«Kate luze bat osatzen duen kultur sistema oso batek parte hartzen du azokan. Aurten, kultur sistema horren lehenen katebegiari egin nahi diogu aipamen berezia: sortzaileei eta sortzaileek beren lanarekin dakarkiguten sorkuntzari». Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak nabarmendu duenez, sortzaileak jarri nahi izan dituzte aurten Durangoko Azokaren erdigunean. «Ez dago berezko sorkuntzarik», gogoratu du. 61. aldia izango du azokak, eta abenduaren 4tik 8ra izango da martxan. Hilabete baino gehiago falta den arren, jadanik aurkeztu dute haren irudia. Andoni Beristain diseinatzaile eta argazkilariak sortu du, eta argazki ofiziala ere ateratzeko baliatu dute aukera. Horregatik, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gain, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak egon dira aurkezpenean.
Hain zuzen, sortzaileen lana nabarmenduz eraiki du aurtengo iruditeria Beristainek. Diseinatzailea eta argazkilaria da, eta berak jaso du aurten Durangoko Azokarako irudia sortzeko eskaria. Gogoratu duenez, gaur egun gero eta gehiago erabiltzen da adimen artifiziala, baita sorkuntzan ere, baina, haren ustez, hori ez da sorkuntza. «Ordenagailu bati zer egin esan eta besteen lana erabiliz sortzen duena, nire ustez, ez da eboluzioa, ez da artea, ez da sorkuntza». Hori dela eta, gizakien sorkuntza jarri du Durangoko Azokarako sortutako irudi seriearen ardatz. «Gizakiok eskuak erabiliz tresnen laguntzaz sortzen dugun guztiaren balioa nabarmentzea da nire helburua».
Gizakien sorkuntza irudikatzeko, betidanik artea sortzeko erabili izan diren tresnen argazkiak atera ditu. Besteak beste, idazteko makina bat, diskoak edo margotzeko paleta bat ikus daitezke argazkietan. Beristainek azaldu duenez, artistek beste teknika berriago batzuk ere erabiltzen dituzten gaur egun, baina halako objektuak ere erabiltzen dituzte oraindik: «Marka agentzia edo sortzaile askok argi utzi nahi dute egindakoa eskuz sortua dela, egindakoa benetakoa dela, hartara aadimen artifizialetik urrundurik». Eta margoak edo biniloak jarri ditu joera horren adibide moduan.
«Ez gara kulturazale gutxi, baina gehiago izan gaitezke. Piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea nahi dugu»
BEÑAT GAZTELURRUTIA Durangoko Azokaren koordinatzailea
Iazko lelo bera izango du azokak aurten ere: DA! Kulturaren jaialdia. Gaztelurrutiak zergatia azaldu du: «Uste dugu bi hitz horietan jasotzen dela azokaren izaera eta egiten dugunaren zentzua. Durangoko Azoka ez da mugatzen kultur adierazpide bakarrera: askotariko sorkuntzak eta kultur esperientziak biltzen dituen jaialdi bat da».
Aurkezpen gehiago
Euskarazko sortzaileen azken ekoizpenak ere izan ditu gogoan Gaztelurrutiak. «Azken bolada luze honetan, pozez ikusi ditugu euskarazko zenbait sortzaileren ekoizpen arrakastatsuak, eta, zalantzarik gabe, euskal kulturara hurbiltzen ari diren kulturazale askoren arreta piztu dute». Eta, azaldu duenez, kulturazaleen arretari eustea da Durangoko Azokaren helburuetako bat. «Ez gara kulturazale gutxi, baina gehiago izan gaitezke. Piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea nahi dugu». Hori dela eta, Gaztelurrutiak kulturazale berriak gonbidatu ditu azokara.
Batzen direnei ahalik eta esperientziarik hoberena prestatzeko lanean dabiltza oraindik, baina Gaztelurrutiak iragarri du aurtengo egitaraua «bete-beterik» etorriko dela. Ez du datu zehatzik eman oraindik, baina esan du iaz baino aurkezpen gehiago egongo direla. Bost egun iraungo du azokak, eta 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik, azken egunean izan ezik; abenduaren 8an, 18:00etan itxiko dituzte ateak. Hala ere, 60. edizioan egin zen moduan, ateak itxi ondorenerako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Gaztelurrutiak zehaztu duenez, «benetako kulturaren jaialdi bat borobiltzeko 10:30etik goizaldera arte». Azaroaren erdialdean emango dituzte egitarauaren inguruko xehetasun gehiago.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea ere izan da aurkezpenean, eta, haren arabera, badaude pantailek ordezkatu ezin dituzten gauzak. Horregatik azokaren garrantzia nabarmendu du: «Aurrez aurre egotea, sortzaile batekin berba egitea, liburu bat gomendatzen dizun pertsonari entzutea, kontzertu baten giroaz gozatzea eta ingurukoekin batera emozionatzea. Uste dut bizi garen garaietan inoiz baino beharrezkoagoa dela hori». Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzeko ordezkariek ere hartu dute hitza, eta haiek ere Durangoko Azokak duen garrantzi estrategikoa nabarmendu dute.