Bosgarren aldiz erruduntzat jo dute Bilbon zenbait gay hiltzeaz akusatutako gizona

Aurrekoan bezala, ez dute epaiketarik egin behar izan, alderdien arteko adostasun akordioa izan delako. Oraingo honetan, hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri diote, 2021eko irailaren 2an izandako hilketagatik.

EHGAMek egindako elkarretaratzea, N.D.M.B.-ri egindako epaiketetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
EHGAMek egindako elkarretaratzea, N.D.M.B.-ri egindako epaiketetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
2026ko urriaren 16a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bosgarren aldiz erruduntzat jo du Bilbon hainbat gizon homosexual hiltzeaz akusatuta dagoen gizonezkoa, aurreko aldietan bezala, epaiketarik egin behar izan gabe. Epaia gaur eman dute ezagutzera, ateak itxita egin den ahozko ikustaldi batean. Bertan, akusatuak berretsi egin du alderdien arteko adostasun akordioa; eta defentsak iragarri du ez duela errekurritu nahi. Beraz, epaia sendoa da. N.D.M.B.-ri hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri diote, 2021eko irailaren 2an izandako hilketagatik. Hilketa, etxean indarkeriaz lapurreta egitea eta txartela iruzurrez erabiltzeagatik iruzur egitea egotzi dizkiote.

89

Jarri dizkioten espetxe urteen batuketa. N.D.M.B.-k bost zigor jaso ditu guztira: frogatutzat jo dituzte lau hilketa eta hilketa saiakera bat. Guztira, 89 urte baino gehiagoko kartzela zigorra dauka. Epai horietatik hiru sendoak dira.

Frogatutzat jo dute akusatua biktimarekin harremanetan jarri zela gizonentzako ligatzeko aplikazio baten bidez; eta kondenatua izateko gertakariak «diskriminazio testuinguru batean gertatu zirela, non akusatuak biktimaren aurkako erasoa hautatu eta egin baitzuen, haren sexu orientazio homosexualaren aurka zegoelako».

Epaiaren arabera, 2021eko irailaren 2an, akusatua biktimaren etxera joan zen, sexu harremanak izateko aitzakiarekin, «baina bere biziarekin amaitzeko eta bere gauzak eskuratzeko benetako helburuarekin, biktimaren sexu orientazioa dela eta».

Akusatuak «biktima ito egin zuen, eta horrek eragin zion heriotza». Baina ezin izan dute zehaztu «nola egin edo zer erabili zuen». Horren ostean, biktimaren banku kontutik hainbat transferentzia egin zituen; eta, ondoren, biktimaren hainbat objektu hartu zituen eta horiek saldu. Legez kontrako banku transferentzien zenbatekoa eta lapurtutako ondasunen balioa 1.309 eurokoa izan zen.

Bizkaiko Auzitegiak 13 urteko espetxe zigorra ezarri dio, giza hilketa delitu baten egilea izateagatik; lau urte eta hiru hilabetekoa, etxean indarkeriaz lapurtzeagatik; eta urtebete eta bederatzi hilabetekoa, txartela iruzurrez erabiltzeagatik.

Gainera, akusatuak 15.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimaren zortzi anai-arrebetako bakoitzari, eragindako kalte moralengatik; eta 1.309 eurokoa oinordekoei, bidegabe lortutako diruagatik.

Epaiketaren zain

Oraindik epaiketaren zain daude Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriro ireki zuen homizidio kasu bat, eta beste bat hilketa saiakeragatik. Azken gizon horrek ihes egitea lortu zuen, eta gertakariak salatu zituen. Gutxienez, bost hilketa eta bi hilketa saiakera leporatzen dizkiote.

ORAIN ARTEKO ZIGORRAK

  • 2026ko urriaren 16a. 19 urteko kartzela zigorra, 2012eko irailaren 2an gizon bat hiltzeagatik. Alderdien arteko akordio bati esker iritsi da epaia, eta lehen aldiz ezarri zaio orientazio sexualagatiko diskriminazioaren astungarria. 
  • 2026ko irailaren 18a. 18 urte eta 9 hilabeteko zigorra, 2021eko uztailean Bilbon gizon bat hiltzeagatik eta iruzur egiteagatik. Kasu honetan ere akordio batera iritsi zen epaiketa saihesteko.
  • 2026ko abuztuaren 18a. 24 urteko kartzela zigorra 73 urteko gizon bat hiltzeagatik eta haren telefono mugikorrarekin 3.000 euroko transferentzia egiteagatik.
  • 2026ko ekainaren 8a. 25 urte eta erdiko zigorra gizon baten hilketagatik, 2021eko urrian, eta beste baten hilketa saiakeragatik, 2021eko abenduan.
  • 2024ko hasiera. 2 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra gizon hil baten banku txartelarekin 6.300 euro baino gehiago ateratzeagatik.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA