Epaileak behin-behinean espetxeratu du ostegunean Barakaldon gizon bat hiltzeagatik atxilotutakoa

Atxilotuak ez du deklaratu nahi izan, eta hilketa delitua leporatu diote. Auziaren instrukzioa Barakaldoko epaitegi batean egingo da.

Ertzaintza Barakaldon, artxiboko argazki batean. LUIS TEJIDO / EFE
Ertzaintza Barakaldon, artxiboko argazki batean. LUIS TEJIDO / EFE
jon ordonez garmendia
2026ko irailaren 5a
13:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barakaldoko lehen auzialdiko epaitegiko guardiako epaileak espetxeratu egin du ostegunean herri horretan izan zen tiroketako ustezko hiltzailea. Hilketa delitua leporatu diote, eta atxilotuak ez du epailearen aurrean deklaratu nahi izan. Behin-behineko espetxealdia ezarri dio. Auziaren instrukzioa Barakaldoko epaitegi batean egingo da.

Espetxeratu duten gizonak 48 urte ditu, eta Amurrion (Araba) atxilotu zuten, ostegunean bertan, hilketa gertatu eta gutxira. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, hildakoaren bikotekidearen bikotekide izandakoa da. Ertzaintzak ez zuen zehazki azaldu zer hipotesi ikertzen ari ziren, baina esan zuen balitekeela homizidio saiakeraren atzean auzi «sentimental» bat egotea.

Barakaldoko Lasesarre estadioaren inguruan izan zen tiroketa, osteguneko 20:30 aldera, eta hiru kartutxo aurkitu zituzten han bertan. Zauritutako gizonak odol asko galdu zuen; hedabide batzuen arabera, sabelaldean tiro bat edo bi zituen. Hab bertan artatu zuten, eta, gero, Gurutzetako ospitaleko larrialdietara eraman, oso larri. Baina osagileek ezin izan zuten ezer egin, eta han hil zen, gauean.

Ustezko hiltzailea autoan ihesean zihoala atzeman zuten, erasoa gertatu eta ordu erdira gutxi gorabehera, 21:00 aldera alegia. Ibilgailua geldiarazi, miaketa egin, eta eskopeta bat aurkitu zuten barruan, ustez tiroketan erabilitakoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA