Durangoko 61. Azoka

Adimen artifizialaren mehatxuaren aurrean sortzaileen lana aldarrikatuko du Durangoko Azokak

Abenduaren 4tik 8ra egingo dute aurtengo azoka, eta egitaraua «bete-beterik» etorriko dela esan dute. Aipatu dutenez, iaz baino aurkezpen gehiago egongo dira. Andoni Beristainek sortu du aurtengo irudia.

Durangoko 61. Azokaren aurkezpena gaur, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Durangoko 61. Azokaren aurkezpena gaur, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paula Marques
Durango
2026ko urriaren 28a
16:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kate luze bat osatzen duen kultur sistema oso batek parte hartzen du azokan. Aurtengo edizioan kultur sistema horren lehenen katebegiari egin nahi diogu aipamen berezia: sortzaileei eta sortzaileek beraien lanarekin dakarkiguten sorkuntzari». Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak nabarmendu duenez, sortzaileak jarri nahi izan dituzte aurtengo Durangoko Azokaren erdigunean. «Ez dago berezko sorkuntzarik», gogoratu du. 61. aldia izango du aurtengo azokak, eta abenduaren 4tik 8ra izango da martxan. Hilabete baino gehiago falta den arren, ordea, jadanik aurkeztu dute haren irudia. Andoni Beristain diseinatzaile eta argazkilariak sortu du, eta argazki ofiziala ere ateratzeko baliatu dute aukera. Horregatik, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gain, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak egon dira aurkezpenean.

Hain zuzen, sortzaileen lana nabarmenduz eraiki du aurtengo iruditeria Beristainek. Diseinatzailea eta argazkilaria da eta berak jaso du aurtengo Durangoko Azokarako irudia sortzeko eskaria. Gogoratu duenez, gaur egun gero eta gehiago erabiltzen da adimen artifiziala, baita sorkuntzan ere, baina, azaldu duenez, bere ustez hori ez da sorkuntza. «Ordenagailu bati zer egin esan eta besteen lana erabiliz sortzen duena nire ustez ez da eboluzioa, ez da artea, ez da sorkuntza». Hori dela eta, gizakien sorkuntza jarri du Durangoko Azokarako sortutako irudi seriearen erdigunean. «Gizakiok eskuak erabiliz tresnen laguntzaz sortzen dugun guztia balioan jartzea da nire helburua».

Gizakien sorkuntza irudikatzeko, betidanik artea sortzeko erabili izan diren tresnen bodegoien argazkiak atera ditu. Besteak beste, idazteko makina bat, diskoak edo margotzeko paleta bat ikusi daitezke argazkietan, horregatik. Beristainek azaldu duenez, gaur egun beste teknika berriago batzuk ere erabiltzen dituzten artistek gaur egun, baina sortzaileek oraindik ere objektu hauek erabiltzen dituztela gogoratu du: «Marka agentzia edo sortzaile askok argi utzi nahi dute egindakoa eskuekin sortua dela, egindakoa benetakoa dela, horrela, adime artifizialetik hurrunduz». Eta margoak edo biniloak jarri ditu joera horren adibide moduan.

«Ez gara kulturzale gutxi, baina gehiago izan gaitezke. Piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea nahi dugu»

BEÑAT GAZTELURRUTIA Durangoko Azokaren koordinatzailea

Iazko lelo bera izango du azokak aurten ere: DA! Kulturaren jaialdia. Gaztelurrutiak zergatia azaldu du: «Azokaren izaera eta egiten dugunaren zentzua bi hitz horietan jasotzen dela uste dugu. Durangoko Azoka ez da kultur adierazpide bakar batera mugatzen, askotariko sorkuntzak eta kultur esperientziak biltzen dituen jaialdia da».

Aurkezpen gehiago

Euskarazko sortzaileen azken ekoizpenak ere izan ditu gogoan Gaztelurrutiak. «Azken bolada luzean pozez ikusi ditugu euskarazko zenbait sortzaileren ekoizpen arrakastatsuak, eta zalantzarik gabe, euskal kulturara hurbiltzen ari diren kulturzale askoren arreta piztu dute». Eta, azadu duenez, kulturzaleen arreta hori eustea da Durangoko Azokaren helburuetako bat. «Ez gara kulturzale gutxi, baina gehiago izan gaitezke. Piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea nahi dugu». Hori dela eta, Gaztelurrutiak kulturzale berriak gonbidatu ditu azokara.

Gerturatzen direnei ahalik eta esperientziarik hoberena eskaintzeko lanean dabiltza oraindik, baina Gaztelurrutiak iragarri du aurtengo egitaraua «bete-beterik» etorriko dela. Ez du datu zehatzik eman oraindik, baina iaz baino aurkezpen gehiago egongo direla esan du. Bost egun iraungo ditu azokak, eta 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik, azken egunean izan ezik; abenduaren 8an 18:00etan itxiko baitituzte ateak. Hala ere, 60. edizioan egin zen moduan, ateak itxi ondorenerako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Gaztelurrutiak zehaztu duenez, «benetako kulturaren jaialdi bat borobiltzeko 10:30etik goizaldera arte». Azaroaren erdialdean emango dituzte egitarauaren inguruko xehetasun gehiago.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea ere izan da aurkezpenean, eta, haren arabera, badaude pantailek ordezkatu ezin dituzten gauzak. Horregatik azokaren garrantzia nabarmendu du: «Aurrez aurre egotea, sortzaile batekin berba egitea, liburu bat gomendatzen dizun pertsonari entzutea, kontzertu baten giroaz gozatzea eta ingurukoekin batera emozionatzea. Uste dut bizi garen garaietan inoiz baino beharrezkoagoa dela hori». Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzeko ordezkariek ere hartu dute hitza, eta haiek ere Durangoko Azokak duen garrantzi estrategikoa nabarmendu dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA