deskribatuta bezalakoxea da urrutiko lurralde hura, aitona: ikusi ditugu icebergak eta itsas txakurrak, eta inguratu gaitu hango laino trinkoak. Ez dakit zenbateraino aldatu den Saint John’s zu azkena han izan zinenetik —1932an?—, baina orain uler dezaket zer zen Pasaiatik abiatu eta beste Pasaia batera iristea. Igualak dituzte bokalea eta kaia, baina doinu bat dauka Saint John’s-ek berezia: sirena hots magiko bat, ontziak lainoaz ohartarazteko. Eta ez esan inori, aitona, baina malkoren batek egin dit ihes langar artean, zutaz oroitzean. Loitzeneko zure bilobak lortu duelako Goierriko baserritar hura iritsi zen tokietara iristea.

Eta ezagutu dut Philipe Earl izeneko parlamentari bat, aitona. Gizon zintzo eta leial bat; ziur naiz gustuko izango zenuela. Zure historia kontatu diot, eta zirrara eragin dio. Zuk ez zenuen ezagutu, baina Red Bayra joan gara handik. Badakizu, euskal baleazaleak aritzen ziren han, San Juan hondoratu zen bertan, eta haren erreplika egin dute orain Pasaian. Jakingo bazenu aitona zer-nolako pasioz bizi duten itsasoa Albaolakoek... Eta bilera oso inportante bat egin dute han, eta Philippe Earlek zure historia kontatuz abiatu du bere hitzaldia, aitona. Ezagutzen zaituzte Kanadan.

Wanita Stone Red Bayko alkate ohiak ere izan du zure berri. Gerturatu, eta zera xuxurlatu dit belarrira: «Zuk Newfoundlandeko odola daramazu zainetan». Hangoa ere bai, aitona, zuri esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE