Abenduko zubian jario handiz jaitsiko dira Durangoko (Bizkaia) ibaietako urak. Azoka hasi eta biharamunerako, hilak bost izango dituen larunbaterako, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) mobilizaziora deitu du Bizkaiko udalerri horretan «autodeterminazioaren alde». Atzo zabaldu zuen ekitaldiaren informazioa eta egitaraua, bi egitasmok osaturikoa: 11:00etan hitzaldia egongo da San Antonio ikastetxean, eta 17:00etan mobilizazioari ekingo diote Landakotik hasita.
Euskal Herrian autodeterminazioaren aldeko aldarria aspaldikoa bada ere, EHKSrentzat «oinarrizko eskubide demokratiko» hori eztabaida politikotik kanpo geratu da azkenaldian. Frantziari eta Espainiari, estatu kapitalistak izaki, leporatu die «euskal langileriaren borondate nazionala» ukatu eta oztopatu izana, baina Euskal Herriko alderdi nazionalista nagusietan ere ardaztu ditu kritikak: «EAJk eta EH Bilduk autodeterminazioari uko egin diote, eta estatu egituretara azpiratutako estatus nazional bat aldarrikatzen dute».
Nazioa eta hizkuntza
Independentziaren bidean euskal alderdiek proposaturiko «integrazio prozesua» arbuiatu egin du antolakundeak, borondate independentista «inoiz baino txikiagoa» dela azpimarratuz. Euskal langileriak espresio nazionaletarako aukerak «erreprimituak» dituela adierazi dute, eta arreta hizkuntzan jarri. EHKSrentzat, euskararen egoera «larria» da lurralde osoan, bai hiztunen artean erabilera beherantz doalako, bai eta pairatu dituen erasoaldi instituzional, mediatiko eta judizialengatik ere. Euskara «bigarren mailako hizkuntza» dela onartu beharrean, haren eskubideak defendatzearen aldeko apustua egin dute, «sozialismoaren eroale izan dadin».
Autodeterminazioaren aldeko borrokan, «formula zaharrak agortuta» daude EHKSrentzat. Bide berriei ekiteko bestelako «indar harremanak» aldarrikatu ditu, eta egungo nazioarteko jokalekuan «ikuspegi internazionalista» ezinbestekoa dela defendatu. Halatan, Euskal Herriko langileriaren askapena lortzeko eta autodeterminaziozko estatu sozialista eraikitzeko, mobilizaziorako deia zabaldu du EHKSk abenduaren 5erako, Durangon.