Bilboko Errekalde auzoan etxegabetze arriskuan zegoen 68 urteko emakumea ez da kalean geratu, gaur behintzat. Zortzi hilabete daramatza Bilboko udal etxebizitza batean bizitzen; etxe hori uzteko agindua jaso zuen, ordea, eta gaur 8:40ak ingururako aurreikusita zegoen haren etxegabetzea, baina bertan behera geratu da azkenean.
Kaleratzerik Ez plataformak jakinarazi duenez, emakumearen osasun egoera txarra da, eta ez du alokairu libre bat ordaintzeko baliabide ekonomikorik. Harentzat konponbide bat lortzeko, Bilboko udal ordezkariekin negoziatzen saiatu dira plataformako kideak, baina, irtenbiderik lortu ez dutela ikusita, helegitea jarri dute, eta lortu dute, oraingoz, etxegabetzea bertan behera uztea.
Imanol Arnaiz plataformako kideak BERRIAri adierazi dionez, emakumeak etxe bat dauka Basaurin, baina etxe horrek gaur egun ez ditu bizitzeko oinarrizko baldintzak betetzen, eta ez dauka baliabide ekonomikorik etxearen birgaitzea ordaintzeko. «Duela urte batzuk, lana zela eta, Asturiasera joan zen, eta denbora horretan alokairuan izan zuen Basauriko etxebizitza. Lan istripu bat dela medio, osasun egoera asko okertu zitzaion, eta Basaurira itzuli behar izan zuen, baina bere etxebizitzaren maizterrei jakinarazi zienean, alokairua ordaintzeari utzi zioten, eta etxea erabat hondatu», azaldu du Arnaizek.
«Etxea guztiz suntsituta dago, eta emakumeak badauka ziurtagiri bat erakusten duena etxebizitza horrek ez dituela betetzen han bizitzeko baldintzak», adierazi du Kaleratzerik Ez plataformako kideak. Argitu duenez, Basauriko etxebizitza birgaitzeko behar den aurrekontua 48.000 eurokoa da, eta emakumeak ez du diru kopuru hori ordaintzeko modurik. «Hilean 900 euroko diru sarrerak ditu», nabarmendu du Arnaizek.
Duela bi urte salaketa jarri zuen Basauriko bere etxean bizitzen egon zirenen aurka, baina prozesu judizialak luze joko du —oraindik ez dago epaiketarako datarik—, eta, horregatik, Kaleratzerik Ez plataformak eskatu du Bilboko etxebizitza sozialean bizitzen utz diezaiotela bitartean. Bestalde, etxebizitza hori berritzeko dirurik ez izateaz gain, komunitatearen gastuei aurre egiteko dirurik ere ez du emakumeak, eta, horregatik, etxea enbargatzeko eskaera egin du komunitateak.
Etxegabetze arriskuan dagoen emakumea ez ezik, etxebizitza eskuratzeko ezinean dauden beste hainbat familia ere gogoan izan ditu Arnaizek. Gogorarazi duenez, Bizkaian zazpi etxegabetze geratzeko lanean ari da Kaleratzerik Ez plataforma. «Onartezina da 1981etik Eusko Jaurlaritzak Bizkaian sustatu dituen 50.000 bat etxebizitza sozialetatik gehienak jabetza pribatukoak izatea edo funts putreen esku egotea. Gaur egun alokairu publikoko parke zabal bat egon zitekeen...», kexatu da.
Donostiako hogei etxebizitza huts, salgai
Bestalde, Donostian, Stop Kaleratzeak plataformak salatu du Azora higiezinen funtsak salgai jarri dituela Gros auzoko hogei etxebizitza huts. Plataformaren iritziz, Azora beldur da erakunde publikoek ez ote duten behartuko etxebizitza horiek alokairuan jartzera, eta, hori egin ezean, ea ez ote dizkioten etxeak desjabetuko.
Izan ere, erakunde publikoek neurri horiek hartzea eskatzeko mozio bat aurkeztuko du plataformak Donostiako urriko udalbatzarrean. Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatuko die etxebizitza hutsak merkatura ateratzera behartzeko araudian jasotzen diren neurriak hartzeko. Zehazki, EAEko Etxebizitza Legearen 72. artikulua aipatu dute: etxebizitza eskuratzeko zailtasun larriak dituzten udalerrietan, etxebizitza hutsetan esku hartzeko aukera aitortzen die erakundeei.
Hori ez ezik, Stop Kaleratzeak-en ustez, Azora funtsa arduratuta dago Espainiako Gobernua etxebizitzari buruz negoziatzen ari den dekretua onartuko delako. Izan ere, ondo bidean, Pedro Sanchezen gobernuak bihar aurkeztuko du, asteartea, kolektibo zaurgarriak babesteko dekretu berri hori Ministroen Kontseiluan.
Plataformak salatu duenez, Azoraren estrategia da iraupen luzeko alokairuak ez berritzea, gerora aldi baterako alokairuak egiteko. Gogorarazi duenez, kontratu mota horiek ez daude behartuta tentsio handiko eremu izendapenak dakartzan prezio mugak errespetatzera. «Orain, etxe horietan bizi diren familiei ez dizkiete iraupen luzeko kontratuak berritzen, eta gero, familia horiek kaleratzeko salaketak jartzen dituzte», azaldu du Stop Kaleratzeak plataformak. Estrategia hori baliatuta, salatu dutenez, Gros auzoan gutxienez Azoraren funtseko hogei etxebizitza daude hutsik.