N.D.M.B.-k onartu du gizon bat hil zuela 2021eko uztailaren 27an, Bilbon. Bizkaiko Auzitegiak hemezortzi urte, bederatzi hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri dio. Hamazazpi urtekoa gizona hiltzeagatik eta urtebetekoa, bederatzi hilabetekoa eta egun bateakoa iruzur egiteagatik. Zigorrari buruzko akordioa lortu dute akusazio partikularrak, herri akusazioak, defentsak eta fiskaltzak. Hirugarren kartzela zigorra du hilketagatik, eta beste kartzela zigor bat ere badu, beste gizon bat hiltzen saiatzeagatik. Gizon homosexualak hiltzeagatik zigortu izan dute.
Zigortuak 50.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio hildakoaren amari, 15.000 euro hildakoaren anaia bakoitzari —bost ditu— eta 3.000 euro hildakoaren iloba bakoitzari. Kalte ordain gehiago ere ordaindu beharko ditu, hildakoaren kreditu txartelarekin eskuratutako diruagatik.
Hilketa eta lapurreta
Epaiaren arabera, zigortua gizonaren etxera joan zen eta bertan hil zuen. Hil eta gero, dirua lortzeko asmoz, kreditu txartelak, sakelako telefono bat eta erloju bat lapurtu zizkion. Hurrengo egunetan zenbait ordainketa egin zituen kreditu txartel horiekin eta saldu egin zituen sakelako telefonoa eta erlojua. Epaileak iruzur delitu jarraiagatik zigortu du, kreditu txartelaren iruzurrezko erabileragatik. Astungarri bat aplikatu dio: delitu hori errepikatzea.
Gizonentzako ligatzeko aplikazio baten bidez jartzen zen biktimekin harremanetan, biktimen etxean hitzordua jartzen zuen sexu harremanak izateko, eta gero hil egiten zituen. Aurreko zigorra uda honetan bertan jaso zuen: 24 urteko kartzela zigorra, 2021eko urriaren 5ean 73 urteko gizon bat hiltzeagatik eta haren sakelako telefonotik 3.000 euroko transferentziak egiteagatik bere kontu korrontera. Gutxienez beste hiru auzibide ditu zabalik: bi hilketa eta hilketa saiakera bat.