Epaileek beste urrats bat egin dute lan deialdi publikoetako euskara eskakizunen aurkako oldarraldian. 2025aren amaieran, Bilboko epaitegi batek bertan behera utzi zuen GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen deialdi bat, gizarte integrazioko goi mailako hogei teknikariei zegokiena, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» zelakoan; orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du ebazpen hori, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez du asmorik Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko. El Correo egunkariaren arabera, beste deialdi bat egingo dute.
Gizarte integrazioko goi mailako teknikarien hogei postu atera zituzten lehiaketa publikora, eta haietatik hemezortzitan C1 maila eskatzen zuten. Lanpostuen %90 ziren horiek, baina, EAEko Auzitegi Nagusiaren iritziz, legeak ezartzen duen indizea da aplikatu daitekeen gehienekoa: %46,47, kasu honetan. Euskara eskakizun horrek hautagai erdaldunak «baztertzen» zituen, ebazpenaren arabera. Zortzi hautagaik aurkeztu zuten lan deialdi publikoaren kontrako helegitea.
Magistratuek zera gehitu dute: «Gizarte integrazioko teknikariaren lanbidearen ezaugarria da pertsona kalteberei laguntzeko lanak egitea, eta, kolektibo horietan, euskararen erabilera oso txikia da, gaztelaniaren erabileraren aldean».
Foru iturriek argitu dute ez dutela Espainiako Auzitegi Gorenera joko, «ildo bereko beste erabaki judizial batzuk» plazaratuak dituztelako. Horregatik, deialdia aldi baterako eten zuten iazko apirilean. Iturri berberek zehaztu dutenez, asmoa da beste bat egitea, oinarriak epaian ezarritakora egokituz.