«Guk ez dugu inondik inora hemendik alde egingo». Bilboko Zazpi Kaleetako 7katu gaztetxea husteko mehatxuaren aurrean, egitasmoa defendatzeko prest agertu dira bertako kideak. Asteon jakin dute eraikina jabez aldatu dela, eta susmoa dute «negozio bihurtzeko» asmoa duela jabe berriak. Beraz, erresistentziarako deia egin dute, eta babesa eskatu dute urtarril amaieran gaztetxearen hogeigarren urteurrena ospatu ahal izateko: «Beste hogei urtez gure babesleku izan dadin». Hala, urtarrilaren 30ean manifestazio handi bat egingo dute 7katuren alde: Etxebarrieta Anaien plazatik abiatuko da 17:30ean.
Aste hasieran sare sozialetan zabaldu zen 7katu husteko arriskuan dagoela, eta gaur arratsaldean agerraldi jendetsua egin dute gaztetxeko kideek azalpenak emateko. Ia hogei urteko ibilbidean pilatutako atxikimenduaren adierazle, Solokoetxeko eskailerak goitik behera bete dira babesez, eta bertan kabitu ezinda, dozenaka lagun geratu dira Erronda kalean bertan. Horko igogailuan, pankarta bertikal bat eskegi dute, Gaztetxeak defendatu leloarekin; eta umeek ere pankarta propioa zabaldu dute: 7katu defendatu.
«Haserre eta amorruz» mintzatu dira gaztetxeko bozeramaileak azken hilabeteotako gorabeherez. Azaldu dutenez, uztailean argindarra moztu zieten, «inolako azalpenik eman gabe», eta uda osoan jardun ziren egoera hori kudeatzen, bestelako informaziorik gabe. Uda amaieran, berriz, jakinarazi zieten 30 egun zituztela gaztetxetik alde egiteko.
«Gaztetxea ez dira lau horma soil, baizik eta hogei urte hauetan eraiki dugun espazioa, auzoarentzat eta auzotarrentzat sortutako proiektu kolektiboa»
7KATU GAZTETXEKO KIDEAK
Eta aste honetan jakin dute zergatia: «Eraikin osoa erosi berri dute, gaztetxea jabez aldatu da. Auzoan ondo ezagutzen ditugu horrelako erosketak egiten dituztenak, etekin ekonomikoa ateratzea eta espekulatzea dute helburu. Beste behin ere, ematen du Alde Zaharra turistez betetzeko eta negozio bihurtzeko asmoa dutela». Erantsi dute, gainera, halako operazioen xedea dela «auzotarrak auzotik botatzea», eta horrekin batera, auzoetako sareak haustea eta komunitatea zein zaintza harremanak desegitea.
«Baina badakigu gurea ez dela kasu bakarra». 7katutik elkartasuna adierazi diete Euskal Herrian husteko arriskuan dauden gaztetxeei eta gune autogestionatuei, eta «okupazioaren aurkako oldarraldiari» aurre egitera deitu dute: «Kapitalismoaren fase basati honetan, gero eta gehiago bultzatzen gaituzte indibidualismora. Antolatzeko, sareak sortzeko eta borrokatzeko espazioak jopuntuan daude». Hala, espazioa eta egitasmoa defendatzeko deia egin dute: «Gaztetxea ez dira lau horma soil, baizik eta hogei urte hauetan eraiki dugun espazioa, auzoarentzat eta auzotarrentzat sortutako proiektu kolektiboa».
Bi hamarkadetako bidea
Ildo horretan, bi hamarkadotan gaztetxeak egindako bidea aldarrikatu dute. «Gazteen politizaziorako ezinbesteko gunea da», nabarmendu dute; «Bertan garatzen dugu begirada kritikoa, zapalkuntzak identifikatzen ikasten dugu eta bestelako bizimodu eta harreman ereduak eraikitzeko aukera dugu. Sistema kapitalistak, patriarkalak eta indibidualistak ezarritako ereduei aurre egiteko, elkarrekin pentsatzeko, ikasteko eta antolatzeko espazioa da».
Erantsi dute gaztetxeak ehunka jarduera eskaini dituela, «doan eta guztion eskura», eta hainbat eragile eta kolektiboren elkargune ere izan dela. Adibide gisa aipatu dituzte Zirri Zaharra umeentzako aisialdi taldea eta Kalamiak auzoko feminista gazteen taldea: biak jaio eta hazi dira gaztetxearen abaroan. Hala, gazteentzako gune autogestionatu bat ez ezik, «auzoko sareei eusteko eta borroka berriak antolatzeko ezinbesteko tresna» ere galduko litzateke 7katu desagertzekotan.
Urtarrilaren amaieran 7katuren hogeigarren urteurrena ospatuko dute, eta hilaren 30ean manifestazio handi bat egingo dute.
Mehatxuari indartsu erantzun nahi diote gaztetxekoek eta auzokoek. «Argi dugu bidea: erresistentzia. Auzoa ez dago salgai, gaztetxea ez dago salgai! Eta bertan hazi eta hezi garenok badugu zer esana». 7katu babestera hurbildutako dozenaka lagunek txalo biziz amaitu dute agerraldia, eta ozen entzun da gaztetxeen inguruko aldarri zaharra: «Okupazioa delitua bada, gora gora delinkuentzia».