Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bosgarren aldiz erruduntzat jo du Bilbon zenbait gizon homosexual hiltzeaz akusatuta dagoen gizonezkoa, epaiketarik egin behar izan gabe, aurrekoetan bezala. Epaia gaur ezagutarazi dute, ateak itxita egin den ahozko ikustaldi batean. Bertan, akusatuak berretsi egin du aldeen akordioa, eta defentsak azaldu du ez duela errekurtsorik jarri nahi. Beraz, epaia sendoa da. N.D.M.B.-ri hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri diote, 2021eko irailaren 2an izandako hilketagatik. Hilketa egitea, etxean indarkeriaz lapurtzea eta txartela iruzurrez erabilita iruzur egitea egotzi diote.
89Zenbat espetxe urte ezarri dizkioten. N.D.M.B.-k bost zigor jaso ditu guztira: frogatutzat jo dituzte lau hilketa eta hilketa saiakera bat. Guztira, 89 urte baino gehiagoko kartzela zigorra. Epai horietatik hiru sendoak dira.
Frogatutzat jo dute akusatua biktimarekin harremanetan jarri zela gizonentzako ligatzeko aplikazio baten bidez, eta gertakariak «diskriminazio testuinguru batean gertatu zirela, non akusatuak biktimaren aurkako erasoa hautatu eta egin baitzuen, haren sexu orientazio homosexualaren aurka zegoelako».
Epaiaren arabera, akusatua biktimaren etxera joan zen 2021eko irailaren 2an, sexu harremanak izateko aitzakiarekin, «baina hura hiltzeko eta haren gauzak eskuratzeko helburuarekin, biktimaren sexu orientazioa zela eta».
Akusatuak «ito egin zuen biktima, eta horrek eragin zion heriotza». Baina ezin izan dute zehaztu «nola egin zuen edo zer erabili zuen». Hori gertatu ostean, biktimaren banku kontutik hainbat transferentzia egin zituen; ondoren, biktimaren hainbat objektu hartu zituen, eta saldu. Legez kontrako banku transferentzien zenbatekoa eta lapurtutako ondasunen balioa 1.309 euro izan zen.
Bizkaiko Auzitegiak hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri dio, giza hilketa baten egilea izateagatik; lau urte eta hiru hilabetekoa, etxean indarkeriaz lapurtzeagatik; eta urtebete eta bederatzi hilabetekoa, txartela iruzurrez erabiltzeagatik.
Gainera, akusatuak 15.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimaren zortzi anai-arrebetako bakoitzari, eragindako kalte moralengatik; eta 1.309 eurokoa oinordekoei, bidegabe lortutako diruagatik.
Epaiketaren zain
Oraindik epaiketaren zain dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriro ireki zuen homizidio kasu bat, eta beste bat ere bai, hilketa saiakeragatik. Azken gizon horrek ihes egitea lortu zuen, eta zer gertatu zitzaion salatu zuen. Gutxienez, bost hilketa eta bi hilketa saiakera leporatzen dizkiote.
ORAIN ARTEKO ZIGORRAK
- 2026ko urriaren 16a. 19 urteko kartzela zigorra, 2021eko irailaren 2an gizon bat hiltzeagatik. Aldeen akordio bati esker iritsi da epaia, eta lehen aldiz ezarri zaio orientazio sexualagatiko diskriminazioaren larrigarria.Â
- 2026ko irailaren 18a. 18 urte eta 9 hilabeteko zigorra, 2021eko uztailean Bilbon gizon bat hiltzeagatik eta iruzur egiteagatik. Kasu honetan ere akordio bat egin zuen epaiketarik izan ez zedin.
- 2026ko abuztuaren 18a. 24 urteko kartzela zigorra, 73 urteko gizon bat hiltzeagatik eta haren telefonoarekin 3.000 euroko transferentzia egiteagatik.
- 2026ko ekainaren 8a. 25 urte eta erdiko zigorra, 2021eko urrian gizon bat hiltzegatik, eta 2021eko abenduan beste bat hiltzen saiatzeagatik.
- 2024ko hasiera. 2 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra, gizon hil baten banku txartelarekin 6.300 euro baino gehiago ateratzeagatik.
Â