24 urteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati 73 urteko beste bat hiltzeagatik

Hilketa 2021ean gertatu zen, Bilbon, eta herri auzitegi batek erruduntzat jo du epaitua. 22 urteko kartzela zigorra ezarri diote 73 urteko gizona hiltzeagatik, eta beste bi urtekoa iruzur delituagatik.

2024an egin zituzten epaiketetako bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
2024an egin zituzten epaiketetako bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko abuztuaren 18a
15:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hautsak harrotu zituzten 2021ean Bilbon gertatu ziren hilketek. Guztira sei kasu izan ziren, denak gizon berari lotuak. Bada, horietako baten sententzia heldu da gaur: 24 urteko kartzela zigorra ezarri diote 73 urteko gizon bat hiltzeagatik eta gero 3.000 euro lapurtzeagatik. Maiatz bukaeran, herri auzitegi batek erruduntzat jo zuen Nelson David M.G.; eta, hortaz, epaileak 22 urteko espetxe zigorra ezarri dio hilketagatik, eta beste bi urtekoa Internet bidezko iruzurragatik. Hala zabaldu dute gaur albiste agentziek.

Bi gizonek Internet bidez ezagutu zuten elkar, zita webgune batean. Herri auzitegiak ondorioztatu du zigortuak 73 urteko gizonarekin «konfiantza» izatea lortu zuela hala, eta konfiantza horretaz baliatu zela hura engainatu eta hiltzeko. Hau da, ebatzi dute «maltzurkeriaz» jokatu zuela. 2021eko urriaren 5ean izan zen hilketa, eta, garai hartan, iruzur delitu batengatik zigorturik zegoen hiltzailea.

Sententzian ezarritako zigorra ez da fiskaltzak eta akusazioak eskatutakoa, ezta defentsak eskatutakoa ere. Fiskaltzak eta akusazioak zigor bera eskatzen zuten: 25 urteko espetxealdia hilketagatik, eta hiru urteko kartzela zigorra iruzurra dela eta. Defentsak, bestalde, argudiatzen du hiltzailea «gaizkile talde bateko kidea» zela, eta «aginduak betetzen» zituela, besterik gabe. Horiek horrela, eskatu zuen «zigorrik txikiena» ezartzeko.

Beste bost heriotza

Orain plazaratu den hau ez da hiltzaileari jarri dioten lehen zigorra. Izan ere, guztira bost hilketa eta bi saiakera leporatu zaizkio. Horietan guztietan, antzera jarduten zuen biktimekin elkartzeko.

Kasu horiekin lotuta, 25 urteko espetxe zigor bat ezarri zioten gizon bat hiltzegatik, hamar urtekoa beste pertsona bat hiltzen saiatzeagatik, eta bi urtekoa iruzur delituagatik. Defentsak helegitea jarri zion aurreneko zigorrari, eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dago hura.

Gainera, akusatua ikertzen ari dira oraindik ere, beste hiru heriotzarengatik eta hilketa saiakera batengatik. Aurreikusten dute auzi horietako biren ebazpena udaren ostean kaleratuko dutela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA