Lehertu da etxebizitzaren bonba. Joan den asteazkenean, Madrilen, 87 urteko Maricarmen Abascal etxegabetu zuten, eta kasu horrek hartu duen oihartzun mediatikoak eta piztu diren protestek lehen lerrora ekarri dute eztabaida. Begirada guztiak, orain, Espainiako Gobernuak biharko Ministroen Kontseiluan onartu nahi duen dekretuan daude. Madrilek «etxebizitza eskubidea hamar arlotan defendatzeko» presazko neurri sorta bat iragarri du, baina gainontzeko alderdiekin negoziatzen ari da, eta ez dirudi elkarrizketak samurrak izaten ari direnik.
Are gehiago, Espainiako zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Gobernuko bi kideak —PSOE eta Sumar mugimendua— ez datoz bat zenbait puntutan. Hain justu, batez ere alokairuak luzatzeko eta etxegabetzeak galarazteko denbora tarteek harrotu dituzte hautsak. Hainbat etxebizitza sindikatuk eskatzen zuten alokairuak mugagabeak izatea. Bada, PSOEk Espainiako Kongresuko parte diren alderdiei proposatu dien testuan alokairuak soilik 2028ra arte luzatzea aurreikusten du. Hau da, gaur-gaurkoz alokairuan daudenek gehienez 2028ra arte luzatu ahalko dute kontratua, jabearekin akordio batera heldu ezean. Eta data bera zehazten du etxegabetzeak legez kanpo uzteko. Hau da, pertsona zaurgarriak ezingo dira etxegabetu 2028ko abenduaren 31ra arte; data horretatik aurrera, testuak ez du debekurik aurreikusten.
Angel Víctor Torres Perez Lurralde Politiketako eta Memoria Demokratikoko ministroak aitortu du presaka dabiltzala, gaurkoa «astelehen oso luzea» izango dela, eta oposizioak «esateko asko» duela: «Ulertzeko zaila izango litzateke parlamentuaren gehiengoak ez babestea proposatu ditugun neurrietako asko». Sumarreko Monica Garcia Osasun ministroak, berriz, esan du dekretua adosteko asko falta zaiela oraindik: «Partxeek eta erdizka ibiltzeak ez dute balio oraingoan».
Espainiako Gobernuak dekretuan jaso nahi dituen hamar neurriak
Oraindik negoziatzeko dauden arren, eta zehaztasun handirik ez duten arren, hauek dira:
Babesa ematea etxegabetzeei aurre egiteko, «Maricarmen gehiago egon ez dadin».
Inbertsio funtsei etxebizitzak espekulatzeko erostea debekatzea.
Etxebizitza Legea aplikatzen ez den autonomia erkidegoetako maizterrei alokairu kontratuak egonkortzea gehiegizko errenta igoerei aurre egiteko, baita herritar guztiei ere kontratua berritzen dutenean.
Aldi baterako alokairuak erregulatzea epe laburreko kontratuen iruzurra eragozteko.
Etxe turistikoei BEZa ezartzea, zergak gainontzeko negozioek bezala ordaintzeko eta haien hedapena eteteko.
Maizterrei hobari fiskalak ematea alokairua ordaintzeko egin behar duten ahalegina apaltzeko.
Hobari fiskalak eskaintzea alokairuen prezioak jaisten dituzten etxe jabeei.
Lehen etxea erosteko diru laguntzak areagotzea, aurrezki nahikorik ez dutenei etxe bat erosten laguntzeko.
Etxebizitza parke publikoa «blindatzea», diru publikoarekin eraikitako etxeak «ez daitezen inoiz gehiago espekulatzaileen eskuetara iritsi».
BEZa jaistea betirako babestuak izango diren etxeak eraikitzeko.
Izan ere, izatez, dekretua udaberrian onartzekoak ziren, gero uztailean, baina babes faltagatik atzeratu zuten, eta, orain, are handiagoa da gobernuak neurriak hartzeko duen presioa: ehunka lagun kanpatuta daude Madrilgo Sol plazan, Bartzelonan hiriko sarbide nagusietako bat den Meridiana hiribidea moztu dute —Pedro Sanchez han da gaur—, asteburuan manifestazioak izan dira Espainiako hiri ugaritan...
Madrilgo Maizterren Sindikatuarentzat «ezinbestean onartu beharreko neurria» da alokairu kontratu mugagabeak erregulatzearena, hau da, maizterrek ordaintzen duten kasuetan, kontratuak automatikoki berritzearena. Sol plazako kanpaldian, Alicia del Rio bozeramaileak dei egin dio gobernuari euren proposamena osotasunean onartzera; esan du biharko bilkurara arte presio egiten segituko dutela, eta gero erabakiko dutela kanpaldiarekin jarraituko duten edo beste modu batera mobilizatuko diren.
