Bilbon gizon homosexualak hiltzen zituen gizona hirugarren aldiz zigortu dute hilketagatik

Hemezortzi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote 2021eko uztailean gizon bat hiltzeagatik.

Zenbait gizon homosexual hiltzeaz akusatutako gizonaren epaiketa bat, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. MIGUEL TOÑA / EFE
Zenbait gizon homosexual hiltzeaz akusatutako gizonaren epaiketa bat, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. MIGUEL TOÑA / EFE
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 18a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

N.D.M.B.-k aitortu du gizon bat hil zuela 2021eko uztailaren 27an, Bilbon. Bizkaiko Auzitegiak hemezortzi urte, bederatzi hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri dio. Hamazazpi urtekoa gizona hiltzeagatik, eta urtebetekoa, bederatzi hilabetekoa eta egun bateakoa iruzur egiteagatik. Zigorrari buruzko akordioa lortu dute akusazio partikularrak, herri akusazioak, defentsak eta fiskaltzak. Hirugarren kartzela zigorra du hilketagatik, eta beste kartzela zigor bat ere badu, beste gizon bat hiltzen saiatzeagatik. Gizon homosexualak hiltzeagatik zigortu izan dute.

Zigortuak 50.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio hildakoaren amari, 15.000 euro hildakoaren anaia bakoitzari —bost ditu—, eta 3.000 euro hildakoaren iloba bakoitzari. Kalte ordain gehiago ere ordaindu beharko ditu, hildakoaren kreditu txartelarekin eskuratutako diruagatik.

Hilketa eta lapurreta

Epaiaren arabera, zigortua gizonaren etxera joan zen, eta bertan hil zuen. Hil eta gero, dirua lortzeko asmoz, kreditu txartelak, sakelako telefono bat eta erloju bat lapurtu zizkion. Hurrengo egunetan zenbait ordainketa egin zituen kreditu txartel horiekin, eta saldu egin zituen sakelako telefonoa eta erlojua. Epaileak iruzur delitu jarraituagatik zigortu du, kreditu txartelaren iruzurrezko erabileragatik. Astungarri bat aplikatu dio: delitu hori errepikatzea.

Gizonentzako ligatzeko aplikazio baten bidez jartzen zen biktimekin harremanetan, biktimen etxean hitzordua jartzen zuen sexu harremanak izateko, eta gero hil egiten zituen. Aurreko zigorra uda honetan bertan jaso zuen: 24 urteko kartzela zigorra, 2021eko urriaren 5ean 73 urteko gizon bat hiltzeagatik eta haren sakelako telefonotik 3.000 euroko transferentziak egiteagatik bere kontu korrontera. Gutxienez beste hiru auzibide ditu zabalik: bi hilketa eta hilketa saiakera bat.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA