Garbi Losada antzerki zuzendari, dramaturgo eta aktorea hil da, 67 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Getxon (Bizkaia) jaio zen, 1959an, Donostian garatu zuen ibilbide profesionalaren parterik handiena, eta lan handia egin zuen euskal antzerkiaren sorkuntza eta ekoizpen egiturak sendotzen, bereziki 1990eko hamarkadatik aurrera.
Ados Teatroa konpainia sortu zuen 1994an, Jose Antonio Vitoria kudeatzaile eta ekoizlearekin batera. 30 urte baino gehiagoan, berrogei antzezlanetik gora zuzendu eta idatzi zituen konpainiarentzat, euskarazko eta gaztelaniazko sorkuntza uztartuta, literatura garaikidea oholtzara eramanda eta gizartearekiko konpromisoa lanen ardatz bihurtuta. Euskal antzerkiaren Ganbila datu baseak 99 parte hartze eta 41 obra jasotzen ditu haren izenean.
«Ez nuen inoiz pentsatu lanbide bat izan zitekeenik», aitortu zuen Argia aldizkariari emandako elkarrizketa batean. Irakasletza eta Pedagogia ikasketak egiten ari zela hasi zen antzerkigintzan, eta Tanttaka konpainiaren sorreran parte hartu zuen ikaskideekin batera. Hasierako urteetan, irakaskuntza eta antzerkia uztartu zituen, baina, pixkanaka aktore lana alde batera utzi, eta dramaturgiari eta zuzendaritzari heldu zien. Tanttaka konpainian hamalau bat urte egin ostean, beste bide bati ekin zion Ados Teatroarekin: sorkuntza artistikoa, ekoizpena eta banaketa uztartu zituen han.
Losadaren lanik ezagunenetako bat Gus eta Gas (2000) izan zen. Lan horri esker, euskarazko antzerki egile onenaren Max saria jaso zuen 2001ean. Lotsa gabe lanarekin, berriz, Donostiako Udalaren Donostia antzerki saria eskuratu zuen. Haren sorkuntzaren beste alderdi bat drama eta literatura uztartzeko gaitasuna izan zen: Maitasun ostean maitasuna (2014) lanean, esaterako, maitasuna, memoria, zahartzaroa eta alzheimerra landu zituen. Obra horrengatik Donostia antzerki saria jaso zuen 2016an.Â
Losadak euskarazko antzerkigintzari egindako ekarpena zabala eta askotarikoa izan zen, egile, bertsio egile eta zuzendari gisa, besteak beste. 1986an hasi zuen bere ibilbide oparoa, Ondoloin lanarekin, eta, ondoren, oholtzara eraman zituen hala berak sortutako obrak nola beste egile batzuen testuak. Haren lanen artean daude Ezkon gaua (1995), Lamiak (1996), John Wayneren laguna (2002), Einstein (2005), Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela (2008), Dublindarrak (2018), Igel euria (2020), Kopaz kopa (2021) eta Lagun beltz asko (2022). Bernardo Atxagaren, James Joyceren, Daniel Defoeren eta beste hainbat egileren obrak ere egokitu zituen euskaraz taularatzeko, eta kaleko antzerkia eta antzerki musikala ere landu zituen.
Azken urteetan antzerki inklusiboan sakondu zuen, gizarte bazterketako arriskuan zeuden kolektiboekin lan eginez. Haren azken ekoizpena 52 hertz izan zen, Jose Antonio Vitoriarekin batera idatzia. 2025ean sortutako lan horrek nahi gabeko bakardadea zuen ardatz, eta barne hartzen zituen hainbat pertsonaren bakardade esperientzietan oinarritutako istorioak.
Babes faltarekin kezkatuta
Losadak gizartearen kezkei heltzeko eta ikusleari galderak planteatzeko tresnatzat zuen antzerkia, eta ez zuen uste konpromiso soziala eta publiko zabal batentzako lanak kontrajarriak zirenik: «Niretzat, obra komertzial bat egitea publikoari zerbait interesgarria eskaintzea da».
Antzerkiaren etorkizunaz eta hezkuntzaz ere behin baino gehiagotan hitz egin zuen. Uste zuen arte eszenikoek leku handiagoa izan behar zutela hezkuntzan, eta argi adierazi zuen: «Antzerkia matematiken pare eman beharko lukete eskoletan». Haren iritziz, antzerkiak bizitzaz eta norberaz ikasteko aukera ematen du, eta ikusleak heztea ezinbestekoa da arte eszenikoen ohitura sustatzeko.
Euskarazko sorkuntzaren egoerak ere kezkatzen zuen. Ados Teatroa konpainian euskarazko eta gaztelaniazko lanak ekoitzi zituen urte luzez, baina Losadak aitortu zuen bi bertsioak mantentzea zaila zela konpainia txiki batentzat. Kultur politikak eta baliabideak hizpide hartuta, behin eta berriro ohartarazi zuen arte eszenikoek babesa falta zutela. Izan ere, gertutik ezagutzen zituen Euskal Herriko antzerki konpainien eguneroko jarduna baldintzatzen zuten zailtasun ekonomikoak. «Konpainia baten kudeaketa, banaketa eta ekoizpen egitura oso bat mantentzea oso garestia da. Azkenean, dena dirua da», esan zuen hil aurreko agerraldi publikoetako batean, Donostiako dFeria arte eszenikoen azokaren barruan egindako solasaldi batean.