Ertzaintzak Getxoko hirigintza bulegoa arakatu du, ustezko ustelkeria kasu batean

Irurak Bat jauregia eraitsi zuten luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Udalaren lizentziak ez zien eraisteko baimenik eman, baina merkeagoa zen hori, berritzea baino.

Ertzain bat Getxoko udaletxean
Ertzainek Getxoko Santa Klara eraikinean egin dituzte miaketak, hirigintzako bulegoak dauden tokian. MIGUEL TOÑA / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2026ko urtarrilaren 14a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintza Getxoko Udaleko (Bizkaia) Hirigintza, Herri Lan eta Ingurumen Bulegoa ikertzen aritu da, Irurak Bat jauregiaren eraistearen auziarekin lotuta, El Correo egunkariak zabaldu duenez. Jauregi hori babestua zegoen, baina 2024ko abuztuan eraitsi zuten luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Biurban etxebizitza kooperatibak eraitsi zuen, eta bertako kide dira Getxoko Udaleko EAJko bi zinegotzi: Irantzu Uriarte eta Ignazio Uriarte. Hain zuzen, bi horien bulegoak ari da arakatzen Ertzaintza, Getxoko Bigarren Instrukzio Epaitegiak aginduta, kazeta horrek jakinarazi duenez.

Udalak ohar bidez adierazi duenez, ikerketa sekretupean dago, San Nikolas kaleko 11. zenbakian dagoen eraikinaren hirigintza espedientearekin lotuta. Amaia Agirre alkatearen adierazpenak helarazi dituzte, eta zera ageri da bertan: «Ez dugu inolako irregulartasunen berri. Udalari dagokionez, legearen arabera jokatu da. San Nikolas 11ko espedientea behar bezala tramitatu da, ohiko prozedurei jarraituz, eta teknikari arduradunek beharrezko txostenak egin dituzte». Gehitu duenez, promotoreak eraikinaren zati bat eraitsi zuenean, udalak azkar eta irmo jardun zuen: «Obra berehala gelditu zen, eta enpresari zehapen espedientea ireki zitzaion. Hau da, ez-betetze bat detektatzen denean, erabakiak hartzen ditugu. Eta abian den ikerketak urraketa etiko edo legalen bat egiaztatzen badu, beharrezko neurriak hartuko ditugu, irmotasun osoz».

Ondarearen aurkako delituaren zantzuak ikusten ditu auzi hori ikertzen ari den epaileak, eta horregatik dago ikerketa martxan. Izan ere, legearen arabera, jauregiaren parte bat ezin zen eraitsi, baina azkenean dena bota zuten, lanak merkatzeko. Aldi berean, Ertzaintza ikertzen ari da ea prebarikaziorik izan ote den, udaleko zenbait politikarik eta teknikarik eginda.

Eraistea merkeago berritzea baino

Getxoko Udalak egindako txosten tekniko baten arabera, 730.000 euro irabazi zituen eraisteaz arduratu zen enpresak. Eraikin historiko hura berritzea 3,2 milioi kostatuko zen, eta eraitsi ostean berriz eraikitzea, 2,5 milioi. Horrenbestez, ondorioztatu zuten enpresak 730.000 euro aurreztu zituela eraikin historiko hura modu irregularrean eraitsita.

2024ko udan jauregia bota ostean hasi zen galderak egiten Getxoko Udaleko EH Bilduren ordezkaritza. Ibon Rodriguez zinegotziak azaldu duenez, ez zuten azalpen argirik jasotzen, egiten zituzten galderen inguruko ikerketak asko luzatzen ziren, eta erantzunetan kontraesanak zeuden. Ikerketa batzorde bat eratzeari ere uko egin zioten EAJk eta PSE-EEk. Hala, erabaki zuten auzia fiskaltzara eramatea.

Irurak bat jauregia zegoen orubea, eraitsi ostean, 2024ko abuztuan. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irurak Bat jauregia zegoen orubea, hura eraitsi ostean, 2024ko abuztuan. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU

Izan ere, Irurak Bat jauregia eraisteaz enpresa batek arduratu behar zuen, Eslorak. Baina Rodriguezek adierazi duenez, atzera egin zuen, argudiatuta ez zela «errentagarria». Hilabeteko epean, 2023ko ekainean, Biurban etxebizitza kooperatibak eskatu zuen jauregia eraitsi eta han eraikitzeko baimena, Foraster arkitekto enpresarekin batera. Lizentzia hori eskatu baino hiru hilabete lehenago, EAJko bi zinegotziak, Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte, kooperatibako bazkide egin ziren. Irantzu Uriartek zinegotzi gisa baiezkoa eman zion Biurbanen lizitarioari. Bozketa hori egin zen egunean, Ignacio Uriarte ez zen bilkuran egon.

Horrez gain, enpresa batek uko egin eta besteak hartzeko hilabeteko epe horretan, hasieran kudeaketa lanak egin zituen udal arkitektoa kendu eta beste bat izendatu zuten.

Bestetik, EH Bilduk bere garaian salatu zuenez, udalak erabaki zuen enpresari 50.000 euroko isuna jartzea, irregulartasunak egon zirela onartuta. Udalak 32.000 euroraino jaitsi zien isuna, berehala ordainduz gero.  EH Bildutik eskatu zuen gutxienez 730.000 eurotara iristea ordaindu beharrekoa, enpresak legez kanpoko jarduketatik etekin ekonomikorik atera ez zezan.

EH Bilduk eskatu du erantzukizun politiko eta juridikoak argitzeko eta Getxoko Udalak ondarearen defentsa serioago bat egitea «ez baita kasu isolatua, ez da EAJk eta PSEk eraistea ahalbidetu duten lehen eraikin babestua». Halaber, gardentasuna eskatu dio udal gobernuari.

EAJk eta PSE-EEk osatzen dute udal gobernua, eta iazko azaroan onartu zuen eraiste horrek ez zituela bete emandako lizentziaren baldintzak, ez zelako hura botatzeko baimenik eman.

Krisi ugari izan ditu udal gobernuak auzi honen harira. Besteak beste, bozeramaileak aldatu dituzte. Irantzu Uriarteri eta Ignacio Uriarteri zeuzkaten funtzioak kendu zizkien Amaia Agirre alkateak (EAJ), baina gero egokitu egin zizkien funtzioak.

Eduardo Andrade Getxoko PPko eledunak alkatearen dimisioa eskatu du, «auzi hau eskuetatik joan zaiolako». Haren esanetan, «EAJ jauregiarekin lotutako auzi ilun hau estaltzen saiatu da, garrantzia kentzen», eta ikerketa batzorde bat ukatu izana salatu ondoren, han argitu beharrekoak «orain epailea argitzen» ari dela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.