Autodeterminazioa lortzeko «formula zaharrak» agortutzat jo ditu EHKSk

Euskararen defentsan eta autodeterminazioaren alde mobilizatzeko deia egin du antolakundeak, nazioartean «bestelako indar harreman» baten beharra aldarrikatuz.

Abenduko deialdiaren irakurketa, Durangon. EHKS
Abenduko deialdiaren irakurketa, Durangon. EHKS
Maddalen Omaetxebarria
2026ko azaroaren 23a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abenduko zubian jario handiz jaitsiko dira Durangoko (Bizkaia) ibaietako urak. Azoka hasi eta biharamunean, hilak bost izango dituen larunbatean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) mobilizaziora deitu du Bizkaiko udalerri horretan «autodeterminazioaren alde». Atzo zabaldu zuen ekitaldiaren informazioa eta egitaraua, bi ekimenek osaturikoa: 11:00etan hitzaldia egongo da San Antonio ikastetxean, eta 17:00etan mobilizazioari ekingo diote Landakotik hasita.

Euskal Herrian autodeterminazioaren aldeko aldarria aspaldikoa bada ere, EHKSrentzat «oinarrizko eskubide demokratiko» hori eztabaida politikotik kanpo geratu da azkenaldian. Frantziari eta Espainiari, estatu kapitalistak izaki, leporatu die «euskal langileriaren borondate nazionala» ukatu eta oztopatu izana, baina Euskal Herriko alderdi nazionalista nagusietara ere ardaztu ditu kritikak: «EAJk eta EH Bilduk autodeterminazioari uko egin diote eta estatu egituretara azpiratutako estatus nazional bat aldarrikatzen dute».

Nazioa eta hizkuntza

Independentziaren bidean euskal alderdiek proposaturiko «integrazio prozesua» arbuiatu egin du antolakundeak, borondate independentista «inoiz baino txikiagoa» dela azpimarratuz. Euskal langileriak espresio nazionaletarako aukerak «erreprimituta» dituela adierazi dute, eta horren fokua hizkuntzan jarri. EHKSrentzat euskararen egoera «larria» da lurralde osoan, bai hiztunen artean erabilera beherantz doalako, bai eta pairatu dituen erasoaldi instituzional, mediatiko eta judizialengatik ere. Euskara «bigarren mailako hizkuntza» gisa onartu beharrean, haren eskubideak defendatzearen aldeko apustua egin dute, «sozialismoaren eroale izan dadin». 

Autodeterminazioaren aldeko borrokan, «formula zaharrak agortuta» daude EHKSrentzat. Bide berriei ekiteko bestelako «indar harremanak» aldarrikatu ditu, egungo nazioarteko testuinguruan «ikuspegi internazionalista» ezinbestekoa dela defendatuz. Halatan, Euskal Herriko langileriaren askapena lortzeko eta autodeterminaziozko estatu sozialista eraikitzeko, mobilizaziorako deia zabaldu du EHKSk abenduaren 5ean, Durangon.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA