Zinema

Euskaraz mintzo dira Zinebi jaialdiak Sail Ofizialerako hautatutako Euskal Herriko sei film laburretako bost

Gaur hasiko da festibala, eta hilaren 27an bukatu. 49 lan izango dira Sail Ofizialean, eta hor lehiatuko dira Mikele Landa, Raul Barreras, Esther Escudero, Daniel Alegrete, Sonia Estevez, eta Violette Bellet eta Maia Iribarne euskal zuzendarien lanak.

Zinebiko sail ofizialean lehiatuko diren Euskal Herriko filmen zuzendariak, gaur, Bilbon.OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zinebiko sail ofizialean lehiatuko diren Euskal Herriko filmen zuzendariak gaur, Bilbon.OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko azaroaren 20a
15:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarak izango duen leku nabarmena da aurtengo notizietako bat. Gaur hasiko da Zinebi Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburraren Nazioarteko jaialdia, eta hilaren 27ra arte iraungo du programazio oparoak. Guztira 49 film hautatu dituzte sail ofizialerako; tartean, baita Euskal Herrian ekoitzitako sei lan labur ere. Mikele Landaren Neska bat desagertu da, Raul Barrerasek zuzendutako Bitartean, gero, Esther Escuderoren Siurana, Daniel Alegreteren High River, Violette Bellet eta Maia Iribarne zuzendarien Guretako eztia dokumentala eta Sonia Estevezen Onena ura da animazio lana dira sei lan horiek, eta euskaraz filmatuta daude haietako bost.

«Euskal zinema garrantzitsua da Zinebirentzat, baina jaialdia bera ere inportantea da euskal zinemarentzat»

JOSEBA LOPEZORTEGA Zinebiko zuzendaria

«Euskal zinema garrantzitsua da Zinebirentzat, baina jaialdia bera ere inportantea da euskal zinemarentzat». Joseba Lopezortega Zinebiko zuzendariak joan-etorriko azalpen horrekin azaldu du jaialdiaren eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen arteko harremana. Izan ere, Sail Ofizialean proiektatuko dituzten lan horietaz gainera, jaialdian bada Euskal Herrian sortutako lanei eskainitako beste atal bat ere: Bertako Begiradak izenekoa. Eta, hari esker, festibalak euskal sorkuntzari buruzko «ikuspegi oso zabala» eskaintzen duela azaldu du.

Aspaldi luzean, jaialdiaren irekiera emanaldian proiektatu izan dituzte Sail Ofizialean lehiatzekoak ziren Euskal Herriko filmak. Baina aldatu egin da hori aurten, eta programazioan sakabanatuta egingo dituzte proiekzioak. Horregatik, nolabait ere, programazio orokorraren baitan urtuta ikusi ahalko da Euskal Herriko sei film horiek eskaintzen duten oparotasuna.

«Hitzez erabat azaldu ezin dudan zerbait harrapatzen saiatzen naiz nire filmetan»

MIKELE LANDA Zinema zuzendaria

Dolua da Mikele Landa zinemagilearen Neska bat desagertu fikziozko film laburraren ardatzetako bat. Loaren edota lo arinaren lanbrotan hasten da lana, sehaska kanta baten doinuak lagundurik, eta hildako amonaren etxera itzultzen den neska baten inpresioak jasotzen ditu ondoren. Izan, oso lan sentsoriala baita pelikula. «Hitzez erabat azaldu ezin dudan zerbait harrapatzen saiatzen naiz nire filmetan», azaldu du zuzendariak.

Eta heriotza da Guretako eztia film dokumentalaren gaia ere. Maia Iribarnek eta Violette Belletek zuzendu dute, eta erleekin lotutako Euskal Herriko herio erritu bat du ardatz. Dokumentala da lana, baina formarekin ere esperimentatu dute.

Dokumentalaren eta zientzia fikzioaren erregistroak uztartu ditu Raul Barreras zinemagileak Bitartean, gero filmean. Geuretik Sortuak bekari esker hasi zuen proiektua, Baztanen (Nafarroa), eta bertako herritarrei bildutako hainbat lekukotza ere jasotzen ditu lanak. Baina, denboran bidaiatuz etorkizunetik etorritako bost pertsonaiak osatutako ikerlari talde bat ere aurkezten du filmak. Euren garaian jadanik desagertuta dauden giza keinuak erregistratzea da haien lana, hain zuzen ere. «Deshumaniazioa landu nahi nuen», azaldu du zuzendariak. Hori, eta baita generoen arteko batze hori ere.

Errealismoaren eta mistizismoaren artean dabil Siurana filma ere. Esther Escuderok zuzendu du lana, eta Tarragonara txangoan doan bikote bat aurkezten dio ikusleari. Erregistro errealista darabil bikotearen arteko kinka aurkezteko, baina herriko kondaira baten eraginpean eroriko da bikoteko kideetako bat, eta hor sartuko da kutsu onirikoago hori.

Kartoia eta uholdeak

Kartoizko figurekin osatu du Sonia Estevezek Onena ura da animazio lana. Natur baliabideak neurrigabe ustiatzearen arriskuei buruzko fabula bat da. Stop motion teknika baliatu du horretarako, eta kartoiekin osatu du lanaren soinu banda ere. Hitzik gabekoa da filma, baina euskarazko kantu bat entzun daiteke.

Daniel Alegretek denbora darama Bilboko High izeneko gay klubari buruzkoak biltzen. Hari buruzko dokumental bat osatu zuen duela urte batzuk, eta bertan kokatutako fikziozko film luze bat ere badu bidean. Oraingoan, ordea, fikziozko film labur bat osatu du Zinebin aurkezteko: High River. Eta, hain zuzen ere, 1983ko abuztuan hiria urperatu zuten uholdeen garaian kokatu du kontakizuna. «Kluba babesleku gisa irudikatu nahi nuen».

Hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute sei filmok. Sail Ofizialean daudenez gero, adibidez, Zinebi Sari Nagusia (8.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro) eta Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro) ere izango dituzte eskura, baita fikziozko, animaziozko eta dokumental kategorietako Mikeldi sariak ere (5.000 eurokoa bakoitza). Sail Ofizialetik kanpo, gainera, Bertoko Begiradak sailak EITB Publikoaren Saria (3.000 euro), Gazte Epaimahaiaren Saria (2.000 euro) eta Mirentxu Loiarte (H)emen Saria (2.000 euro) jasotzeko hautagai ere badira, bai eta sari ekonomikorik gabeko Unicef Saria lortzeko ere.

Aurtengo jaialdian bada beste aldaketa bat: Zinebin parte hartzeko izena eman duten filmen kopurua nabarmen jaitsi da aurten. 10.000 lan baino gehiago aurkeztu ziren iaz, esaterako, eta 3.350 film inguru izan dira aurten. Izan ere, ordainpeko bilakatu dute lanak aurkeztu ahal izateko sistema (12 euro), eta, antolatzaileen hitzetan, horren eraginez gutxitu dira hautagaiak. Joseba Lopezortega Zinebiko zuzendariak azaldu duenez, ordea, hainbat salbuespen ere baditu arau horrek, eta, ondorioz, libre izan dute izen ematea bai Euskal Herrian ekoitzitako filmek, bai eta Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian edota Munduko Bankuak diru sarrera gutxikotzat jotako herrialdeetan sortutako lanek ere.

Emakumezko zinemagileen presentzia ere nabarmendu dute antolatzaileek. Lopezortegak zehaztu duenez, programazio osoaren erdia osatzen baitute emakumezkoek zuzendutako lanek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA