Maia Iribarne Olhagarai: «Dolu sinesmenak lantzeko gogoa genuen: bereziki, erleek eta heriotzak Euskal Herrian ukan zuten lotura»

'Guretako eztia' Maia Iribarne Olhagaraik eta Violette Belletek ekoitzitako film labur bat da. Nerabe talde batekin egindako esperimentua kontatzen dute hartan, doluaren eta erleen arteko lotura tartean dela.

Maia Iribarne Olhagarai. NATHALIE GUIRONNET
Maia Iribarne Olhagarai. NATHALIE GUIRONNET
Olaia Borda Uhalde
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musikari gisa ezagutzen dute anitzek Maia Iribarne Olhagarai (Lasa, 1995), baina zinemagilea ere bada. Preseski, zinema eskolan ezagutu zuen Viollette Bellet, eta elkarrekin ondu dute Gure eztia film laburra. Donibane Garazin eta Lasan antolatzen duten Loturak festibalaren karietara estreinatu zuten, eta aste honetan Hazparneko Zinegin festibalean izan da ikusgai. Dolu erritualen eta erleen arteko harremana erakusten du filmak, bederatzi nerabeko talde baten ikuspegitik. Bilboko Zinebi jaialdiko sail ofizialerako ere hautatu dute filma, eta Bilbon aurkeztuko dute azaroaren 22an eta 25ean. 

Nola sortu zen Guretako eztia proiektuaren ideia?

Loturak festibalaren bosgarren aldia prestatzen ari ginela sortu zen ideia, iaz. Loturak 2022az geroz antolatzen dugu, Leire ene ahizpa omentzeko, eta orokorrean, doluaren inguruko hitzordu bat proposatzeko jendeari, natura eta artea uztartuz. Horren karietara, iaz gogoa genuen gaztetxoendako tailer bat proposatzeko, eta hortik atera zen dolu sinesmen baten lantzeko gogoa, bereziki erleek eta heriotzak Euskal Herrian ukan zuten lotura aztertzekoa. Horrela hasi ginen tailerra pentsatzen. Lehenik, gaia ikertzen hasi ginen gure aldetik, eta ondotik, Garazi aldeko nerabe batzuei proposatu genien bi erlezainengana joatea, bi egunez. Martxel Aizpurua erlezain eta ikerlariarengana joan ginen Zarautzera, eta, gero, Jeannot Agor erlezainarengana, Zuberoara. Horren inguruan zenbait gauza ikasten ari izan ginen bi egunez, irudi eta soinu batzuk grabatu genituen, eta poliki-poliki filma osatu. Horrez gain, Viollete, zinema eskolako beste lagun bat —Ninon Lacroix— eta ni zinema eta irudi esperimentalak lantzen ibili ginen, serigrafia eginez zinta gainean. Hainbat ardatz elkartu dira filma labur honetan. 

Nola egin duzue harremana nerabeekin? 

Garazi aldeko bederatzi gazte dira, 8 eta 15 urte artekoak. Ezagutzen ditugu, nire amaren koroan kantatzen baitute, eta gainera, hainbat proiektutan parte hartu izan baitute jadanik, bai Loturak-en inguruko dinamiketan, bai Garazin proposatu ditugun dinamiketan. Ttipiak zirelarik, adibidez, Bañolet filmean parte hartu zuten, gero Bloñ musika taldearekin ere kantatu izan dute zuzenean, iragan urtean proposatu genuen zinema tailer esperimental batean ere bai... Motibatuak dira edozer egiteko! Biziki kuriosak dira, biziki motibatuak eta argiak. Biziki talde goxoa da.

Nola landu duzue doluaren gaia?

Hasteko, pentsatzen dut gehienek usaia dutela Loturak-era jiteko; biziki hurbilekoak ditugu. Azken urteetan egin ditugun proiektu gehienen berri dute, eta gai horien inguruko sentsibilitatea dute. Hastapenetik erran genuen tailerra dolu sinesmen baten inguruan izanen zela, erleen eta heriotzaren arteko loturari buruz eta erleek ekoizten dituzten ezko kandelei buruz. Kuriositatez hurbildu dira. Guk ere haiekin batean deskubritu dugu gaia, egia erran. Eginak genituen ikerketa batzuk laburki azaldu genizkien, eta gero interesatu dira ikerlari horrekin mintzatzera joanez, sinpleki. Ezkoarendako berdin: Jeannot Agorrekin deskubritu dugu, hunkitu ahal izan dugu, eta gisa anitzetako formak eman dizkiogu. Ez zait iruditzen taburik edo zailtasunik izan denik gaiaz aritzeko, erran bezala biziki irekiak eta kuriosak baitira. 

«Maite genuen ideia: ezkoaren argia behar dela hildakoarentzat, lasaitasunera, paradisura edo goxotasun forma batera heltzeko. Eta bide beretik, bizirik garenok goxatzeko, eztia galdetzen zaiela erleei»

Zergatik deitu duzue Guretako eztia?

Guretako eztia izena bertso batzuetatik heldu da. Entzuna nuen bazirela bertso batzuk, hitz batzuk edo formula batzuk erleei erraten zitzaizkienak etxeko nagusia hiltzen zelarik. Sinesmenak dio etxeko nagusia hiltzen zelarik etxeko erleak abisatzen zirela lehenik. Eta abisu horren emateko baziren bertso batzuk. Bagenekien existitzen zirela, baina ez genituen sekula irakurriak. Martxel Aizpuruaren ikustera izan garelarik, preseski, norbaitek pasatu zizkion bertso batzuk atera zizkigun, paper batean inprimaturik: Amikuze eskualdean bilduak izan ziren. Bada formula hori: «Erletxo, egin ezazue otoi ezko anitz hildakoarentzat, eta guretako eztia». Ez da arras horrela errana, baina hortik heldu da guretako eztia. Maite genuen ideia: ezkoaren argia behar dela hildakoarentzat, lasaitasunera, paradisura edo goxotasun forma batera heltzeko. Eta bide beretik, bizirik garenok goxatzeko, eztia galdetzen zaiela erleei. Ederra atzematen genuen lotura hori.

Bestalde, proiektuan gertatutakoari oihartzun egiten zion: gazte horiek koru batean kantatzen dute elkarrekin, eta, beraz, aski espontaneoki hasten ziren kantuz, plazer handia hartzen baitute elkarrekin kantatzen. Loturak-en ere anitz elkartzen gaitu kantuak, eta kantuak badu egiazko leku bat dolu prozesuan. Beraz, aski ederra izan da ikustea nola kantuak bete duen eztiaren funtzio hori. Gazte horien eskaintza bat izan da, nolazpait, beren jakintzaren berri eman diguten guzientzat.  

Doluaren inguruko praktikak galdu direla erranen zenuke? Edo eraldatu direla?

Argi da doluaren inguruko praktikak galdu direla. Eta orain, agian, eraldatzeko beharra identifikatzen dugu gehiago. Eskala ttipian, ideia horretatik abiatuz sortzen dugu Loturak festibala, nahi baititugu asmatu guri egokiak zaizkigun dolu forma batzuk. Doluaren inguruan gogoetatzeko eta kolektiboki ideiak sortzeko balio du, gure hilak omentzen segitzeko, eta bizidunok goxatzeko. 

Erlearen sinboloa Euskal Herritik kanpo ere erabiltzen da. Nola baliatzen dute beste herrialdeetan? 

Ez dugu ikerketa luzerik egin, baina filmaren ikerketa prozesuan deskubritu dugu heriotza bat badelarik erleen abisatzearen praktika hori ez dela bakarrik Euskal Herrikoa. Ingalaterrako erregina hil zelarik, etxeko erlezaina joan omen zen segidan erleen abisatzera. Halere, Martxel Aizpuruak erraten zigun ez zuela sekula topatu ikerketa orokorrik bidea ematen duenik jakiteko munduko zer lekutan badiren horrelako sinesmenak. Gure taldeko gaztetxoak animatzen zituen ikertzera, kuriositatea izanez gero. Doike, badira hainbat lekutan; dena den, erleen inguruan bada misterio handi bat. Anitz kulturatan abere sakratuak dira, misterio handikoak baitira, eta ez baitakigu zuzen zer pasatzen den kofoinaren barnean, zehazki zerendako eta nola egiten dituzten gauzak. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA