Epaileak artxibatu egin du Getxoko Irurak Bat jauregia eraisteagatik irekitako auzia

Ez du ondare historikoaren aurkako deliturik ikusi, eta prebarikaziorik ere ez dela egon ondorioztatu du. Ebazpena ez da irmoa, eta errekurtsoa jar daiteke Bizkaiko Probintzia Auzitegian.

Irurak Bat jauregia zegoen orubea, hura eraitsi ostean, 2024ko abuztuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irurak Bat jauregia zegoen orubea, hura eraitsi ostean, 2024ko abuztuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 4a
12:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregia eraisteagatik irekitako auzia artxibatu du Getxoko Auzitegiaren Instrukzio eta Arlo Zibileko 2. atalak. Hamar pertsona zeuden ikerketapean, tartean Getxoko EAJko hiru zinegotzi ohi: Irantzu Uriarte, Ignacio Uriarte eta Iñigo Urkitza. Epaileak ondorioztatu du ez dela ondare historikoaren aurkako deliturik izan, ezta prebarikaziorik ere, eta auzia behin betiko artxibatzea erabaki du. Ebazpena, hala ere, ez da irmoa, eta Bizkaiko Probintzia Auzitegian helegitea aurkez dakioke.

Erabakiaren oinarrian, besteak beste, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak aurretik emandako epai bat dago. Epai hartan, auzitegiak ondorioztatu zuen Euskal Kultur Ondarearen Legea indarrean sartzeak ez zituela automatikoki bihurtzen eraikinak babestu beharreko kultur ondasun. Horrenbestez, epaileak ondorio hori zuzenean aplikatu dio Irurak Bat jauregiari. Autoaren arabera, eraikina ez zegoen Euskal Kultur Ondarearen erregistroan, ezta Oinarrizko Babeseko Kultur Ondasunen erregistroan ere. Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ageri zen soilik, udalaren zaintzapean zegoen eraikin gisa.

Epailearen iritziz, ezin zaio Irurak Bat jauregiari oinarrizko babeseko kultur ondasun bati dagokion araubidea ezarri udalaren zaintzapean egote hutsagatik. Derrigorrezko baldintza hori baztertuta, ondorioztatu du eraisketa egiteko aukera bazegoela indarrean zegoen hirigintza araudiaren arabera, eta, beraz, ez dagoela ondarearen aurkako delitu bat izateko oinarri juridikorik. Irizpide bera erabili du prebarikazioari dagokionez. Autoaren arabera, eraisketa juridikoki baimendua zegoen, eta ezin da administrazioaren jarduera prebarikaziotzat jo.

Gainera, epaileak ez du baimendu auziaren barruan atzemandako gailu elektronikoen edukia eskuratzea, ateratzea, aztertzea edo miatzea. Gailu horiek Poliziaren zaintzapean jarraitu beharko dute, eta ebazpena irmo bihurtzen denean itzuli beharko zaizkie jabeei.

Bi urteko auzia

Irurak Bat jauregiaren inguruko auzia 2024ko abuztuan lehertu zen, eraikina eraitsi zutenean. XIX. mendeko eraikina zen, eta Getxoko hiri antolamenduko plan orokorrean jasota zegoen eraikina udalaren zaintzapean zegoela. Orubean luxuzko hamabi etxe eraikitzea aurreikusi zuen Biurban etxebizitza kooperatibak.

Proiektuaren inguruko susmoek, gainera, udaleko hainbat arduradunen eta sustatzailearen arteko harremanak jarri zituzten fokuan. Biurbanek 2023ko ekainean eskatu zuen eraisteko eta eraikitzeko lizentzia. Hiru hilabete lehenago, Getxoko EAJko zinegotzi Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte kooperatibako bazkide egin ziren. Biak auzian ikertuetakoen artean zeuden, Iñigo Urkitza zinegotzi ohiarekin batera.

Irurak Bat jauregiaren miaketa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ertzainak Getxoko Santa Klara eraikinean miaketak egiten, hirigintzako bulegoak dauden tokian, urtarrilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.

Eraistearen inguruan ere zalantzak sortu ziren udalaren barruan. 2023ko hasieran, udal arkitekto batek eraikina botatzearen aurkako txostena egin zuen. Ondoren, beste txosten bat eskatu zuen udalak. Azkenean, 2024ko abuztuan, jauregia eraitsi egin zuten.

Hasieran, eraisketa egiteko kontratua zuen enpresak atzera egin zuen, lanak ez zirela errentagarriak argudiatuta. Beste enpresa batek hartu zituen lanak, eta jauregia osorik bota zuten, nahiz eta emandako lizentziak ez zuen eraikinaren zati guztiak eraisteko baimenik ematen, Getxoko Udalak berak gero aitortu zuenez. Udalaren txosten tekniko baten arabera, eraisteak 730.000 euroko abantaila ekonomikoa ekarri zion sustatzaileari. Eraikina berritzea 3,2 milioi euro kostatuko zela kalkulatu zuten, eta eraitsi eta berreraikitzea, berriz, 2,5 milioi euro.

Fiskaltzara jo zuen EH Bilduk

Jauregia eraitsi ondoren, EH Bilduk udal gobernuari azalpenak eskatu zizkion, eta ikerketa batzorde bat eratzeko proposatu zuen. EAJk eta PSE-EEk ez zuten onartu. Koalizioak, halaber, udalak auzia fiskaltzara eramatea eta akusazio partikular gisa aurkeztea eskatu zuen, baina udal gobernuak ez zituen proposamen horiek babestu. EH Bilduk berak eraman zuen auzia fiskaltzara.

Getxoko Bigarren Instrukzio Epaitegiak 2024ko urriaren 21ean ireki zuen auzia. 2025eko urrian, lau pertsona ikertzen ari zirela jakinarazi zuen, eta Zigor Kodearen 321. eta 322. artikuluekin lotutako ondare historikoaren aurkako delituen zantzuak ikusi zituen. Ondoren, prebarikazio delituaren hipotesia ere gehitu zuen ikerketara.

Udalaren txosten tekniko baten arabera, eraisteak 730.000 euroko abantaila ekonomikoa ekarri zion sustatzaileari. Eraikina berritzea 3,2 milioi euro kostatuko zela kalkulatu zuten, eta eraitsi eta berreraikitzea, berriz, 2,5 milioi euro

Auzia zabaldu ahala, udal gobernuaren krisi politikoa ere handitu zen. EAJko hiru zinegotziek —auzian ikertutakoek— dimisioa eman zuten. Amaia Agirre Getxoko alkateak hainbat funtzio kendu zizkien, eta gobernuaren inguruko eztabaidak areagotu egin ziren.

Irurak Bat jauregiaren auziak bestelako ikerketa lerro bat ere ireki zuen: aurtengo urtarrilean Ertzaintzak Getxoko Udaleko Hirigintza, Herri Lan eta Ingurumen Bulegoa arakatu zuen, epailearen aginduz. Udalak orduan adierazi zuen ez zuela «inolako irregulartasunen berririk», eta espedientea ohiko prozeduren arabera tramitatu zela. Era berean, aitortu zuen promotoreak baimendutakoa baino eraisketa handiagoa egin zuenean obra geldiarazi eta zehapen espedientea ireki ziola enpresari.

EH Bilduk eta PP-k helegite bana AURKEZTUKO dute

Getxoko Irurak Bat jauregiaren eraisketari lotutako auzia artxibatzeko erabakiari helegitea aurkeztuko diotela iragarri dute EH Bilduk eta PPk.

 EH Bilduk kritikatu egin du jauregiaren eraisketaren inguruko auzi penala artxibatu izana, eta ohartarazi du erabakiak «ez duela eraisketa konpontzen» eta ez diola «erantzukizun politikorik» kentzen udal gobernuari. Koalizioak adierazi du ebazpena aztertuko duela eta, hala badagokio, dagozkion errekurtsoak aurkeztuko dituela. Era berean, salatu du udalak oraindik ez duela inolako neurririk hartu, nahiz eta eraikin babestuaren eraisketaren inguruko «irregulartasun larriak» dokumentatuta egon.

 Era berean, azpimarratu du auzi penalaren artxiboak ez dituela argitzen ikerketan agertutako zalantza guztiak, eta udal gobernuak herritarren eta udalbatza osoaren aurrean azalpenak eman behar dituela.


PPk, berriz, iragarri du ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuko duela. Eduardo Andrade Getxoko bozeramailearen arabera, epailearen erabakia ez dator bat Ertzaintzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, peritu judizialaren eta Fiskaltzaren txostenekin. Bereziki kritikatu du ikerketaren hasierako fasean bi deklarazio egin gabe geratu izana eta Ertzaintzak atzemandako gailu elektronikoak ez irekitzea.


Ahal Dugu-k ere auzia artxibatzeko erabakia kritikatu du, eta nabarmendu ebazpena behin-behinekoa dela eta errekurtsoa aurkez daitekeela. Era berean, udal gobernuari eskatu dio bere eskumenak behar bezala eta «klientelismorik eta irregulartasunik gabe» erabiltzeko. 

 

Bestalde, EAJk esan du epailearen ebazpenaren «xehetasunak» aztertu nahi dituela, baina epaileak «berretsi» egin du «EAJk orain arte defendatu duena», Maitane Ipiñazar EBBko idazkariaren hitzetan.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA