Laugarren aldiz errudun jo dute N.D.M.B., Bilbon hainbat gizon homosexual hiltzeaz akusatuta dagoen gizonezkoa. Herri epaimahaiko bederatzi kideek aho batez hartu dute erabakia: erailketa eta iruzur informatiko delituen egilea dela ebatzi dute. Izan ere, frogatutzat jo dute 2021eko urriaren 5ean 73 urteko gizon bat hil zuela, etxean babesgabe zegoela baliatuta, eta haren sakelakoaren bidez online bankura sartuta 3.000 euroko transferentziak egin zituela bere kontura. Aldiz, ez dute frogatutzat jo Gehituren herri akusazioak eskatzen zuen diskriminazio larrigarria.
Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaitu dute gizona; joan den asteko asteazkenean hasi zen epaiketa, eta asteartean amaitu. Ia 48 orduz egon dira herri epaimahaiko kideak itxita, ebazpenaz gogoetatzen. Ez zuten lan erraza; izan ere, hilketa kasu gehienetan, akusatuek aurrez aitortzen dute delituen egileak direla; hala, aringarriak edo larrigarriak ezartzearen ingurukoak izaten dira epaimahaiaren erabaki nagusiak. Oraingoan, ordea, hilketaren egiletzaz ere ebatzi behar izan dute, auzipetuak ukatu egin dituelako akusazio guztiak, eta defentsak epaiketa osoan nabarmendu duelako zuzeneko frogarik ez dela.
Ebazpena, ordea, sendoa da, aho batez hartu baitituzte erabaki guztiak —frogatutzat jotako gertaerentzat, nahikoak dira zazpi boto—. Hala, akusazio partikularraren eta herri akusazioaren tesiarekin bat egin dute, eta auzipetua erailketa delitu baten egilea dela ebatzi dute, eta ez giza hilketa delitu batena, fiskalak eskatu bezala. Izan ere, frogatutzat jo dute biktima hiltzeko asmoz joan zela bere etxera, beste delitu bat —iruzurra— egin ahal izateko, eta bere nagusitasuna baliatu zuela hura hiltzeko.
Akusazioen tesiarekin bat egin du herri epaimahaiak, eta auzipetua erailketa delitu baten egilea dela ebatzi du, eta ez giza hilketa delitu batena, fiskalak eskatu bezala
Epaiaren arabera, egiaztatuta geratu da hilketaren egunean erasotzaileak eta biktimak elkar ezagutu zutela gizonentzako ligatzeko aplikazio baten bidez, eta sexu harremanak izatekotan egin zutela hitzordua biktimaren etxean. Han, «hura hiltzeko, edo, gutxienez, horretarako probabilitatea onartuta», ito egin zuen besoarekin lepoa estutuz. «Ezustean» harrapatu zuen 73 urteko gizona, lasai baitzegoen etxean, «erabat babesgabe», eta akusatuak bazekien itotzeko teknika horren aurrean bere burua defendatzeko aukerarik ez zuela ia izango. Erailketaren helburua, gainera, biktimaren kontutik dirua ateratzea izan zen: 2.000 eta 1.000 euroko transferentzia bana egin zituen, gizonaren hatz markarekin online bankura sartuz.
Hala ere, epaimahaiak ez du frogatutzat jo biktima sexu joeragatik diskriminatu zuenik. Gehituren herri akusazioak egina zuen larrigarri eskaera hori: biktima homosexuala zen, gizon homosexualentzako aplikazio baten bidez jarri zen harekin harremanetan erasotzailea, eta, Gehituren abokatuaren ustez, «sexu joeragatik hautatu zuen biktima». Akusatuaren aurkako beste auzibideetan ere galdegin dute larrigarri hori, baina ez diete inoiz onartu.
28 urteko zigor eskaera
Izan ere, N.D.M.B.-ren aurkako laugarren kondena da oraingoa. Honezkero 37 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, gizon bat hiltzeagatik, beste bat hiltzen saiatzeagatik eta iruzurragatik. Eta gutxienez beste lau auzibide ditu zabalik: hiru hilketa —horietako biren epaiketak udazkenerako aurreikusita daude— eta hilketa saiakera bat.
Orain, epaileak erabaki beharko du zenbateko zigorra ezartzen dion hilketa honengatik. Herri epaimahaiaren ebazpenaren arabera, zigor eskaerak moldatu dituzte aldeek, eta fiskalak bat egin du akusazio partikularrak galdegindakoarekin: 25 urteko espetxealdia erailketagatik eta hiru urtekoa iruzurragatik. Defentsak absoluzioa eskatua zuen, eta adierazi du ez dagoela ados ebazpenarekin; zigorrik txikiena galdegin du.