Bizkaiko Foru Berria, «etorkizuneko autogobernuaren oinarria»

Bost mende dira Bizkaiko Batzar Nagusiek Forua berritu zutenetik, eta Gernika-Lumoko batzar etxean ospatu dute. Jaurlaritzako lehendakariak, Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Batzar Nagusietako presidenteak foruen espirituaren gaurkotasuna azpimarratu dute.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, gaur, Gernika-Lumon. BERRIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, gaur, Gernika-Lumon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2026ko maiatzaren 18a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragana, oraina eta etorkizuna. 1526ko Bizkaiko Foru Berriaren eskuizkribua, EAEko egungo agintari gehientsuenak eta euskal autogobernua berritzeko aldarrikapena. Denboraren aldi guztiak nahastu dira Gernika-Lumoko batzar etxean. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, lege testu hark jasotzen zituen balioek «indarrean» jarraitzen dute, eta «etorkizuneko autogobernuaren oinarri» izan behar dute. Baina zabalduta, «gaitasun politiko berriak» gehituta, erronka berriei aurre egiteko; migrazioa, Europan parte hartzea eta «garapen nazional osoa» aipatu ditu.

Bostehun urte dira Bizkaiko Batzar Nagusiek lurralde historikoaren Foru Zaharra berritu zutenetik, eta gaur gogoratu dute arbolaren gerizpean, Antiguako Amaren zin elizan. Bizkaiko udalak, Batzar Nagusiak, foru aldundia, Eusko Legebiltzarra, Jaurlaritza… erakunde gehientsuenetako ordezkariak bildu dira, orain agintean daudenak eta aurretik karguan egondakoak. Baita gizarteko beste hainbat eragile ere. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia izan dira anfitrioiak. 45 minutu egin dituzte gonbidatuei arrera egiten, ordubete iraun duen ekitaldiaren aurretik. Batzar aretoaren erdian ipini dute Foru Berriaren eskuizkribua, eta haren inguruan musika, dantza eta hitza nahastu dituzte ospakizun solemne batean.

«Gure herriaren etorkizuna eraikitzeko, ezinbestekoa dugu foruaren oinarriak indartzea, herri demokratiko, bidezko eta aurreratua sortzea ahalbidetu dute eta»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Itunaren espiritua, aldebikotasun efektiboa, berme sistema, eta autogobernu politiko, ekonomiko eta fiskala» dira Bizkaiko Foruaren zutabeak, lehendakariaren esanetan. «Etorkizuna eraikitzeko», ezinbestekoa iruditzen zaio oinarri horiek indartzea, «herri demokratiko, bidezko eta aurreratua sortzea ahalbidetu» dutelako. Eta hori egiteko eredua ere aipatu du, duela bost mendeko bizkaitarrek erabilitakoa: «Bazirelako erabaki zuten, eta erabakitzen zutelako ziren».

Jarduneko eta aurretik karguan egondako Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, gaur, Gernika-Lumon. LUIS TEJIDO / EFE
Karguan dauden eta aurretik karguan egondako Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, gaur, Gernika-Lumon. MIGUEL TOÑA / EFE

Ahaldun nagusiak Foruaren gaurkotasunaren adibideak ipini ditu: «Norbaitek zergak Foru Ogasunari ordaintzen dizkionean, eta ez Madrili, Foruari esker egiten du hori. Aldundiak errepideak, gizarte zerbitzuak eta enplegu politikak kudeatzen dituenean, foru sisteman jarduten du. Ekonomia Ituna eta foru eskumenak hemen, Gernikan, orain dela bostehun urte jorratu zenaren itzulpen garaikidea dira». Etxanobek gogoratu duenez, «absolutismoaren garaietan bizkaitarrek mugak ipini zizkioten botereari», «norbanakoen eskubideak bermatu» zituzten, ingelesek habeas corpus-a sortu baino ehun urte lehenago, eta «itunean oinarritutako autogobernua balioetsi» zuten. «Foru Berria idatzi zutenek iragana kontserbatu zuten, baina oraina ere berritu zuten».

«Foru Berria lege bat baino gehiago izan zen. Akordioan, ordezkaritzan eta norbanakoen eta kolektiboaren eskubideen defentsan oinarritutako kultura politiko bat izan zen»

ANA OTADUI Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea

Ordukoek oinaztarren eta ganboatarren arteko borrokek baldintzatutako errealitateari egin behar izan zioten aurre, diputatu nagusiak gogoratu duenez. Gaur egun, beste erronka batzuk ditu Bizkaiak: «Gizartearen zahartzea, klima aldaketa, iraultza digitala eta globalizazioaren desorekei erantzun behar diegu, besteak beste. Horretarako tresna bikaina da foruaren espiritua, erabakimena, herritarrengandiko hurbiltasuna, fiskalitate arduratsua eta akordioaren kultura eskaintzen dizkigulako».

Eskubideen sustraiak

Autogobernuaren sustraiak ez ezik, «gaur egun zuzenbide estatuagaz lotzen diren eskubideenak» ere topatu ditu Ana Otaduik Foru Berrian. Garai hartako «Europan ohikoak ez» ziren arren, orduko lege hartan jaso zituzten, eta oraindik ere indarrean daude: «Berdintasuna legearen aurrean, askatasun pertsonalaren eta patrimonialaren defentsa, boterea mugatzea itundutako arauen bidez, berme prozesal aurreratuak eta emakumeei berdintasuna aitortzea».

Batzar Nagusietako presidenteak nabarmendu duenez, munduko hainbat agintari eta pentsalarirentzat eredugarri izan zen Forua. Berbarako, John Adams AEBen sortzaileetako bat eta herrialdeko bigarren presidentea Bilbon egon zen, bere herrialdeko konstituzioa idazteko eredu bila. «Foru Berria lege bat baino gehiago izan zen. Akordioan, ordezkaritzan eta norbanakoen eta kolektiboaren eskubideen defentsan oinarritutako kultura politiko bat izan zen», nabarmendu du Otaduik.

«Efemeride bat gogoratzeak bakarrik merezi du baldin eta zerbait eragiteko balio badu. Geure buruari galdetu behar diogu zelan gabiltzan tradizio hori kudeatzen, eta zelan ari garen etorkizunari begiratzen» 

ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Gaurkoa urte osorako prestatu duten egitarauko ospakizun nagusia izan da. Baina, Etxanoberen ustez, Foru Berria oroitzeak ekitaldi hotsanditsuak baino gehiago behar du. «Efemeride bat gogoratzeak bakarrik merezi du baldin eta zerbait eragiteko balio badu. Geure buruari galdetu behar diogu zelan gabiltzan tradizio hori kudeatzen, eta zelan ari garen etorkizunari begiratzen. Bizkaitarren belaunaldi berriek jakin behar dute herri honetan tradizioa ez dela ondorengoei uzten diegun legatu pasibo bat, bizirik mantentzeko enkargu bat baizik, baserriekin gertatzen den moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA