Zazpi Katu gaztetxeko kideek erresistentziarako deia egin dute, «negozio bihurtzeko» hustu ez dezaten

Bilboko Zazpikaleetako gaztetxea jabez aldatu dela eta husteko arriskuan dela salatu dute. Urtarrilaren 30ean manifestazioa egingo dute, Zazpi Katuren proiektua eta auzoko sareak defendatzeko.

Dozenaka lagunek adierazi diote babesa Zazpi Katuri gaurko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Dozenaka lagunek adierazi diote babesa Zazpi Katuri gaurko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko azaroaren 27a
19:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Guk ez dugu inondik inora hemendik alde egingo». Bilboko Zazpikaleetako Zazpi Katu gaztetxea husteko mehatxua ikusita, egitasmoa defendatzeko prest agertu dira bertako kideak. Asteon jakin dute eraikina jabez aldatu dela, eta susmoa dute «negozio bihurtzeko» asmoa duela jabe berriak. Beraz, erresistentziarako deia egin dute, eta babesa eskatu dute urtarril amaieran gaztetxearen hogeigarren urteurrena ospatu ahal izateko: «Beste hogei urtez gure babesleku izan dadin». Hala, urtarrilaren 30ean manifestazio handi bat egingo dute Zazpi Katuren alde: Etxebarrieta Anaien plazatik abiatuko da, 17:30ean.

Aste hasieran sare sozialetan zabaldu zen Zazpi Katu husteko arriskuan dagoela, eta gaur arratsaldean agerraldi jendetsua egin dute gaztetxeko kideek azalpenak emateko. Ia hogei urteko ibilbidean pilatutako atxikimenduaren adierazle, Solokoetxeko eskailerak goitik behera bete dira gaztetxea babesten duten lagunez, eta, bertan kabitu ezinda, dozenaka geratu dira Erronda kalean bertan. Horko igogailuan, pankarta bertikal bat eskegi dute, Gaztetxeak defendatu leloa zuena; eta umeek ere pankarta propioa zabaldu dute: 7katu defendatu.

«Haserre eta amorruz» mintzatu dira gaztetxeko bozeramaileak azken hilabeteotako gorabeherez. Azaldu dutenez, uztailean argindarra moztu zieten, «inolako azalpenik eman gabe», eta uda osoan jardun ziren egoera hori kudeatzen, bestelako informaziorik gabe. Uda amaieran, berriz, jakinarazi zieten 30 egun zituztela gaztetxetik alde egiteko.

«Gaztetxea ez dira lau horma soil, baizik eta hogei urte hauetan eraiki dugun gunea, auzoarentzat eta auzotarrentzat sortutako proiektu kolektiboa»

ZAZPI KATU GAZTETXEKO KIDEAK

Eta aste honetan jakin dute zergatia: «Eraikin osoa erosi berri dute, gaztetxea jabez aldatu da. Auzoan ondo ezagutzen ditugu horrelako erosketak egiten dituztenak, etekin ekonomikoa ateratzea eta espekulatzea dute helburu. Beste behin ere, ematen du Alde Zaharra turistez betetzeko eta negozio bihurtzeko asmoa dutela». Erantsi dute, gainera, halako operazioen xedea dela «auzotarrak auzotik botatzea» eta, horrekin batera, auzoetako sareak haustea eta komunitatea desegitea, baita zaintza harremanak ere.

«Baina badakigu gurea ez dela kasu bakarra». Zazpi Katukoek elkartasuna adierazi diete Euskal Herrian husteko arriskuan dauden gaztetxeei eta gune autogestionatuei, eta «okupazioaren aurkako oldarraldiari» aurre egitera deitu dute: «Kapitalismoaren fase basati honetan, gero eta gehiago bultzatzen gaituzte indibidualismora. Antolatzeko, sareak sortzeko eta borrokatzeko guneak jopuntuan daude». Hala, tokia eta egitasmoa defendatzeko deia egin dute: «Gaztetxea ez dira lau horma soil, baizik eta hogei urte hauetan eraiki dugun gunea, auzoarentzat eta auzotarrentzat sortutako proiektu kolektiboa».

Hogei bat urteko bidea

Alde horretatik, urte hauetan guztiotan gaztetxeak egindako bidea nabarmendu dute. «Ezinbesteko gunea da gazteen politizaziorako», adierazi dute. «Bertan garatzen dugu begirada kritikoa, zapalkuntzak identifikatzen ikasten dugu, eta bestelako bizimodu eta harreman ereduak sortzeko aukera dugu. Sistema kapitalistak, patriarkalak eta indibidualistak ezarritako ereduei aurre egiteko, elkarrekin pentsatzeko, ikasteko eta antolatzeko gunea da».

Erantsi dute gaztetxeak ehunka jarduera eskaini dituela, «doan eta guztion eskura», eta hainbat eragile eta kolektiboren elkargune ere izan dela. Adibide gisa aipatu dituzte Zirri Zaharra umeentzako aisialdi taldea eta Kalamiak auzoko feminista gazteen taldea: biak jaio eta hazi dira gaztetxearen abaroan. Hala, gazteentzako gune autogestionatu bat ez ezik, «auzoko sareei eusteko eta borroka berriak antolatzeko ezinbesteko tresna» ere galduko litzateke Zazpi Katu desagertzekotan.

Urtarrilaren amaieran Zazpi Katuren hogeigarren urteurrena ospatuko dute, eta hilaren 30ean manifestazio handi bat egingo dute.

Mehatxuari indartsu erantzun nahi diote gaztetxekoek eta auzokoek. «Argi dugu bidea: erresistentzia. Auzoa ez dago salgai, gaztetxea ez dago salgai! Eta bertan hazi eta hezi garenok badugu zeresana». Zazpi Katu babestera hurbildutako dozenaka lagunek txalo biziz amaitu dute agerraldia, eta ozen entzun da gaztetxeen inguruko aldarri zaharra: «Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA