Iraganera eta etorkizunera, bietara begira dabil Bizkaiko Foru Aldundia azken hilabeteetan. Urte hasieratik, Bizkaiko Foru Berriaren bosgarren mendeurrena ospatzen ari da, Batzar Nagusiekin batera. Eta neurri fiskal berriak iragarri zituen ekainean, talentuari eusteko, kanpora joandakoa etxera ekartzeko, kanpokoa erakartzeko eta enpresak herrialdean errotzeko. Saninazioetako harrera instituzionala egin dute gaur Foru Jauregian, eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak «foruaren oinarri den akordioa berreskuratu» eta herri itun bat proposatu die ekitaldian bildu diren lurraldeko ordezkariei, Bizkaia «aukeren herrialde» bihurtzeko: «Aukerak, enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzeko eta sustraitutako industria lehiakorra sustatzeko. Aukerak, gazte bakar batek ere ez dezan aukeratu behar bere herrialdearen eta talentuaren artean. Hemen gera daitezela gura dugu, eta joan zirenei ‘etorri etxera’ esan».
Ahaldun nagusiak esan du bere gobernuaren «laugarren ituna» litzatekeela. «Lau konpromiso; datozen belaunaldiekin egingo ditugun lau akordio». Ahaldun nagusi denetik foru gobernuak ardatz moduan dituen «itunak» dira beste hirurak: zaintzarena, iraunkortasunarena eta berdintasunarena. «Ez dira etorkizunera begira egiten ditugun promesak; agintaldiaren hasieratik horiek lantzen ari gara».
Ahaldun nagusiaren esanetan, duela hamar urtekoa baino «hobea» da egungo Bizkaia, «enplegu eta zerbitzu gehiagorekin, eta proiekzio handiagorekin». Baina ardura sortzen dioten zenbait arlo ere aipatu ditu. Zahartzeak eta bakardadeak kezkatzen dute. «Datu demografikoen atzean pertsona nagusi bat dagoelako, azken egunera arte konpainia, zaintza eta duintasuna merezi duena», azaldu du. Eskualdeen arteko orekak ere kezka pizten dio; haren esanetan, «Bizkaia ez baita Bilbo eta haren metropolia bakarrik». «Benetako berdintasunak» kezkatzen du, eta aitortu du egungo Bizkaian «arrakalak» daudela «jatorriak, sexuak, bizitokiak, errentak eta formakuntzak» eragindakoak. Esan du gizartea emakumeekin zorretan dagoela, eta kitatzeko lan egingo duela berbatu du. Azkenik, etxebizitzaren gaia ekarri du hizpidera: «Gazteak emantzipatu ezin daitezkeen lurraldeak euren etorkizuna hipotekatzen du». Horiek dira Bizkaiak dituen erronkak, eta horiei erantzutea izan beharko litzateke itun berriaren helburua.
Horretarako tresna egokia deritzo Kontzertu Ekonomikoari: «Gaur egun daukaguna zaindu, mantendu eta eskubideetan berdinak izateko aukera ematen digu. Eta berme bat da, etorkizunean ere etorriko diren eta oraindik imajinatu ere ezin ditugun erronka berriei erantzun ahal izateko». Gogoratu du foruak ez zituztela gobernuek idatzi: «Herri ohituretatik jaio ziren, eta herriak idatzi zituen bere ordezkarien bitartez». Orain ere parte hartze hori eskatu du aukerak bermatuko dituen itun berri hori idazteko.
«Behetik gora»
Foru diputatuak, Batzar Nagusietako kideak, herrialdeko alkateak, enpresariak, sindikatuetako buruak, gizarte eta kultura arloko ordezkariak... Bostehun gonbidatutik gora elkartu dira Foru Jauregian. Eta baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere, hainbat sailburuk lagunduta. Euskal Autonomia Erkidegoko agintarien aurrean, Etxanobek foraltasunaren eta herrialde historikoen defentsa egin du: gogoratu du «euskaltasuna partekatzen zuten lurraldeek elkar hartu eta batera jarduteko borondatetik» sortu zela «Euskadi». «Behetik gora».

Berak zehaztu du zeri buruz ari den Euskadi berbarekin: «Gaur-gaurkoz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa; gero gerokoak». Hiru herrialdeotako bakoitzak «bere nortasuna, bere erakundeak eta bere ahots propioa» dituela nabarmendu du, eta hirurak «subjektu politikoak» direla. Ahaldun nagusiaren arabera, «etxea partekatzeak» ez du esan gura «norberaren buruari uko egitea». Eta azalpena eman du: «Gurean, batasuna ez da uniformetasuna eta inork ez dio inori agintzen». Ohartarazi du erakundetze hori ez dela «nabarmenkeria administratibo» bat, «maila asko dituen autogobernu» modu bat baizik, «erakundeen arteko lankidetzan» oinarritutakoa.
Saninazioetako hirugarren harrera izan da Etxanoberentzat; agintaldiko azkena. Gogoratu du lehen andrea dela Bizkaiko ahaldun nagusi karguan. Kalkuluak ere egin ditu: 389 gizonezko izan ditu aurretik. «Ez dut azpimarratu nire meritua delako, herrialdeko familiei, baserriei, merkataritzari eta fabrikei eutsi zieten andre guztien omenez baizik. Haiek ere egin zuten gizarte hau, haien izen-abizenak kroniketan agertzen ez diren arren. Haiek ere eraiki zuten Bizkaia, baina historiak argazkitik kanpo utzi zituen».