Hautsak harrotu zituzten 2021ean Bilbon egon ziren hilketek. Guztira sei kasu egon ziren, denak gizon berari esleituak. Bada, horietako baten sententzia heldu da gaur: 73 urteko gizon bat hiltzeagatik eta gero 3.000 euro lapurtzeagatik, 24 urteko kartzela zigorra ezarri diote. Maiatz bukaeran herri auzitegi batek erruduntzat jo zuen Nelson David M.G.; eta, hortaz, epaileak 22 urteko espetxe zigorra ezarri dio hilketagatik, eta beste bi urte internet bidezko iruzurragatik. Hala zabaldu dute gaur albiste agentziek.
Ikusi gehiago
Internet bidez elkar ezagutu zuten bi gizonek, zita webgune batean. Horrek 73 urteko gizonarengan sortu zuen «konfiantza» engainatu eta hiltzeko erabili zuela ondorioztatu du herri auzitegiak. Hau da, «maltzurkeriarekin» jokatu zuela ondorioztatu dute. 2021eko urriaren 5ean izan zen hilketa, eta garai hartan iruzur delitu batengatik zigorturik zegoen hiltzailea.
Sententzia ez da fiskaltzak eta akusazioak eskatutakoa, ezta defentsak eskatutakoa ere. Fiskaltzak eta akusazioak zigor bera eskatzen zuten: 25 urteko espetxealdia hilketagatik, eta hiru urteko kartzela zigorra iruzurra dela eta. Defentsak, bestalde, hiltzailea «gaizkile talde bateko kidea» zela argudiatzen du; eta berak soilik «aginduak betetzen» zituela. Gauzak horrela, «zigorrik txikiena» ezartzeko eskatu zuen.
Beste bost heriotza
Orain ezagutu den hau ez da hiltzaileak jaso duen lehen zigorra. Izan ere, guztira bost hilketa eta beste bitan hiltzen saiatzea leporatu zaizkio. Horietan guztietan, antzeko modus operandi bat erabiltzen zuen biktimekin elkartzeko.
Kasu horiekin lotuta, 25 urteko espetxe zigor bat jaso zuen gizon bat hiltzegatik;Â hamar urteko kartzela zigorra beste lagun bat hiltzen saiatzeagatik; eta bi urteko espetxealdia iruzur delituagatik. Aurreneko zigorrari helegitea jarri zion defentsak, eta Espainiako Auzitegi Gorenaren zain dago hura.
Gainera, akusatua oraindik ikertzen ari dira beste hiru heriotzarengatik eta hilketa saiakera batengatik. Horietako biren ebazpena udaren ostean heltzea aurreikusten dute.