Akordio zaila
Ez dirudi PSOEk aliatu izan dituen alderdien exijentziak ere nolanahikoak izango direnik. Sumarrek argi utzi du dekretua adostea «oso urrun» dagoela oraindik, ez duela onartuko «gizartea exijitzen ari denaren mailakoa» ez den testurik, eta Yolanda Diaz Lan ministroak berak protesta egitera bultzatu ditu herritarrak: «Alokairuen luzamendua, etxegabetzeen babesa, aldi baterako eta gelakako alokairuen erregulazioa eta iruzur turistikoaren amaiera. Bai edo bai».
Ernest Urtasun Kultura ministroak azaldu du hiru puntutan ez direla ados jarri oraindik: bat, alokairu kontratuak automatikoki berritzea maizterrak ordaintzen segitzen duenean; bi, aldi baterako eta logelakako alokairuak erregulatzea; eta hiru, etxegabetzeen aurkako luzamenduak indarrean jarraitzea. «Gaur jokoan dauden kontuak dira, ezinbestekoak, eta Sumarretik horien alde ari gara».

EH Bilduk, Sumarrekin, Podemosekin, ERCrekin eta BNGrekin batera, agerraldia egin du eguerdian Maricarmen Abascal ospitaleratuta dagoen ospitalearen atarian, argazki bateratua ateratzeko eta dekretuari babesa helarazteko. Tartean izan dira Monica Garcia eta Sira Rego ministroak.
Irene Montero Podemoseko eurodiputatuak argi utzi du ez dutela «gutxiengoen akordio bat» onartuko, eta gobernuari egotzi dio partxeen bidez baretu nahi izatea gizartearen presioa eta kaleko mobilizazioak: «Hori da PSOEk eta Sanchezek nahi dutena. Kontua ez dago gutxiengoetarako, ezta betikoei mesede egingo dieten partxeetarako ere». Monteroren iritziz, Madril lehendabizi EAJrekin eta JxCrekin negoziatzen ari da «gero esateko zenbakiek ez dutela ematen, eta ezin zela gehiago egin»: «Bada, agian, oraingoan errentadunen eta espekulatzaileen interesak babesten dituzten alderdiei dagokie irenstea».
EH Bildu eta EAJ, neurriak hartzearen alde
Oskar Matute EH Bilduko diputatuak agerraldia egin du Erandion, Los Ochos eraikineko maizterrei babesa agertzeko eta erakusteko inbertsio funtsena arazo bat dela Euskal Herrian ere. «Jendea euren herrietatik alde egitera behartzea ez da gizarte normalizatu bat eraikitzeko modua», adierazi du, eta gogorarazi Bilbon, Gasteizen eta Donostian ere martxan daudela hainbat etxegabetze.
Nahitaez, hizpide izan du Espainiako Gobernuak onartu nahi duen dekretua, eta, «neurriak, nolabait, norabide egokian» doazela esan duen arren, «anbizioa» eskatu dio Madrili.
Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaile Maribel Vaquerok ere izan du mintzagai dekretua. Atzo adierazi zuenez, alderdia «nahiko ados» dago PSOEk proposatutako testuarekin: «Hilabete barru [Espainiako] Parlamentuan atzera botako ez duten gutxienekoen akordio zabal bat nahi dugu».
Josep Rius JxCko bozeramaileak, bere aldetik, gainontzeko alderdiei eskatu die «lubaki ideologikotik irteteko», hala, akordio bat erdietsi eta Abascalena bezalako etxegabetzeak eragotzi daitezen. JxCk uste du badaudela baikorrak izateko arrazoiak, akordioa posible delako «zintzotasunez eta arduraz» jokatuz gero, baina Riusek PSOEri esan dio beste gai batzuen inguruko neurriak ez txertatzeko dekretuan, aurrez ere akordioak bertan behera utzi izan baitituzte horregatik. JxCren proposamen nagusiak dira gehiago eraikitzea, «funts putreen gaineko kontrola areagotzea» eta etxe jabeei zein maizterrei «segurtasun juridikoa» eskaintzea.
Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu nahi duena lege dekretu bat denez, testua kongresuan bozkatu beharko dute 30 egun igaro baino lehen, eta 176 diputaturen babesa beharrezkoa da legea indarrean jartzeko. PPk eta Voxek argi utzi dute ezezkoa bozkatuko dutela.
Ikusi gehiago