Bizkaiko Etxebarri erretegia da munduko jatetxerik onena, 'The World's 50 Best Restaurants' zerrendaren arabera

Atxondoko Axpe auzoko erretegiak eskuratu du lehen postua, iaz bigarren geratu ostean. Erresuma Batuko William Reed Business Media enpresak ontzen du zerrenda, sukaldariei eta kritikariei galdetuta.

Bittor Arginzoniz, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Bittor Arginzoniz, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko azaroaren 5a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi urtez garaipenaren atarian geratu ondoren, aurten koroa eskuratu du Atxondoko (Bizkaia) Axpe auzoko Etxebarri erretegiak. Izan ere, Bittor Arginzoniz sukaldariak gidaturiko jatetxeak lehen postua lortu du The World's 50 Best Restaurants —Munduko 50 jatetxe onenak, alegia— zerrenda entzutetsuan, aurreko bi urteetan bigarren postuan geratu ondoren. Zerrenda egiteko galdekatu dituzten sukaldarien, kritikarien eta gastronomia adituen iritziz, beraz, Axpeko erretegia da munduko jatetxerik onena.

Erresuma Batuko William Reed Business Media enpresak ontzen du zerrenda hori. Erresuma Batuko Restaurant aldizkariak publizitate estrategia gisa sortu zen zerrenda, baina geroztik sona handia hartu du mundu zabalean, eta gastronomiaren munduan erreferentziazkoak dira hartan agertzen diren jatetxeak. Azken urteetan, Danimarkako eta Peruko jatetxeak izan dira nagusi; hain zuzen ere, Arginzonizek Peruko Maido jatetxeari kendu dio tronua. 

Zerrendako lehen postuan sailkatu den Euskal Herriko lehen jatetxea da Etxebarri erretegia. Azken urteetan bigarren postuan egonda, Europako jatetxerik onena zen jada, zerrendaren arabera, baina munduko onenaren tituluak ihes egin izan dio orain arte. Bigarren postuan, Bangkok hiriko (Thailandia) Gaggan jatetxea geratu da, eta hirugarrenean danimarkarrak ageri dira berriro, Kopenhage Alchemist jatetxekoak.

Arginzonizena ez da zerrendan ageri den Euskal Herriko jatetxe bakarra: Aitor Arregi sukaldariak Getarian (Gipuzkoa) duen Elkano jatetxea 33. postuan ageri da. Getariarrentzat, ordea, aurtengo aldiak gehiago du gazitik gozotik baino, zerrendan eustea lortu badute ere 24. postuan baitzeuden iaz.

Munduko 50 jatetxeRIK onenak

  1. Etxebarri (Axpe, Bizkaia, Euskal Herria). Europako jatetxerik onena. 

  2. Gaggan (Bangkok, Thailandia). Asiako jatetxerik onena.

  3. Alchemist (Kopenhage, Danimarka).
  4. Quintonil (Mexiko Hiria, Mexiko). Hego Amerikako jatetxerik onena.

  5. Wing (Hong Kong, Txina).

  6. The Chairman (Hong Kong, Txina). 

  7. Kjolle (Lima, Peru).

  8. Kadeau (Kopenhage, Danimarka). 

  9. DiverXO (Madril, Espainia).

  10. Plénitude (Paris, Frantzia).

  11. Atomix (New York, AEB). Ipar Amerikako jatetxerik onena. 

  12. Sorn (Bangkok, Thailandia).

  13. Mérito (Lima, Peru).
  14. SĂ¼hring (Bangkok, Thailandia).
  15. Odette (Singapur).
  16. Tuju (Sao Paulo, Brasil).
  17. Mingles (Seul, Hego Korea).
  18. Nusara (Bangkok, Thailandia).
  19. Jan (Munich, Alemania).
  20. Piazza Duomo (Alba, Italia).
  21. Meet the Bund (Shanghai, Txina).
  22. Borago (Santiago, Txile).
  23. Vyn (Skyllinge, Suedia).
  24. Al Gatto Verde (Modena, Italia)
  25. Lasai (Rio de Janeiro, Brasil).
  26. Masque (Mumbai, India).
  27. Reale (Castel di Sangro, Italia).
  28. Tresind Studio (Dubai, Arabiar Emirerri Batuak). Ekialde Hurbileko jatetxerik onena. 
  29. Enigma (Bartzelona, Herrialde Katalanak).
  30. Steirereck (Viena, Austria).
  31. Celele (Cartagena, Kolonbia).
  32. Potong (Bangkok, Thailandia).
  33. Elkano (Getaria, Gipuzkoa, Euskal Herria). Joan den urtean 24. postuan zen. 
  34. Le Coquillage (Sant-Meleg, Bretainia).
  35. La Colombe (Lurmutur Hiria, Hegoafrika). Afrikako jatetxe onena. 
  36. Ru Yuan (Hangzhou, Txina).
  37. Nuema (Quito, Ekuador).
  38. Atelier Moessmer Norbert Niederkofler (Brunico, Italia).
  39. Schloss Schauenstein (Fuerstenau, Suitza).
  40. Jordnaer (Kopenhage, Danimarka).
  41. Onjium (Seul, Hego Korea).
  42. Bozar (Brusela, Belgika).
  43. Le Calandre (Rubano, Italia).
  44. Don Julio (Buenos Aires, Argentina).
  45. Mayta (Lima, Peru).
  46. El Chato (Bogota, Kolonbia).
  47. Le Louis XV - Alain Ducasse (Monte-Carlo, Monako).
  48. Ikoyi (Londres, Erresuma Batua).
  49. Naar (Kasauli, India).
  50. Saint Peter (Sydney, Australia). Ozeaniako jatetxerik onena. 
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA