Getxoko Irurak Bat jauregiaren inguruko epaiketan, udaleko bi perituek deklaratu behar zuten goizean, baina instrukzio epaileak bertan behera utzi du gaurko saioa. Hamar pertsona daude inputatuta —tartean udaleko hiru zinegotzi—, bi delitu zantzu atzeman dituelako epaileak jauregiko eraistearekin lotuta. Bata, ondare historikoari buruzkoa; eta bestea, ondare historikoarekin lotutako prebarikazioa.
Baina EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batek kolokan ipini du instrukzioa. Izan ere, Getxoko beste jauregi baten auzian, Auzitegi Nagusiak esan du udalak jauregi hura ondasun babestu izendatu izanak ez duela automatikoki babestu beharreko kultur ondare bihurtzen. Eta antzekoa izan daiteke orain ikertzen ari diren Irurak Bat jauregiaren kasua ere. Beraz, Irurak Bat auziko instrukzio epaileak aldeei galdetu die ea Auzitegi Nagusiaren epai horren ondoren kasu honen instrukzioarekin jarraitu behar duen edo ez. Hamar eguneko epea dute gaurko autoari erantzuteko.
Ikusi gehiago
Irurak Bat auziko akusatuetako batzuen defentsak aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusiaren epai hori froga berri modura. Getxoko Neguri auzoko La Aldea jauregiarekin lotuta dago. Hura eraitsi eta hutsik lotutako orubean etxebizitzak eraiki gura zituen enpresari baimena ukatu zitzaion, La Aldea udalak ondasun babestu izendatua zuelako.
Enpresak auzitara jo zuen, eta Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak udalari eman zion arrazoia. Eta EH Bilduk epai hura erabili zuen Irurak Bat auzian froga modura. Baina La Aldea eraitsi gura zuen enpresa eraikitzaileak EAEko Auzitegi Nagusian errekurritu zuen, eta ekainaren 9an ailegatu zen epaia, lehen instantziako epaileak emandakoaren kontrakoa. Auzitegi Nagusiak esan du La Aldea jauregia eraitsi daitekeela, udalak babestu beharreko ondasun izendatuta egote hutsak ez zuelako jartzen EAEko Euskal Kultur Ondarearen Legearen babespean. Getxoko Udalak gaur jakinarazi du ez diola helegiterik ipiniko EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari; beraz, behin betikoa da.