Beren helburuetako bat lortu egin dutela adierazi dute Bilboko Arriaga plazan kanpatutako lagunek: azaroaren 11rako etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrera deitzea. Horiek horrela, kanpadendak «pixkanaka» kenduko dituzte, ostiral honetarako aurreikusitako manifestazioaren ostean. Bilboko udaletxearen aurrean batuko dira, 17:30ean. Hartara, mobilizazio horretan parte hartzeko eta «eztanda sozialarekin» jarraitzeko deia egin diete herritarrei. Beraiek ere «etxebizitza publiko, duin, irisgarri eta unibertsal bat» defendatzen jarraituko dutela adierazi dute, eta «espekulatzea, etxegabetzea eta oinarrizko beharrizan batekin negozioa egitea ahalbidetzen duen sistema» salatuko duela.
Isusko Blanco eta Mikel Roque kanpaldiko bozeramaileek eman dute horren berri, Arriaga plazan bertan egindako agerraldian. Irailaren 28an abiatutako mobilizazioko hainbat partaiderekin batera agertu dira.
Gogorarazi dute kanpaldia «modu espontaneoan eta herrikoian» sortu zela, eta azaldu dute ez dela inoiz egon kolektibo, erakunde edo sindikaturik horren atzean. «Modu autonomo eta asanblearioan egin dugu aurrera, baliabide handirik eta egitura antolaturik gabe», azpimarratu dute.
«Errealistak izan behar dugu», aitortu dute: «Militantzia politikoan dugun antolakuntza eta esperientzia faltak eragina izan du, eta zaila egiten zaigu kanpaldiarekin jarraitzea, nekatuta baikaude». Esplikatu dutenez, «akatsak egin» dituzte, baina «ikasi» ere bai: «Zailtasunei aurre egin diegu, eta higadura fisiko eta emozional handiko uneak bizi izan ditugu». Besteak beste, lorik egin gabeko gauak eta bizitako ziurgabetasuna eta nekea aipatu dituzte.
Berrantolatzeko garaia
Arriagako protestagileek uste dute berrantolatzeko eta borroka horretan beste modu batean jarraitzeko unea dela. Nolanahi ere, ohartarazi dute inork ez dituela nekea eta errendizioa nahastu behar, «eskubide bat defendatzeak ez duelako esan nahi gure osasunari eta ongizateari uko egin behar diogunik». «Ez dugu amore ematen, ez ditugu kaleak uzten, eta ez diegu gure aldarrikapenei uko egiten», nabarmendu dute.
Hiru asteren ostean, uste dute Bilboko kanpaldiak lagundu duela «etxebizitza eskubidearen aldarrikapena eztabaida sozial eta politikoaren erdigunean kokatzen». Euskal Herrian ere greba orokorra izango da azaroaren 11n: «Ez da lorpen indibiduala, eta ez da ezein erakunderena, baizik eta borroka kolektibo baten emaitza, beste alde batera begiratzeari uztea erabaki duten pertsona guztiena», esan dute.