Aburtok berretsi du Bilboko alkatetza uzteko erabakia ez zela berea izan, EAJrena baizik

Udal agintari jeltzaleak ez dio galdetu EAJri zergatik aukeratu duen beste hautagai bat Bilboko alkategai izateko.

BBBko buru Iñigo Ansola eta Juan Mari Aburto, artxiboko irudi batean. EAJ
BBBko buru Iñigo Ansola eta Juan Mari Aburto, artxiboko irudi batean. EAJ
14789412 kepa
2026ko uztailaren 27a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak berretsi du ez zuela berak hartu 2027ko udal hauteskundeetan berriro hautagai ez izateko erabakia, EAJk baizik. Hala ziurtatu du igande honetan EITBko A un metro saioan emandako elkarrizketa batean. Bertan azaldu zuenez, ez du inoiz pentsatu alkatetza uztea, baina ez zuen ziurtzat jotzen udaleko buru izaten jarraitu behar zuenik.

Joan den ekainaren hasieran iragarri zuen Aburtok, 2015etik Bilboko alkatea denak, ez dela aurkeztuko 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetara. Bi egun geroago, EAJk Mikel Hidalgo aurkeztu zuen hautagai —33 urte ditu— . «Azken hilabete hauetan nirekin une askotan partekatu duen hausnarketa luze baten ondoren, EAJk erabaki du Bilbok lidergo berri bat behar duela datozen garaietarako. Erabaki hori nirekin partekatu dute, eta ni lankidetzarako prest agertu naiz», azaldu zuen orduan Aburtok.

Atzo emititutako A un metro telebista saioan, Aburtok aitortu zuen «arraro» sentitzen dela «bat-batean lehorrean gelditzeagatik»; baina, aitortu zuenez, ez du galdetu EAJk zergatik jarri duen konfiantza beste hautagai batengan, eta ez berarengan .«Ez nuen pentsatzen uztea, baina ez nuen pentsatu ere egin jarraitu behar nuenik. Egia da erabakia haiena izan zela, baina hausnarketa prozesua partekatua izan da», adierazi zuen.

«Nire ustez, umiltasuna ere erakutsi behar da ‘honaino iritsi gara’ esaten digutenean; ‘plazer bat izan da’ eta ‘eskerrik asko’ esateko jarrera hori izatea beharrezkoa da»

JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea

Juan Carlos Etxeberria aurkezleak jakin nahi izan zuen ere EAJri galdetu ote zion zer dela-eta erabaki duten hori. Aburtok, ordea, ezetz esan zion. «Ez dut galdetu zergatik. Alkate izateko proposatu zidaten egunean ere ez nuen arrazoia galdetu, eta neure buruari esan nion alde egin behar nuen egunean ere ez nuela galdetuko», azaldu zuen alkateak. «Nire ustez, umiltasuna ere erakutsi behar da ‘honaino iritsi gara’ esaten digutenean; ‘plazer bat izan da’ eta ‘eskerrik asko’ esateko jarrera hori izatea beharrezkoa da», gehitu zuen.

Bide berean, Aburtok zera adierazi zuen: «Alkatetzan 12 urte eman ondoren, eta kargu hori 66 urterekin utzita, normaltzat jo behar da aldaketa. Niretzat ohore handia izan da Bilboko alkate izatea».

Osasun arazoak

Udal agintari jeltzalea, halaber, azken urteetan izan dituen osasun arazoei buruz mintzatu zen: «Gaizki pasatu dut». Esplikatu zuenez, hiru ebakuntza egin behar izan dizkiote duodenoko tumore batengatik, eta aldakako beste hiru operazio ere izan ditu.

«Osasunean eragin dizu karguak?», galdetu zion Etxeberriak. «Neurri batean, bai. Medikuek esaten zidaten egiten ari nintzena ez zela zuzenena, eta horrelakoak ordaindu egiten direla. Seguruenik, azkenean, ordaindu dut. Gaur egun, gauza bera ez egiten saiatuko nintzateke, baina ia ziur nago berdin egingo nukeela».

Alkatetza behin betiko uzteko garaiaz galdetuta, aitortu zuen kosta egiten zaiola etapa berri hori irudikatzea. «Uste dut ez dela erraza izango aldaketa: nik orain dudan bizimodu bizia albo batean utzi eta egun guztia libre izatea. Oraingoz ez dut horretan pentsatu nahi, baina Gabonetatik aurrera horretan hasi beharko dut», adierazi zuen. «Gai sozialetan, boluntariotzaren esparruan» inplikatuko dela gehitu zuen ondoren.

Herritarrek nola gogoratzea gustatuko litzaiokeen galdetuta, Aburtok zera erantzun zuen: «Pertsona on gisa».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA