Epaileak espetxeratu egin du behin-behinean ostegunean Barakaldon gizon bat hiltzeagatik atxilotutakoa

Ez du deklaratu nahi izan, eta hilketa delitua leporatu diote. Auziaren instrukzioa Barakaldoko epaitegi batean egingo da.

Ertzaintza Barakaldon, artxiboko argazkian. LUIS TEJIDO / EFE
Ertzaintza Barakaldon, artxiboko argazkian. LUIS TEJIDO / EFE
jon ordonez garmendia
2026ko irailaren 5a
13:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barakaldoko lehen auzialdiko epaitegiko guardiako epaileak espetxeratu egin du ostegunean herri horretan izan zen tiroketako ustezko hiltzailea. Hilketa delitua leporatu diote, eta atxilotuak ez du epailearen aurrean deklaratu nahi izan. Behin-behineko espetxealdia ezarri dio. Auziaren instrukzioa Barakaldoko epaitegi batean egingo da.

Espetxeratu duten gizonak 48 urte ditu, eta Amurrion (Araba) atxilotu zuten ostegunean bertan, hilketa gertatu eta gutxira. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, hildakoaren bikotekidearen bikotekide ohia da. Ertzaintzak ez zuen ikerketaren hipotesi zehatza azaldu, baina esan zuen balitekeela homizidio saiakeraren atzean auzi «sentimental» bat egotea.

Barakaldoko Lasesarre estadioaren inguruan izan zen tiroketa, ostegunean, 20:30ak aldera, eta hiru kartutxo aurkitu zituzten lekuan bertan. Zauritutako gizonak odol asko galdu zuen; hedabide batzuen arabera, sabelaldean tiro bat edo bi zituen. Tokian bertan artatu zuten, eta ondoren Gurutzetako ospitaleko larrialdietara eraman zuten, oso larri. Baina osagileek ezin izan dute ezer egin, eta bertan hil zen, gauean.

Ustezko hiltzailea autoa ihesean zihoala atzeman zuten, erasoa gertatu eta ordu erdi inguru geroago, 21:00ak aldera. Ibilgailua geldiarazi, miatu, eta eskopeta bat aurkitu zioten barruan, ustez tiroketan erabilitakoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA