Gernikako gaztetxeko kide bat 'Gernika' margolanean zintzilikatu da, gaztetxea hustu nahia salatzeko

Egurre gazte asanbladaren arabera, Gernikako Udalak «alternatiba bat» eskaini die, baina «bermerik gabekoa». Gaztetxeko eraikinean obrak egingo dituen enpresa astelehenean da hara joatekoa; eskatu dute obra atzeratu dezatela beste eraikin bat lortu arte.

'Gernika' margolanean zintzilikatu den gaztea, gaur, Gernikan. GERNIKAKO GAZTETXEKO KIDEEK UTZITAKOA
'Gernika' margolanean zintzilikatu den gaztea, gaur, Gernikan. GERNIKAKO GAZTETXEKO KIDEEK UTZITAKOA
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 22a
12:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernikako gaztetxeko (Bizkaia) kide bat Gernika margolanean zintzilikatu da gaur goizean, helburu argi bat lortzeko: gaztetxea hustu nahia salatzeko, eta Gernikako Udalari «alternatiba eraginkor bat» exijitzeko. Izan ere, Gernikako Egurre gazte asanbladak jakinarazi duenez, udalak liburutegi bat eraiki asmo du orain gaztetxea dagoen eraikinean, eta obra egingo duen enpresa astelehenean da hara joatekoa. Salatu dute ordurako gaztetxea husteko agindu diela udalak.

Oraingoa ez da Gernikako gaztetxeko kideek egoeraren berri eman duten aurreneko aldia; joan den larunbatean, hilaren 15ean, manifestazio bat egin zuten herrian. Orduko hartan kritikatu zutenez, obra prozesua «irregulartasunez beteta» dago; besteak beste, argudiatu zuten udalak ez duela jendaurrean jakinarazi obra egingo duen enpresaren adjudikazioa, ez kontratua.

Gaztetxeko kideek babes zabala jaso dute asteotan, eta azaldu dute «horren harira» udalak «alternatiba bat» eskaini diela irailaren erdialderako, baina «bermerik gabekoa». «Udalak oraindik ez du toki berri hori erosi, eta ez dugu aukerarik izan ikusteko bertan ba ote dagoen gaztetxearen proiektua aurrera eramateko beharrezko baldintzarik», gaineratu dute. Hala, proposamen bat egin dute: «Abuztuaren 24an hastekoak diren liburutegiko obrak atzeratzea, udalak alternatiba izango den eraikina erosi arte». 

Astelehenera begira daude gaztetxeko kideak, hortaz. Nolanahi ere, irmo adierazi dute ez direla joango eraikinetik: «Ez dugu aterik zarratuko beste bat ireki arte».  

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA