Hilberria

Garbi Losada antzerki zuzendari eta aktorea hil da, 67 urterekin

Tanttaka eta Ados Teatroa konpainien sortzaileetako bat izan zen, eta euskal antzerkiaren azken hiru hamarkadetako erreferente nagusietako bat. Dozenaka sari jaso zituen bere lanengatik, tartean Max sariak eta Donostia Antzerki sariak.

Garbi Losada, 2019ko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Garbi Losada, 2019ko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
edurne begiristain
2026ko urriaren 13a
13:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garbi Losada antzerki zuzendari, dramaturgo eta aktorea hil da, 67 urterekin. Getxon (Bizkaia) jaio zen, 1959an, Donostian garatu zuen bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena, eta lan handia egin zuen euskal antzerkiaren sorkuntza eta ekoizpen egiturak sendotzen, bereziki 1990eko hamarkadatik aurrera.

Ados Teatroa konpainia sortu zuen 1994an, Jose Antonio Vitoria kudeatzaile eta ekoizlearekin batera. Hiru hamarkada baino gehiagotan berrogei antzezlanetik gora zuzendu eta idatzi zituen konpainiarentzat, euskarazko eta gaztelaniazko sorkuntza uztartuta, literatura garaikidea oholtzara eramanda eta gizartearekiko konpromisoa bere lanen ardatz bihurtuta. Euskal antzerkiaren Ganbila datu baseak 99 parte hartze eta 41 obra jasotzen ditu haren izenean.

«Ez nuen inoiz pentsatu lanbide bat izan zitekeenik», aitortu zuen Argia aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean. Magisteritza eta Pedagogia ikasketak egiten ari zela hasi zen antzerkigintzan, eta Tanttaka konpainiaren sorreran parte hartu zuen ikaskideekin batera. Hasierako urteetan, irakaskuntza eta antzerkia uztartu zituen, baina, pixkanaka, aktore lana alde batera utzi eta dramaturgiari eta zuzendaritzari heldu zien. Tanttaka konpainian hamalau bat urte egin ostean, bide berri bati ekin zion Ados Teatroarekin: sorkuntza artistikoa, ekoizpena eta banaketa uztartu zituen han.

Losadaren lan ezagunenetako bat Gus eta Gas (2000) izan zen. Lan horri esker Euskarazko Antzerki Egile Onenaren Max saria jaso zuen 2001ean. Lotsa Gabe lanarekin, berriz, Donostiako Udalaren Donostia Antzerki saria eskuratu zuen. Haren sorkuntzaren beste alderdi bat drama eta literatura uztartzeko gaitasuna izan zen: Maitasun ostean maitasuna (2014) lanean, esaterako, maitasuna, memoria, zahartzaroa eta alzheimerra landu zituen. Azken obra horrengatik Donostia Antzerki saria jaso zuen 2016an. 

Losadak euskarazko antzerkigintzari egindako ekarpena zabala eta askotarikoa izan zen, egile, bertsio-egile eta zuzendari gisa, besteak beste. 1986an Ondoloin lanarekin hasi zuen bere ibilbide oparoa, eta, ondoren, oholtzara eraman zituen berak sortutako obrak zein beste egile batzuen testuak. Bere lanen artean daude Ezkon gaua (1995), Lamiak (1996), John Wayneren laguna (2002), Einstein (2005), Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela (2008), Dublindarrak (2018), Igel euria (2020), Kopaz kopa (2021) eta Lagun beltz asko (2022). Bernardo Atxagaren, James Joyceren, Daniel Defoeren eta beste hainbat egileren obrak ere euskarazko antzerkira egokitu zituen, eta kale antzerkia nahiz antzerki musikala ere landu zituen.

Azken urteetan antzerki inklusiboan sakondu zuen, gizarte bazterketako arriskuan zeuden kolektiboekin lan eginez. Haren azken ekoizpena 52 hertz izan zen, Jose Antonio Vitoriarekin batera idatzia. 2025ean sortutako lanak nahi gabeko bakardadea zuen ardatz, hainbat pertsonaren bakardade esperientzietan oinarritutako istorioekin.

Babes faltarekin kezkatuta

Losadaren ustez, antzerkia gizartearen kezkei heltzeko eta ikusleari galderak planteatzeko tresna zen, eta ez zuen uste konpromiso sozialak eta publiko zabal bati zuzendutako lanek elkar baztertzen zutenik: «Niretzat, obra komertzial bat egitea publikoari zerbait interesgarria eskaintzea da».

Antzerkiaren etorkizunaz eta hezkuntzaz ere behin baino gehiagotan hitz egin zuen. Arte eszenikoek hezkuntzan leku handiagoa izan behar zutela defendatu zuen, eta argi adierazi zuen: «Antzerkia matematiken pare eman beharko lukete eskoletan». Haren iritziz, antzerkiak bizitzaz eta norberaz ikasteko aukera ematen du, eta ikusleak heztea ezinbestekoa da arte eszenikoen ohitura sustatzeko.

Euskarazko sorkuntzaren egoerak ere kezkatzen zuen. Ados Teatroa konpainian euskarazko zein gaztelaniazko lanak ekoitzi zituen urte luzez, baina Losadak aitortu zuen bi bertsioak mantentzea zaila zela konpainia txiki batentzat. Kultur politiken eta baliabideen inguruan ere behin eta berriro ohartarazi zuen arte eszenikoek zuten babes faltaz. Izan ere, Euskal Herriko antzerki konpainien eguneroko jarduna baldintzatzen zuten zailtasun ekonomikoak ezagutzen zituen gertutik. «Konpainia baten kudeaketa, banaketa eta ekoizpen egitura oso bat mantentzea oso garestia da. Azkenean, dena dirua da», esan zuen hil aurreko agerraldi publikoetako batean, Donostiako dFeria arte eszenikoen azokaren baitan egindako solasaldi batean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA